Laboral Kutxa Tourrera gonbidatu dute

Gonbidapen horrekin taldea errepidean eta bulegoetan egiten ari den lana aitortu dela nabarmendu du Ion Lazkano zuzendariak. «Guretzat sari bat da».

Ane Santesteban eta Lourdes Oiarbide. MARKEL BAZANBIDE
Ane Santesteban eta Lourdes Oiarbide Laboral Kutxako txirrindulariak. MARKEL BAZANBIDE
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 24a
19:25
Entzun

Laboral Kutxak beste urrats bat egin du Kontinetal mailatik UCI World Tour mailara igotzeko bidean. Estreinakoz, Frantziako Tourrean izango da, lasterketaren gonbidapena jaso baitu. Abuztuaren 12tik 18ra jokatuko da, eta Rotterdamdik abiatuko da; amaitu, berriz, Alpe d'Huez mendate mitikoan. Sei talde gonbidatu ditu ASOk, lasterketa antolatzen duen elkarteak, eta horietako bat da Laboral Kutxa. Horrekin, taldea egiten ari den lana aitortu du, baita azken urteetan izandako hazkundea ere.

2024an eman nahi zuen World Tourrerako pausoa Laboral Kutxak, baina azkenerako gutxigatik geratu zen kanpoan. 2026an izango du berriz horretarako aukera, eta orduan ez du huts egin nahi. Horretarako, iaz Joane Somarriba fitxatu zuen kirol aholkulari moduan. Somarribak hiru aldiz irabazi zuen Tourra. Denboraldi honi begira, berriz, Ane Santesteban eta Lourdes Oiarbide fitxatu zituen, erronka horri begira puntuak batzeko. Eta dagoeneko World Tourreko bi klasiko garrantzitsutan hartu dute parte: Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Liejan. Santesteban hamargarren izan zen Fleche Wallonen. Gainera, Espainiako Itzulian hartuko du parte —igandean hasiko da—, baita Euskal Herriko Itzulian ere. Itzulia maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da.

Ion Lazkano zuzendaria pozik azaldu da gonbidapenarekin: «Guretzat, Tourrean parte hartzea izugarria da. Lortu genezakeen gauzarik handiena. Mundu guztiak egon nahi du bertan, eta txirrindularitzaren zaleek eta hedabideek hor dute jarria arreta. Sari bat da munduko lasterketa onenean parte hartzea, eta aitortza bulegoetan eta errepidean egiten ari garen lanari. Horren guztiaren ondorio bat da, eta proiektua eta egitura sendotzeko urrats garrantzitsu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.