Lointek Gernikak onartu du «huts egin» duela sexu abusuen kasuan

Taldeko zuzendariak gertatutakoaren inguruko azalpenak eman ditu, abokatuarekin batera. Berretsi dute klubak ez zuela kasuaren berri prentsan agertu zen arte.

(ID_13443056) ESPAÑA BALONCESTO ABUSOS
Lointek Gernikako jokalariak eta zuzendaritzako kideak, partida hasi aurretik. JAVIER ZORRILLA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko abenduaren 21a
07:28
Entzun

Mario Lopez entrenatzailearen aurkako salaketaren berri izan osteko lehen partida jokatu zuen atzo iluntzean Lointek Gernika saskibaloi taldeak. Zuzendaritzak hura baliatu zuen agerraldi bat egiteko eta prentsari azalpenak emateko. Taldeko zuzendari Gerardo Cardinak onartu zuen «huts egin» zutela auziaren kudeaketan: «Ez genuen salaketaren larritasunaren berri, eta horregatik ez dugu kendu lehenago kargutik».

Cardinak gaitzetsi egin zuen sexu eraso eta abusu oro, eta elkartasuna helarazi zion Lopezen aurkako salaketa jarri duen emakumeari. Baina onartu zuen kezkatuta daudela, nahiz eta neurriak hartu dituzten haurrak eta nerabeak babesteko protokoloak bete daitezen. Horretarako, Juan Torrealdai izendatu dute adingabekoen babeserako arduradun.

Lointek Gernikako zuzendariak gogorarazi du abenduaren 15ean kanporatu zutela Lopez, eta kluba bera akusazio partikular gisara aurkeztuko dela auzian. Horrez gain, iragarri zuen ezohiko batzarra egingo dutela datozen asteetan bazkideei azalpenak emateko: «Kirol klub bat da hau, azalpenak zor dizkiegu bazkideei, eta haiek erabakiko dute zer urrats egin aurrerantzean».

Carlos Soto del Castillo taldeko abokatuak ere azalpenak eman zituen agerraldian. Haren esanetan, klubak ez du salaketaren edukien berri, eta horregatik erabaki dute akusazio partikular gisa aurkeztea auzian: «Ez dakigu zer gertatu den. Gaur egun, inork ez du oraindik salaketa ikusi. Prentsak gu baino informazio gehiago du». Hala ere, onartu du klubaren erantzuna «motz» geratu zela hasieran, nahiz eta neurriak hartu zituzten gertatutakoaren berri izan orduko.

Elkartasuna

Zuzendaritzak ez ezik, Lointek Gernikako jokalariek eta ikusleek ere gertatutakoa gaitzetsi zuten. Partida hasi baino minutu batzuk lehenago, zuzendaritzako hainbat kide atera ziren kantxara, Gehiagorik ez zioen pankarta handi batekin. Ikusleek txalo zaparrada batekin erantzun zuten.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.