Londres, Riorako eskala

Brasilgo Olinpiar Jokoak ate-joka direla, Pistako Munduko Txapelketa jokatuko da gaurtik igandera, Londresko belodromo azkarrean

Tania Calvo, ahalegin betean, Helena Casas kataluniarra atzean duela, iaz, Munduko Txapelketan. YOAN VALAT / EFE.
unai zubeldia
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Londrestik barrena iristen da azkarren Rio de Janeirora. Kirolariek abuztua markatuta daukate aurten, baina denentzat lekurik ez dago Brasilen. Mugatu egin dute kopurua, eta Londresera joan beharra dago hegazkin txartelen bila. Lau urte atzera Olinpiar Jokoak jokatu ziren leku berean banatuko dituzte abuzturako hegaldietako batzuk. Gaurtik igandera Pistako Munduko Txapelketa jokatuko da Londresko belodromo azkarrean, eta tartean sei euskal herritar ariko dira lehian: Illart Zuazubiskar (Durango, Bizkaia, 1990), Irene Usabiaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1993), Juan Peralta (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1990), Leire Olaberria (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977), Sergio Aliaga (Cintruenigo, Nafarroa, 1991) eta Tania Calvo (Gasteiz, 1992).

Gainerakoen aukerei muzin egin gabe, baina Olaberria, Calvo eta Peraltak eman dezakete behin betiko pausoa Londresen. 39 urte bete berritan, hirugarren jokoetarako sailkatzeko erronka dauka ikaztegietarrak. Alemania eta Danimarkako txirrindularien emaitzak gertutik zaindu beharko ditu omniumean, baina gutxienez bederatzigarren amaitzen badu, Brasilen izango da. Iaz egin bezala, scratch-an ere lehiatuko da bihar. Calvo eta Peralta, berriz, abiadura probetan ariko dira. Calvok ondo bideratuta dauka taldekako abiadurako sailkapena, eta Britainia Handia eta Frantzia zaindu beharko ditu —Helena Casas izango du bikote—. 500 metrokoan eta abiaduran ere ariko da gasteiztarra, eta litekeena da keirinean ere parte hartzea. Peraltaren kasuan, abiadura proban eskura dauka sailkapena. Taldekako abiaduran ere ariko da.

Usabiaga, presiorik gabe

Peraltarekin batera, taldekako abiaduran parte hartuko du Aliagak ere —Jose Morenok osatuko du hirukoa—. Lehen hamarren artean sartzeko erronka izango du proba horretan. Zuazubiskar, berriz, taldekako jazarpeneko laukotean sartu du Salvador Melia Espainiako selekzioko hautatzaileak, Julio Alberto Amores, Xabier Cañellas eta Vicente Garcia de Mateosekin batera. Oso laukote gaztea da, eta etorkizunerako oinarriak jartzen ari dira. Usabiaga, berriz, ezeri uko egin gabe, baina presiorik gabe lehiatuko da puntuazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.