Lietuvos Rytaseko izarra da, eta pozik bizi da. Urteak egin ditu Europan barrena, han eta hemen: Frantzia, Turkia, Ukraina… Lituanian ari da orain, eta Euroliga ezagutzeko aukera izan du azkenean, merezita. Merezita, Khalid El-Amin jokalari ona delako (Minneapolis, AEB, 1979). Bere lorpen zerrendak eta urtetan lortutako zenbakiek ez dute zalantzarako tarterik uzten, baina Jainkoaren Ezpata ezagunagoa egin da bere itxuragatik [esanahi hori du bere izenak].
Izan ere, 90 kiloko langa gainditzen duen 1,78 metroko gizasemea da El-Amin. Saskibaloirako txikia, baina batez ere lodikotea, edo handia. Zaila da gaztetatik zama astun hori bizkarrean eramatea, eta aurrera egitea, baina El-Aminek egin du, lodikote baino gehiago jokalari fina delako. Hura lehen aldiz ikusten duenak barre egiten du suelto, eta gerri buelta mamitsu horrekin saskibaloi jokalaria nolatan izan litekeen galdetu bere buruari, baina nahikoa da haren jokoa minutu batzuetan ikustea haizeak aurreiritzi oro berarekin eraman ditzan.
«Jatea gustatzen zait, baita goserik ez daukadanean ere». El-Amin berak aitortutakoa da. Eta? Garrantzitsua al da hori kantxan ondo aritzen bada? Itxurak moztu zizkion hegoak El-Amini hamar urte atzera. NBAko ateak itxi zizkion bere itxurak, estereotipo jakin batek. Orduan, eta gaur-gaurkoz ere, joko antolatzaile azkar, sendo, gihartsu eta jauzilariak eskatzen dituelako NBAk. Bere garaian, eta gaur egun, irain moduan hartu zen, hartzen da, 1,78 metroko jokalari lodikote batek arrakasta izatea munduko ligarik onenean.
El-Aminek, ordea, joko antolatzaile azkar, sendo eta jauzilari askok ez duten dohaina du: talentua. Eta talentuduna zelako onartu zuen ernegatu gabe NBAn tokirik ez zuela izango, edo ez ziotela egingo. Merezi zuelako. Ez alferrik, NCAAko txapelduna izan zen 1999an, U-Conn unibertsitatearekin (Connecticut). Duke menderatu zuten Huskie-k, eta interesgarria da Dukeko Blue Devils famatuen bostekoa kronika honetara ekartzea: Trajan Langdon, Shane Battier, William Avery, Corey Magette eta Elton Brand. Horietako hiru NBAko izarrak dira egun, eta Langdon, Europan ari den jokalaririk onenetakoa.
17 urterekin aita
El-Aminek desorekatu zuen balantza final hartan, bere taldeko azken lau puntuak saskiratuta. Ez zuen lau urteko zikloa bukatu unibertsitatean, eta Chicago Bullsek hautatu zuen draft-ean. Sei hilabete bakarrik egin zituen han, eta Europara jo zuen. Emaztea eta alabarekin. 16 urterekin ezkondu zelako, eta aita izan 17 urterekin. Ondorengo hamarkadako laburpena erraza da. 11 puntu eta hiru asistentzia partidako Lietuvosekin, eta %62ko portzentaje bikaina biko jaurtiketetan. Aritu den talde guztietan egin du lan ona. Ia beti hamabost puntuko batez bestekoak gaindituz. Lodikotea? Bai. Fina? Baita ere. Dabiltzala erne Huertas eta Ribas.
Lodikote fina
Khalid El-Amin Lietuvos Rytaseko joko antolatzaile estatubatuarrak zama astuna eraman behar izan du bizkarrean bere kirol ibilbidean: lodikote itxura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu