Etengabeko eraldaketan murgilduta dago Lointek taldea. Zortzi garaipen pilatuta, sei txirrindulari fitxatu zituen taldeak 2011tik 2012ra. «Freskotasuna lortzeko», argitu du Emilio Ramos taldeko presidenteak (Sopela, Bizkaia, 1956). Eta Eneritz Iturriagaetxebarriaren lekua betetzeko lau fitxaketa egin ditu orain, Elena Utrobina errusiarra eta Alexia Muffat frantziarra tartean. Gazteen mailatik igo dira Sheyla Gutierrez errioxarra eta Eider Merino bizkaitarra.
Bizkaia-Durango eta Lointek izango dira 2013an Euskal Herriko bi taldeak errepideko nazioarteko egutegian. Emakumezkoentzat itxaropenerako ate txiki bat da Bizkaiko taldea. Utrobina, Muffat, Gutierrez eta Merinorekin batera, beste zortzik jarraituko dute taldean: Belen Lopez, Lucia Gonzalez, Ana Usabiaga, Irene Usabiaga, Fanny Riberot, Mathilde Favre, Anna Potokina eta Julia Ilinikhek. Zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. «Loli Sansanok ez du jarraituko zuzendari lanetan, eta Jorge Sanz iruindarrak ordezkatuko du». Sei txirrindulari joan dira: Iturriagaetxebarria, Mireia Epelde, Arantxa Garcia, Maria del Mar Bonnin, Emilie Blanquefort eta Margot Ortega.
«Txirrindulariek nazioarteko egutegi lehiakor bat edukitzea» izaten da, urtero, Lointeken helburua. «Kanpoan lehiatu ezean, etxean ezin da bilakaerarik lortu. Baina dirua eta egitura ona behar dira horretarako». Frantzian, Italian, Luxenburgon, Belgikan... ibili dira orain arte lehian. «Eta Hego Amerikara joan nahian gabiltza orain, lasterketa apalxeagoetan UCIko puntuak pilatzeko».
Indarrean eta «ilusioz gainezka» ari dira lanean. Baina presidenteak onartu du emakumezko gehienentzat «oraingoz ezinezkoa» dela txirrindularitzatik bizitzea. «Maila handia lortu behar da horretarako, bekak eskuratu ahal izateko». Eta egungo egiturarekin «ia ezinezkoa» da hori. «Oinarrian lan egin behar da», zehaztu du. «Eskoletan eta kadeteetan gazte dezente dabiltza txirrindularitzan, baina mailaz maila bidean geratzen dira gehienak». Arazoa «egiturazkoa» dela onartuta ere, txirrindulariei «konpromiso handiagoa» eskatu die presidenteak. «Entrenamenduetan pixka bat estututakoan atzera egiten dute gehienek, eta eurek sinesten ez badute, ez dago zereginik. Euren esku ere badago etorkizuna».
Euskal Herrian proiektu sendo bakarra egin ote litekeen galdetuta, bereari eutsi dio. «Lointek-ekin haziz joatea daukat nik buruan». Euskal Herriko eta Espainiako egutegian «nagusi» izan nahiko luke 2013an. «Eta nazioartean beste pauso bat eman. Ea 2013an gai garen UCIren probaren batzuetan podiumera igotzeko».
Lointek, itxaropenerako ate txiki bat
Bigarren urtez jarraian, eraldaketa handia izan da Lointek taldean; sei txirrindularik utzi dute Bizkaiko taldea, Eneritz Iturriagaetxebarriak tartean, eta lau fitxaketa egin ditu, nazioartean indartzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu