Lokatza zain daukate

Bihar jarriko da abian ziklo-kroseko euskal egutegia, Karrantzako nazioarteko probarekin; 19 lasterketa ditu denera

unai zubeldia
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Nahita ere ez zuten hobeto prestatuko Euskal Herriko ziklo-kros denboraldia. Euri falta zegoela eta ez zegoela, nahikoa zalaparta izan da azkenaldian. Baina hasi dira bazterrak bustitzen, hasi dira lehenengo lokatz arrastoak azaltzen. Eta ziklo-krosak lokatza behar du berekin bene-benetakoa izan dadin. Negua, euria, lokatza, hotza... Horiek izaten dira beti ziklo-kros denboraldiaren ezaugarriak, eta zerura begira jarrita, abisua argia da: hastera doa ziklo-kroseko euskal egutegia.

Karrantzako (Bizkaia) nazioarteko probarekin hasiko da euskal barrutietako lehia, bihar, eta asteartean jokatuko da bigarren lasterketa, Muskizen (Bizkaia). Hura ere nazioartekoa izango da. Denera hemeretzi proba dauzka Euskadiko Federazioaren egutegiak, eta horietatik lau dira nazioarteko lasterketak: lehen biak, Asteasukoa —abenduaren 6an jokatuko da—, eta Igorrekoa, Munduko Koparako ere baliagarria izango dena. Abenduaren 4an jokatuko da lasterketa hori. 2012ko urtarrilaren 22an amaituko da Euskal Herriko ziklo-kros denboraldia, Ispasterko ohiko probarekin. Astebete lehenago izango da egutegiko berritasun nagusia, urtarrilaren 15ean: Baxika-Iurretako lasterketa jokatuko da egun horretan.

Aipagarria da egutegiaren irmotasuna, hiru hilabetez astero-astero egongo delako lasterketaren bat Euskal Herrian. Espainiako Txapelketa jokatuko den asteburua izango da salbuespen bakarra. Urtarrilaren 6tik 8ra jokatuko da txapelketa hori, Gandian (Herrialde Katalanak), eta abenduaren 24ko Laudioko Euskadiko Txapelketatik urtarrilaren 15eko Baxika-Iurretako probara arte ez da lehiaketarik egongo Euskal Herrian.

Euskal Herriko Kopa

Hainbat berritasunen artean bada bat aipagarria: Euskal Herriko Kopa. Izan ere, denboraldi honetan, lehenengo aldiz, 23 urtez azpiko txirrindulariek txapelketa berri bat izango dute. Bost proba puntuagarri izango ditu: Muskizkoa, datorren asteartean; Lezamakoa, abenduaren 3an; Igorrekoa, abenduaren 4an; Oñatikoa, abenduaren 18an; eta Laudiokoa, abenduaren 24an. Gipuzkoako Txapelketa Legazpin jokatuko da, abenduaren 17an, eta Bizkaikoa Zeberion, abenduaren 11n.

Biharko probari dagokionez, 10:00etan hasiko dira lehen lasterketak, kadeteenak. 12:15ean izango da elite mailako eta 23 urtez azpiko gizonezkoena; eta 13:30ean emakumezkoen elite mailakoa. Futbol zelaitik abiatuko dira proba guztiak, eta 2.637 metroko zirkuituan ariko dira lehian.

Egoitz Murgoitio eta Javier Ruiz de Larrinaga nazioarteko egutegiari begira daude denboraldi honetan, beste pauso bat eman nahi dute Munduko Kopan. Baina, egutegiak baimentzen dien neurrian, Euskal Herriko probetan ere aurre-aurrean ibiltzeko helburua daukate. Aitor Hernandez bi oilarren artean sartzen saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.