Lituania defentsari esker sailkatu da Europako finalerako

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Lituaniak 64-67 irabazi zion atzo Serbiari, eta Europako Saskibaloi Txapelketako finalerako sailkatu zen. Finalerdi lehiatu eta gogorra izan zen, eta Lituaniak defentsa lan zorrotzari esker irabazi zuen. Serbiak, aldiz, faboritoa zenak, ez zuen bere eguna izan erasoan. Lituaniak bihar jokatuko du finala, Lillen (Frantzia) Espainiaren aurka. Eurobasketeko seigarren finala du, eta 2013an txapeldunorde izan zen. Bide batez, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du.

Lituaniak ezustekoa eman zuen, hein handi batean Serbiak baino hobeto jokatu zuelako azken laurdenean. Hirugarrena bost puntugatik irabazten bukatu ondoren (48-43, 30.min.), ondo kudeatu zituennekea eta faltak. Serbiak ez zuen partida ona jokatu, boladaka aritu zen, baina luzapena eragiteko zorian egon zen. 64-66 galtzen ari zela, eta hamar segundo falta zirenean, Bogdanovic baldar ibili zen azken jabetzan. Barnealdi ustez erraza zuen kontraerasoan, baina estropezu egin zuen faltaren bila joategatik.

Lituaniako onenak Valanciunas (15 puntu), Kalnietis (13) eta Seibutis (13) izan ziren. Bilbo Basketeko jokalari ohiak ardura handia hartu zuen bere gain azken bi minutuetan. Serbian Teodosic izan zen onena (16 puntu). Halere, nabarmentzekoa talde guztiak hiruko marratik izandako egun txarra: 28 hiruko bota zituzten guztira eta sei bakarrik sartu.

Euskal Kopa, Gasteizen

Europako Txapelketatik, Euskal Kopara, gaur jokatuko baitira finalerdiak Gasteizen, Mendizorrotza kiroldegian. Lehen finalerdian, IDK Gipuzkoa eta Iraurgi ariko dira (17:00), eta bigarrenean, Bizkaia Gernika eta Araski (19:30). Irabazleek bihar jokatuko dute finala (12:30).

Horiek ez dira izango eliteko euskal taldeek gaur jokatuko dituzten partida bakarrak, Retabet Gipuzkoa Basketek eta Bilbo Basketek lagunartekoa baitute Azpeitian (18:30). Bilboko taldeak, bestalde, kapital handitzearen datuak eman zituen atzo, eta 560.760 euro lortuak ditu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.