Han jaiotako txirrindulari asko daude proba irabazteko faboritoen zerrendan. Horrek, ordea, ez du italiarren garaipena ziurtatzen, baina mugan ibiliko direla ziurra da. Baita probaren bilakaera hango taldeen mugimenduen araberakoa izango dela ere. Quick Stepek Paolo Bettini dauka taldean. Berak irabazi du azken bi urteetan Lombardiako Giroa, eta esku-eskura dauka Alfredo Binda mitikoaren marka berdintzea. Bindak hirutan irabazi zuen errenkadan Lombardiako Giroa, 1925. urtean hasita. Lortuko balu beste marka bat hausteko bidean jarriko litzateke munduko txapelduna, eta ez nolanahikoa. Fausto Coppik lau urtean jaso zituen besoak, 40. hamarkadan.
Bettinik ondo eta lasai ospatu zuen ortzadar maillotaren lorpena. Munduko txapelketa irabazi eta albo batera utzi zuen bizikleta aste batean, baina beste bietan serio prestatu du Lombardiako Giroa. Bettinirentzat ibilbide ezin aproposagoa du klasikoak, eta italiarrak zukua ateratzen die aldapa txikiz jositako ibilbide gaiztoei. Bettiniren alde apustu egitea da sosak irabazteko bide errazena, baina Damiano Cunego, Davide Rebellin edo Filippo Pozzatoren alde apustu egitea ere ez da txarra. Pozzatoren alde, batez ere. Egongo ez dena Danilo Di Luca da, CONIk hiru hilabeteko zigorra jarri ondoren. Pro-Tour Ligako liderra gabe, herrena geratuko da aurten Lombardiako Giroa.
Italiarrak izango dira nagusi 200 laguneko tropelean, baina ez bakarrak. Eta arriskutsuenak ere ez, agian. Frank Schleck ederki aritu zen Stuttgarteko munduko txapelketan, eta Bettini izan daiteke Luxenburgokoa aldats gora atzean utz dezaketen bakarretakoa. Cadel Evans ere nahiko txukun ari da denboraldi hondarrean, eta pentsatzekoa da Pro-Tour Liga irabazteko sariak australiarraren motibazioa nabarmen handituko duela. Valverde espainiarrak ez du proban parte hartuko azkenean, eta beste txirrindulari askoren jarduna ere zalantzazkoa da. Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchezena, adibidez. Etxeko lanak eginda ditu dagoeneko asturiarrak, eta Vueltako sasoi puntu ona galdu duela dirudi.
Euskaldunei dagokionez, zaila izango da bakarren bat saioa irabazteko lehian ikustea. Bederatzi abiatuko dira Varesetik goizean. Denak Euskaltel-Euskadi taldekoak, Peio Arreitunandia mutrikuarra (Barloworld), eta Imanol Erbiti iruindarra izan ezik (Caisse d'Epargne).
MADONNA DEL GHISALLO, EPAILE. 101. ekitaldiak hasieran du berrikuntza garrantzitsuena. Gaurko proba ez da Mendrisiotik, Suitzatik abiatuko, ohikoa izan den bezala, Varese hiritik baizik. 2008ko Munduko Txapelketa Italiako hiri horrek antolatuko du, eta probako antolatzaileek omenaldia egingo diete proba hasieran. 242 kilometro ditu klasikoak, eta bi zatitan bana daiteke ibilbidea: lehen 130 kilometroak aproposak dira ihesaldiak bilatzeko; eta azken 100 kilometroak ezin hobeak ihes egin duten guztiak harrapatu eta oilarrak mokoka hasteko. Masonna del Ghisallon hasten da, normalean, onenen arteko borroka, helmugatik 45 kilometrora.
Ghisallo pendiz gogorra da, eta behin gaina harrapatuta, ez dago jazarpena egiteko, erreakzionatzeko tarte handirik. Ghisallon taldetxo bat egiten da normalean, eta taldetxo hori Civiglio eta San Fermo della Battaglia koskatan hausten da. Azken hori Comoko helmugatik sei kilometrora bakarrik dago, eta nahikoa izaten da gainean 10 segundoko aldea, lautadan arrakasta lortzeko.
saILKaPena
UCI PRO-TOUR LIGA
1. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 227 p.
2. Alberto Contador (Discovery) 191 p.
3. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 190 p.
4. Oscar Freire (Rabobank) 182 p.
5. Davide Rebellin (Gerolsteiner) 172 p.
6. Denis Mentxov (Rabobank) 172 p.
7. Kim Kirchen (T-Mobile) 165 p.
8. Vladimir Karpets (C. d'Epargne) 145 p.
9. Alessandro Ballan (Lampre) 135 p.
10. Carlos Sastre (CSC) 127 p.