RIO16. ERAZTUN MOREA. F. Blankers-Koen

Londres 1948

XX. mendeko atletarik onena izan zen, Carl Lewisekin batera, eta parez pare. Harena da lorpena: Joko batzuetan izar nagusi eta bakarra emakumea izatea.

enekoitz telleria sarriegi
2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eta 1948koa dela lorpena. Hori da marka, meritua eta zer pentsatua ematen duena. Ordutik gaur artekoetan ez baita askotan gertatu Olinpiar Joko batzuen amaieran loria, lore eta lorpenen jabea emakumezkoa izatea. Baina 1948 hartan bai, Londres hartan bai. Fanny Blankers-Koen izan zen izarra. Urrezko lau domina irabazi zituelako bai —100 eta 200 metrokoan, 80 metroko hesidunetan eta 4x100 erreleboetan—, baina emandako erakustaldiarengatik eta erakutsitako ahalarengatik ere bai. Gehienez lau probatan bakarrik uzten zuten parte hartzen orduan, baina bereak ziren orduan altuera jauziko, luzera jauziko eta pentatloiko munduko markak ere.

Atletismoan urrezko domina irabazi zuen aurreneko herbeheretarra izaki, heroiaren pare egin zioten harrera Amsterdamen. Zalgurdian egin zuen hirian jira eta Herbehereetako erreginak Orange-Nassau ordeneko dama izendatu zuen. Hiriaren izenean, bizikleta bat oparitu zioten, gehiago korrika ibili beharrik ez izateko. «Eta hau guztia metro apur batzuetan korrika egiteagatik?», galdetu zuen orduan, eta esaldia ezagun bihurtu bere herrialdean.

Lage Vuurche izeneko herrixkan jaiotakoa zen Francina Elsje Koen, 1918ko apirilean. Disko jaurtitzailea zuen aita eta bost anaia zituen, guztiak kirolariak. Tenisean, igeriketan, gimnastikan, esgriman... aritu zen, bere entrenatzaile batek gomendio bat eman zion arte: Herbehereetan igerilari asko zituztela; atletak behar zituztela.

17 urterekin ekin zion bere ibilbideari eta Herbehereetako marka apurtu zuen 800 metrokoan. Jan Blankers entrenatzaileak —gerora senarra—, konbentzitu zuen Berlingo Jokoetarako izena eman zezan. Altuera jauzian eta 4x100ekoan aritu zen. Bietan bosgarren. Baina Jesse Owensen autografoa lortu zuela gogoratzen omen zuen berak beti. 1940an ezkondu zen Blankersekin. Markak hobetzen joan zen eta Londresen lau domina lortu zituen hartan bi haurren ama zen. Etxeko andre hegalaria ezizena jarri zioten. Munduko hogei markaren jabea izan zen abiaduran, hesietan, luzera jauzian, altuera jauzian eta pentatloian. XX. mendeko atleta onena izendatu zuten, Carl Lewisekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.