Londresen izango da

Novak Djokovic eta Rafa Nadal bihar Wimbledongo torneoko finala jokatzeko sailkatu dira

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Azkenean topo egingo dute. Bihar, All England Clubeko pista nagusian. Novak Djokovicek eta Rafa Nadalek Wimbledongo torneoko finala jokatuko dute. Denek nahi zuten finala zen, bai behintzat antolatzaileek. Azken urteetako dominatzailea eta neurria hobekien hartu dion aurkaria. Roland Garroserako espero zen finala belar gainean jokatuko da, eta zirkuituko sailkapena aldatuko dela jakinda, galdu edo irabazi, Djokovic etzi zirkuituko buru izango baita.

Biek atzo lortu zuten finalerako txartela, euren finalerdietan nagusitasun irudia emanez. Final justua da; bi onenak iritsi dira. Novak Djokovicek lau set behar izan zituen Jo-Wilfried Tsonga kanporatzeko (7-6, 6-2, 6-7 eta 6-3). Rafa Nadalek ere lau behar izan zituen Andy Murrayren aurka irabazteko (5-7, 6-2, 6-2 eta 6-4 ). Aurrenekoa galdu ondoren, beste hirurak jarraian irabazi zituen.

Djokovicek ATPko lehen postura igotzea lortu zuen atzo. Denboraldi hasiera bikaina egin du, partida bakarra galduz, baina bihar bigarrena galtzen badu ez da nahikoa kontsolamendu izango. Tsonga oldarkor hasi zen finalerdian, sarera asko igoz, baina Djokovicek kontrarioaren errebesean aurkitu zuen zuloa. Hirugarren setean gora egin zuen Tsongak, tie-break-ean 11-9 irabazi, baina laugarrenean Djokovicek bere logika inposatu zuen. Serbiarra Wimbledongo finalera sailkatzen den lehen aldia da.

Nadalentzat, berriz, bosgarren finala izango da, eta zilarrezko hirugarren trofeoa altxatzen saiatuko da. Berak beharko luke faborito —27 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta hemeretzi irabazi ditu—, baina Djokovicen bolada ikusgarriak usteak orekatu ditu. Tenislari balearra ere sasoiko iritsi da finalera; arazo fisiko batzuk igaro ditu torneoan, baina atzo Murray baino gehiago izan zen. Hiru ordu eskasetan itzali zuen etxeko zaleen kutuna. Murrayk lehen seta irabazi zuen, eta ustekabekoa eman ahal izango zuela zirudien, baina Nadalek eroso irabazi zituen hurrengo bi setak. Laugarrenean, berriz, hasieran hautsi zion sakea Murrayri, eta oso ondo kudeatu zuen abantaila hori.

Xarapova faborito

Maria Xarapovak eta Maria Kvitova torneoko ezustekoak Wimbledongo finala jokatuko dute gaur (15:00, C-e). Xarapovak 2004an irabazi zuen torneoa, eta hainbat lesio igaro ondoren, gaur Rosewater platera altxatzeko faboritoa da, set bakar bat galdu gabe iritsi baita finalera. Kvitovarentzat, berriz, Grand Slam torneo bateko lehen finala da. Bi tenislariek behin jokatu dute elkarren aurka, iaz, Menphisen, eta Xarapovak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.