Ligan ere jokatu nahi dute

Osasunako bost jokalarik denboraldiko lehen aukera izan zuten Gijonen, Espainiako Kopan, eta ez zuten itxura txarrik eman«Gehiago» eskatu die Mendilibarrek Riesgo, Onwu, Torres, Etxaide eta Rubeni

Iruñea
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ligako emaitza bolada txarra amaitzerik ez zuen lortu Osasunak herenegun, Molinonen, baina itxura txarrik ez zuen eman Jose Luis Mendilibarren taldeak. Sasoiko lehen aukera izan ostean, gainera, hainbat jokalarik erakutsi zuten ligan ere euren ekarpena egin dezaketela. Manu Onwu, Roberto Torres, Jon Etxaide, Ruben Gonzalez eta Asier Riesgoren kasua da hori.

1. Asier Riesgo

Debako atezainak ez zuen partidarik aproposena izan bere maila erakusteko. Sportingek gola sartu zuen Riesgoren ate ingurura gerturatu zen lehendabiziko aldian —atzelariek salduta utzi zuten—; hortik aurrera, etxekoek ez zuten erremate bakar bat ere egin. «Ez dut lan egiteko aukerarik izan, baina bagenekien aurretik jarriz gero euren atean golik ez jasotzea izango zela lehentasuna, eta halaxe gertatu da», adierazi zuen Riesgok partida amaieran, etsita. Hargatik, taldekideei segurtasuna eman zien Realeko atezain ohiak. Areatik irtenda baloia oinarekin erabili behar izan zuenean ez zuen urduritasunik erakutsi; Osasunak atepean ez dauka arazorik. Hori bai, Andres Fernandezen maila onak ligan aukerarik gabe utziko du berriz.

2. Manu Onwu

Gauza politak erakutsi zituen harrobiko aurrelari gazteak. Ez zuen erakutsi atzelariak behar bezalako grinarekin estu hartzeko indarrik, baina erdiko bi atzelarien artean kokatuta, erreferentzia gisa jokatzeko balio du. Kontrol onak egin zituen, taldekideei irteera ematen ahalegindu zen, eta bere jokaldi on baten ostean izan zuen Masudek partidako aukerarik argiena. Duen mugikortasuna baliagarria izan daiteke Osasunarentzat, baina badirudi Kike Sola eta Joseba Llorenteren atzetik jarraituko duela. Golak behar ditu taldeak, eta, tamalez, ez da hori haren dohain nagusia.

3. Roberto Torres

Bikain hasi zen, baina, minutuak pasatu ahala, behera egin zuen. Taldeari erasoan falta duen argitasuna eman diezaioke. Lotsagabea da, ez du bitan pentsatzen jaurtitzeko, eta teknikoki aparta da, bai paseak ematean, baita buruz buruko jokaldietan ere. Gaztea da, eta gauza asko ditu hobetzeko. Bigunegia izatea leporatzen dio Mendilibarrek, baina laster izango du ligan jokatzeko aukera. Fisikoki indar apur bat falta zaio, baina hamasei gol sartu zituen iragan sasoian Osasuna Bn; faltak zein kornerrak ondo ateratzeko gaitasun ikusgarria dauka. Harrobiko azken harribitxia da. Jarraitutasuna falta zaio orain.

4. Jon Etxaide

Erdiko atzelaria zen, hegalera mugitu zuten arte. Huescan utzita egin zituen bi sasoietan atzeko bi hegaletan jokatu zuen; eskuinean aritu zen Gijonen. Sportingen, bere hegaletik egin zuen golaren erdiraketa, baina Puñalek zelai erdian inozo galdutako baloi baten ostean, atzealde osoa geratu zen lekuz kanpo. Teknikoki ez da oso trebea, baina grinarekin saiatzen da gabeziak estaltzen. Oier, Bertran eta Damia aurretik ditu, eta zaila izango du jokatzea.

5. Ruben Gonzalez

Osasunak defentsaren erdialdean dituen arazoak larriak izanagatik, Rubenek ez du aukerarik izan bere balioa erakusteko. Ez da taldeko erdiko atzelaririk onena, baina balekoa dela erakutsi zuen Gijonen; atzean sendo aritzeaz gain, geldikako jokaldietan errematatzaile ona izan daitekeela erakutsi zuen. Deialdietatik kanpo egotera ohitu da, eta konfiantza falta du. Baina Lolok adina ekarpen egin diezaioke taldeari.

6. Flaño, Masud eta Loe

Aukera batzuk izan arren, aspaldian indarra galduta zeuden beste jokalari batzuk ere aritu ziren Molinonen. Flañok lan txukuna eta serioa egin zuen; goitik zetozen baloietan nagusitasuna erakutsi zuen. Masud onena izan zen, eta erasoan baliabide ugari dituela erakutsi zuen. Eta zelai erdian, Raoul Loek ere ondo egin zituen gauzak. «Gehiago» eskatu behar zaiela azpimarratu zuen Mendilibarrek, baina aukerak behar dira horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.