Lokatzetan garaile

Baskoniak erraz irabazi du, oso partida txarrean; orain Unicaja izango du aurrez aurre finalerdietan

2008ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun


Baskoniak erraz irabazi du, oso partida txarrean; orain Unicaja izango du aurrez aurre finalerdietan
unai gartzia

Gasteiz

Pamesa Baskonia baino txarragoa izan zen atzo. Gasteiztarrak une oro valentziarrak baino gehiago izan baziren ere, arerioak ez zuen espero zen mailaren zirkinik ere erakutsi. Talde biek partida kaxkarra jokatu zuten, aspergarria. Partida irabazteak bakarrik balio du, eta Tauk lortu zuen, modu erosoan, gainera. Orain Unicajaren aurka jokatu beharko dute Spahijaren jokalariek. Malagakoek aise kanporatu zuten Real Madril, sasoi erregularreko txapelduna, eta ziurtasun osoz, atzoko Pamesa baino irudi erasokorragoa emango dute.

Ez-ohiko hasieran, erasoak nabarmendu ziren defentsako lanaren kaltetan. Atzeko lanean lasaituta, begietan saskia baino ez zutela ekin zioten bi taldeek partidari. Baskonia izan zen defentsa sendoari beldurra kendu zion lehenengoa. Ondorioa ezin hobea izan zen etxekoentzat. Pamesak lau baloi galdu zituen errenkadan eta gasteiztarrek markagailuan alde egin zuten. Lehenengo laurdena 25-12 amaitu zen. Rakocevic ari zen erasoan Pamesari minik handiena egiten. Serbiarrak patxada handiz hasi zuen partida, ez baitzuen ohikoa duen jokaldi zororik egin.

Defentsan, aldiz, Splitterrek ezarri zuen zona barruan agintea. Brasildarraren lanak ezinean utzi zuen Garces, eta baloiak bata bestearen atzetik galtzen hasi zen. Pamesako hegoamerikarra galdurik zebilen kantxan, eta ez zen taldekideek ematen zioten baloirik jasotzeko gai (valentziarrek bederatzi baloi galdu zituzten lehen hamar minutuetan). Baskonia uztaipean nagusi zen arren, ezin zuen errebotea menperatu, eta bigarren aukera gehiegi eman zizkion arerioari. Pamesak 18 errebote hartu zituen lehen zati osoan; Baskoniak, berriz, 11 hartu zituen. Horri esker jarraitzen zuen Pamesak bizirik, jokoan eskasegi ari baitziren.

Tau erakusten ari zen nagusitasuna probestu zuen Spahijak Planinic kantxaratzeko. Kroaziarrak atzo arte ez zuen kanporaketako minutu bat bera ere jokatu, eta Prigioniri atseden emateko jokatu zituen lehen minutuak bigarren laurdenean. Antolatzaile garaia sasoiko ez dagoen arren, berekin taldeak ez zuen aurreko partidetan Prigioniren atsedenetan pairatutako txakalaldirik izan.

Kroaziarrak bezala, Singletonek ere Tauko partaide dela erakutsi nahi izan zuen. Bigarren laurdenean bera bakarrik izan zen aldaratzeak hartzeko gai. Bost errebote hartu zituen hegal-pibotak. Estatubatuarrarekin etxekoen nagusitasuna areagotu egin zen. Markagailua 40-25 zela amaitu zen lehenengo zatia. Pamesaren 25 puntuek argi utzi zuten valentziarrak oso eskas zebiltzala. Akats asko egin zituzten lehen zati guztian, eta horregatik lortu zituzten hain puntu gutxi. Ez zen izan, bereziki, Baskoniaren defentsako lanaren meritua. Baskoniak zabalik zuen finalerdietarako errepidea.



MICKEALEN LEGEZ KANPOKO BI FALTA. Etxeko zenbait jokalarik ez zuten aurrean zuten bide zabala ikusi nahi izan, eta asfaltoan harriak jarri eta jarri, tematu egin ziren. Mickealek epaileen abisua jaso zuen, protesta egiteagatik. Estatubatuarrak ez zien mehatxuei kasurik egin, jarrera oldarkor berdinarekin jarraitu baitzuen. Jarrera hori ikusita, epaileek ez zioten barkatu, eta legez kanpoko bi falta adierazi zizkioten bata bestearen atzetik. Pamesak berriro partidan sartzeko aukera paregabea zuen aurrez aurre, baino argi zegoen atzokoa ez zela valentziarren eguna.

Hala ere, Baskoniarrek ondo gainditu zuten Mickealek sortutako egoera. Erasoan Rakocevicek eta Splitterek ondo baino hobeto ulertu zuten elkar. Serbiarra normalean izaten ez duen lasaitasunarekin jokatzen ari zen minutu horietan. Hirugarren laurdenerako 23. puntua sartu zuen, eta berak lortu zuen taldearentzat partidako lehenengo hirukoa. Bere eskumuturraren berotasunak 20 puntutik gorako abantaila eman zion etxeko bostekoari. Hortik aurrerako minutuak lasaiago jokatu zituen Tauk.

Etxekoen lasaitasunak eta ganoragabetasunak ere ez zuen Pamesa suspertzeko balio izan. Valentziarrek ez zuten saskiratzeak lortzeko modurik aurkitu minutu horietan, eta partida aspergarri bezain jasanezina luzatu baino ez zuten egin, behin eta berriz. Minutuek aurrera egin ahala, geroz eta jende gutxiago zegoen harmailetan. Giro lasai horretan jokatu ziren azken minutuak. Etxekoek garaipen erraza lortu zuten. Unicajari begira jarri beharko dute orain gasteiztarrek, ezusterik ezean, finalerdia ez baita final-laurdena bezain erosoa izango.



Tau Baskonia 82

Pamesa Valentzia 61

Tau Baskonia. Prigioni (11), Rakocevic (21), Mickeal (5), Teletovic (6), Splitter (16) -hasierako bostekoa-, Singleton (12), Sergi Vidal (4), McDonald, Planinic (5) eta Jasaitis (2).

Pamesa Valentzia. Williams (10), Douglas (10), House (5), Milojevic (12), Barac (6) -hasierako bostekoa-, Garces (9), Timinskas, Oliver (7), Miralles, Claver (2) eta Alex Urtasun.

Markagailua laurdenka. 25-12, 40-25 (atsedenaldian); 56-40 eta 82-61.

Epaileak. Arteaga, Perez Perez eta Redondo. Legez kanpoko bi falta adierazi zizkioten Pete Mickeali, protesta egiteagatik (22. min.).

Bestelakoak. 8.650 ikusle Buesa Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.