Txirrindularitza. Ziklo-krosaren egoera Euskal Herrian

Lokatz giroa dago

Kantitateak bestelakoa dioen arren, Euskal Herriko ziklo-krosa ez dago bere onenean kalitateari dagokionez. Errepideak eta krisi hotsek jan egin dituzte gainerako diziplina gehienak, eta Munduko Koparik gabe geratu da Euskal Herria.

Joan den ostegunean Asteasun jokatu zen lasterketan ziklo-kroslari bat, erabat lokaztuta. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Bilbo
2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso egoera txarrean dago ziklo-krosa». Juan Mari Zurinaga Arratiako Ziklista Elkarteko presidentea (Igorre, Bizkaia, 1950) ez da gozoegi hasi hizketan. «Gure babesle ziren enpresa asko itxi egin dituzte, eta beste batzuek diru ekarpena jaitsi dute». Igorreko ziklo-krosaren errealitatea dago Zurinagaren hausnarketaren atzean. Krisiak eraginda, Munduko Kopatik kanpo geratu da aurten Euskal Herriko proba nagusia. «Noski niri ere pena ematen didala, baina oso egoera larrian gaude». Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariarena da esan hori (Eibar, Gipuzkoa, 1956). «Borondate askoko jendeak antolatzen ditu horrelako gauzak, baina...». Mutiloak berak ere badaki borondate soilarekin ez dagoela etorkizunik. «Baina erakundeok beste lehentasun batzuk dauzkagu. Txirrindularitzari dagokionez, gainera, proba mordoa antolatzen da hemen, eta denentzat ez dago dirurik». Eztabaida horretatik kanpo utzi du azken bi urteotan Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzeko bideratutako diru kopurua (Mutiloaren arabera, 150.000 euro 2011n, eta euro bakar bat ere ez 2012an).

Lokatz artean trabatuta dabil aspaldian ziklo-krosa. «Pentsa, orain hiru urtetik hona %60-70 jaitsi digute aurrekontua. Munduko Kopan geundenean, 100.000 euro ingurukoa zen aurrekontua, eta 40.000 eurora ez gara iristen orain». Sven Nys, Niels Albert eta Kevin Pauwels ahaztuta, Aitor Hernandez, Egoitz Murgoitio eta Isaac Suarez igo ziren podiumera, joan den igandean, Igorreko zirkuituan. «Txirrindulari kopuruarekin estali egiten dugu errealitatea, baina kalitatean huts egiten dugu. Maila baxuagoetan, gainera, nabaritzen da jada txirrindulari gutxiago daudela». Nahigabe ere ezin du hausnarketa baikorregirik egin Zurinagak. «Gazteek geroz eta sufrimendu gutxiago jasaten dute. Ez dago borondaterik sufritzeko eta lan egiteko».

Kantitatea-kalitatea bikoa jarri du mahai gainean Pedro Larraioz Euskadiko Txirrindularitza Federazioko ziklo-kroseko arduradunak ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1949). «Parte-hartzeari dagokionez, egoera oso ona da. Itsasondon, esaterako, 300-350 parte-hartzaile izan ziren». Larraiozek kantitatearen zaku horretan bertan sartu du lasterketa kopurua ere. «Urtean 220 proba antolatzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan». Baina kalitatean egiten dugu herren; hori da benetako arazoa. Kantitatea altua da, baina kalitatea oso baxua. Oso gutxik daukate ziklo-krosa prestaketaren oinarrian».

Hasierako azalpena gehixeago zehaztu du Larraiozek. «Ondorengoa da ziklo-krosean ari diren gehienen errealitatea: ziklo-krosean hasi ziren kadete-gazte mailan; errepidera igaro ziren gero, afizionatu mailan; eta hura utzitakoan, ziklo-krosera itzuli dira berriz. Jakina, teknikoki hutsaren hurrengoak dira gehienak». Futbolarekin alderatu du ziklo-kroseko prestaketa. «Futbol talde batean zelaiko jokalariek eta atezainek ez dute entrenamendu bera izaten, eta gauza bera gertatu beharko luke ziklo-krosean eta errepideko txirrindularitzan ere. Baina ez da halakorik gertatzen».

