Jon Ander de la Hoz. Getariako arraunlaria

«Ligari ekin orduko hasi ginen sinesten ondo ibiliko ginela»

KAE 1 liga irabazi berri du bere herriko taldearekin, eta lau bandera astindu ditu lehiaketa horretan. Orain, San Miguel ligara igotzeko kanporaketa ondo prestatu nahi du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denboraldi handia osatzen ari da Getaria: KAE 1 liga irabazi berri du, lau bandera astindu eta gero. San Miguel ligara igotzeak biribilduko luke denboraldia. Esperantza traineruaren tostetan joaten da Jon Ander de la Hoz (Getaria, Gipuzkoa, 1992), eta «harro» dago egindako lanaz. Hori bai, arantza handi bat geratu zaio sartua: «Herriko estropada ez irabazteak eman dit pena. 2011n, oso gertu izan genuen, eta ordutik daukat arantza sartuta».

KAE 1 liga irabazi, azkeneko estropadan sekulakoa eginez, eta lau bandera. Bada zerbait...

Ikaragarri gustura gaude, harro liga irabazi izanaz. Bagenekien onena atera beharko genuela Zumaia pasatzeko sailkapen nagusian, eta halaxe egin genuen. Uste dut urteko estropada onena egin genuela igandean.

Finala zen igandekoa, liga jokoan baitzenuten, eta ez da erraza izaten finaletan onena ematea. Nola lortu zenuten?

Aste guztian Trintxerpen ibili ginen entrenatzen, estropada bezperan izan ezik, eta joan-etorriko bidaietan mentalizatzen saiatu ginen estropadarako. Gero, entrenatzaileak puntu egokia aurkitu zuen talde osoa motibatuta egoteko, eta gose ikaragarriarekin joan ginen estropadara.

Jende askok esan zuen hau estropada bukatuta: «Aurreneko luzean Getaria aurretik ikustea izan da ezberdina beste estropadekin alderatuta».

Horretara atera ginen, aurreneko luzean indartsu ateratzera. Badakigu Zumaiak sekulako lehen luzea egiten duela beti, eta oso mentalizatuta atera ginen denbora onena egitera lehen luzean; zera pentsatu genuen: «Gero helduko gara ahal den bezala bukaerara».

Ziabogan denbora onena egin zenutela jakitea zer izan zen traineru barrukoentzat?

Barrurakoan asmatu egin genuen, gainera, itsasoko zatian oso ondo etorri ginen bigarren luzearen hasieran. Kanporanzko luze onari beste hori gehitu genion, eta sekulakoa izan zen guretzat.

Ligaren hasieran Isuntza zen faborito nagusia, eta zuek ere goian ibiltzeko moduko taldea zinetela esaten zen. Zer esaten zenuten zuen artean?

Bagenekien Isuntza oso indartsu ibiliko zela, urteetako taldea izan duelako aurten ere. Zumaiarrak ere ezagutzen ditugu, eta talde indartsua izango zela uste genuen. Santurtziz asko hitz egiten zen, eta Ondarroak ere goian ibiltzeko bilakaera izan zezakeela uste genuen. Bost taldez hitz egiten genuen ohorezko txandan sartzeko. Zein zen zuen helburua liga hastear zenean?

Ohorezko txandan sartzea eta banderaren bat irabaztea. Gure txalupa ere azkar ibiltzen zela ikusten genuen. Liga hasi orduko sinesten hasi ginen oso ondo ibiltzeko moduan izango ginela.

Hala ere, kosta zitzaizuen pixka bat aurreneko trapua astintzea, laugarren estropadan irabazi zenutelako aurrenekoa.

Bai, Donostian irabazi genuen bandera hura. Zumaiak irabazitako lehen bi estropadetan, bi segundora geratu ginen aurrenekoan, eta ehuneneko batzuetara bigarrengoan. Pentsatu genuen orduan laster helduko zela gure aurrenekoa, eta heldu zen bai.

Liga ederra joan da kanpotik begiratuta, oso alde txikiak izan dituzuelako banderen lehian. Barrutik ere berdin izan da?

Hain berdindua izanda, barrutik ikusita ez da hain ederra izan, estropada guztietan dinbi-danba denak joz ibili behar izan dugulako. Zumaia tartean egotea izan da polita. Bizilagunak gara, eta polita da elkarren aurka horrela ibiltzea, betiere giro jatorrean.

Ligarik gogorrena hau izan da zuretzat?

Agian bai, baina urteekin ikasi egiten da sufritzen.

Duela lau urte hasi zineten oraingo taldea osatzen, eta hemen emaitzak.

Bai, hala da. Gu gazte kategoriatik igo ginen 2009an Euskadiko Txapelketa irabazita. Bederatzi ginen, eta Tolosako batzuk etorrita osatu genuen ontzia. Eta hor jarraitzen dugu, urte batetik bestera batzuek utzi badute ere.

Zer eman dizue Gorka Etxeberriak entrenatzaile modura?

Lehiakortasun handia eman digu; badakigu nondik datorren, Oriotik, eta hark dioen bezala: Orion bigarren egitea garai batean oso gogorra izaten zen. Teknika aldetik ere asko eman digu.

Getarian San Miguel ligako estropada izango da hurrengo urtean?

Aste bukaera gogor bat geratzen zaigu hori lortu ahal izateko, kanporaketen bi estropadetako asteburua. Aurkariak oso onak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.