Logika ilusioaren aurka

Japonia beste ustekabe bat ematen saiatuko da gaur AEBen kontra, Munduko Futbol Txapelketako finalean

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Faboritoaren logika eta iritsi berriaren ilusioa aurrez aurre izango dira gaur Frankfurteko Festhalle estadioan (Alemania, 19:45). Ez da izango nolanahiko lehia batean, gainera, AEBek eta Japoniak Munduko Futbol Txapelketako finala jokatuko baitute. Estatubatuarrentzat hirugarren finala da, eta titulua hirugarrenez irabazten saiatuko dira, kopa bigarrenez altxatu eta hamabi urte geroago. Japoniarrentzat, berriz, aurreneko finala da, eta ustekabeko zerrenda luzatzearen ilusioarekin zelairatuko dira.

AEBak beti hautagai diren arren, txapelketa hasi aurretik inor gutxik espero zuen finala da gaurkoa. Bi selekzioak hirugarren gelditu ziren euren kontinenteetako sailkapen multzoetan, eta AEBek Italiaren aurkako azken kanporaketa batean lortu zuten sailkatzea. Behin Alemanian, baina, bi selekzioek itxura sendoagoa eman dute, eta kinka larrian egon badira ere, aurrera egin dute kanporaketetan.

AEBetako selekzioak eskarmentu handiko jokalariak ditu, eta 1991n eta 1999an lorturiko loria berpiztu nahi dute. Hala balitz, kopa hiru aldiz irabazten duen lehen taldea litzateke. Atzeko atetik sartu ondoren, gora egin du Alemanian, eta finalerdietan Suedia ahaltsuari 3-1 irabazi zion, txapelketako partidarik onenean. Aurretik, final-laurdenetan, Brasil penalti jaurtiketetan kanporatu zuen. Mirari kutsuko garaipena izan zen, Abby Walmachek luzapeneko bigarren zatiko azken minututan sartu baitzuen berdinketaren gola (2-2). Walmach da taldearen ikurra, 31 urte ditu, eta hamabi gol sartu ditu Munduko Kopetan. Beste bi behar ditu inoizko golegile nagusia izateko.

Japoniak eman zuen, halere, ustekabeko handiena, final-laurdenetan ere bai. 1-0 irabazi zion Alemania etxeko talde, azken bi Munduko Kopetako txapeldun eta titulurako faborito nagusiari. Askoren iritziz, Munduko Kopetan egondako inoizko ustekabekorik handiena. Finalerdietan, berriz, 3-1 kanporatu zuen Frantzia. Japoniak, dena den, Homare Sawa bere izar nagusi eta talde zuzendariaren joko onena beharko du gaur txapelketa borobiltzeko. Izan ere, AEBek eta Japoniak hiru aldiz neurtu dituzte indarrak azken urtean, eta hiruretan Ipar Amerikako selekzioak irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.