Ziklo-krosa hitzaren atzean gizonezkoak bakarrik sartu dituzte gehienek. «Une honetan, tamalez, Euskal Herrian anekdota hutsa da emakumezkoen ziklo-krosa». Larraiozena da azalpena. «Orain bi aste Belgikan izan nintzen bost txirrindularirekin (Isaac eta Kevin Suarez, Iñigo eta Jon Gomez eta Lierni Lekuona). Bi probatan parte hartu zuen Liernik. 23. sailkatu zen Asper-Gavereko Superprestigioan, eta zoratzen zegoen. Koksijden, berriz, Munduko Kopan, ezin izan zuen amaitu proba, itzuli bateko aldea atera ziotelako». Iritzi berekoa da Zurinaga. «Emakumezkoen ziklo-krosa gizonezkoena baino are baxuago dago. Ez dago aukerarik 30-35 emakumezko bildu eta lasterketa sendoak osatzeko».

Ziklo-krosari lotuta urte askoan ibili ostean, orain lau urte ekin zion Larraiozek Federazioko lanari, Juan Ramon Cendrerorekin batera. «Alde guztiak muturtuta zeudela ikusi genuen sartu ginenean; txirrindulariak, federazioak, antolatzaileak...». Abenduaren 30ean amaituko da lau urteko zikloa. «Eta gauza asko geratu zaizkigu bidean». Parte-hartzean eta antolakuntzan «pauso sendoak» eman dituztela aitortu du. «Baina ziklo-krosa duintzea falta zaigu, hasi eta bukatu txirrindulariak ziklo-krosean aritzea». Gehienentzat gozoegia da errepideko «goxoki» hori. «Pisu handiegia dauka errepideak, baina asko eta asko bidean geratzen dira gero, errepideko txirrindularitza ere geroz eta gordinago dagoelako».

Ziklo-krosa besterik ez daukate buruan Larraiozek eta Zurinagak, baina beste errealitate bat plazaratu du Mutiloak. «Arazo handi bat daukagu erakundeok. Urtero geroz eta diru gutxiago daukagu, eta geroz eta gehiagoren artean banatu behar dugu. Eskubaloia, saskibaloia, futbola, txirrindularitza, igeriketa, euskalgym-a... Dena nahi dugu, baina ez da posible». Larraiozek azkar desorekatu du Mutiloaren ezin hori. «Irudimena edukitzea da kontua. Belgikara joateko baliabideak badauzkagu, baina gogotsu dauden gazteak falta zaizkigu. Oker dabiltza txirrindulari gehienak, ez dutelako ikusten ziklo-krosetik bizi daitezkeela». Nysek lasterketako 9.000 euro kobratzen dituela argitu du Euskadiko Federazioko ordezkariak. «Eta beste askok 1.000 euro inguru. Lau-bost hilabeteko egutegian diru mordoa da hori. Kopuru horri gehitu taldearen egitura, gehitu sariak... Nahi duenarentzat bide bat badago hor».

Erakundeen errealitatetik haratago, beste bat ere azaleratu du Mutiloak. «Antolatzaileei dagokienez, atzetik erreleborik ez dago, eta zentzu horretan ere krisialdi handi batean sartuta gaude». Mutiloaren hitzetan, gazteek nahiago dute euren kabuz kirola egitea antolaketa lanetan hastea baino. «Agian prest daude urtean behin konpromisoa hartzeko. Baina ziklo-kros probak ez dira antolatzen egun bakarrean. Urte guztian lan egin behar da; kontratazioak, zirkuituaren prestaketa, baimenak... gauza asko dira».

«Mentalitatea da arazoa»

Irtenbide bila hasita, pare bat bota ditu Mutiloak. «Alde batetik, goi mailako hainbeste proba ez egitea da bidea, kantitatearen ordez kalitatea lehenestea. Eta, bestetik, munduko onenak bertatik bertara ikusi nahi baditugu, ordaindu egin beharko dugu. Bestela ez da bideragarria izango». Larraiozek ere bete du irtenbideen zerrenda. «Dirua ez, mentalitatea da arazoa, ohiturak aldatu behar dira, eta errepidean dabiltzan kirol zuzendariek argi ikusi behar dute ziklo-krosak ez diela kalterik egiten. Ziklo-kroserako prestatzaile on batekin asko aldatuko lirateke gauzak. Belgikara joaten garen bakoitzean argi ikusten dugu hori, eta horretarako ez da behar hainbeste diru».

Zurinagak, berriz, «argi-printza» bat ikusi du Hirumeten gisako proiektuetan. «Talde polita sortu da Egoitz Murgoitio eta Jonathan Lastraren inguruan, eta Santanderren ere beste talde bat sortu dute Suarezek-eta. Beste bizpahiru talde gorpuztuko balira, nahiko itxuroso legoke ziklo-krosa». Lokatz-giroan pauso sendoak emateko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.