Urtero bezala, klasikoak han eta hemen loratu dira martxoan eta apirilean. Loraldi ederra izan da, baina ez bereziki koloretsua, txirrindulari eta talde jakin batzuek nagusitasun handia erakutsi baitute. Gizonezkoetan, Tadej Pogacarrek (UAE) eta Mathieu van der Poelek (Alpecin) lehia basatia izan dute udaberriko ziklistarik onena izateko. Klasiko nagusietan, ez da inor egon haiei itzal egiteko moduan. Bien artean banatu dituzte udaberriko lau monumentuak: esloveniarrak Flandriako Tourra eta Lieja-Bastogne-Lieja irabazi ditu, eta herbeheretarrak, berriz, Milan-Sanremo eta Paris-Roubaix. Txanponaren beste aldean, deigarria izan da Vismaren gizonezko taldearen gainbehera. Dezentez hobeto aritu da emakumeen tropelean, baina betiere SD Worx ahaltsuaren azpitik.
Monumentalak dira
Biren arteko jokoa
Marka guztiak apurtzeko bidean dira Pogacar eta Van der Poel. Bien artean hamazazpi monumentu irabazi dituzte dagoeneko: bederatzi esloveniarrak, eta bat gutxiago herbeheretarrak. Klasiko handienen sailkapen historikoan hirugarren dago Pogacar, Constante Girardengo, Fausto Coppi eta Sean Kellyrekin berdinduta. Van der Poelek, berriz, Rik Van Looy harrapatu du. Udaberri honetan ohi baino sarriago izan dira aurrez aurre, eta hori horrela, aparteko maila eta zirrara izan dira monumentu gehienetan.
Salbuespena Lieja-Bastogne-Lieja izan zen. Van der Poelek ez zuen jokatu –ibilbidea menditsuegia da harentzat–, eta, ondorioz, aurkaririk gabe aritu zen Pogacar. Flandriako Tourrean, ordea, ahalegin handiagoa egin behar izan zuen garaipena erdiesteko. Erasoz eraso ibili zen muinoetan, harik eta Oude Kwaremonten Van der Poel gurpiletik atera zuen arte.
Milan-Sanremon eta Paris-Roubaixen, bestalde, itzalaren pare itsatsi zitzaion Alpecin taldeko txirrindularia. Pogacarren kriptonita izan da Van der Poel: harengatik ez balitz, esloveniarrak ziurrenik osatua izango zuen monumentuen bilduma. Milan-Sanremo saskian sartu ezinik dabil. Lore bat, zauri bat. Aurten Cipressan egin zuen alde, eta oso gertu izan zuen garaipena. Baita Paris-Roubaixen ere, harik eta bihurgune batean erori zen arte. Hurrena helmugan ikusi zuen Van der Poel. Halere, esloveniarrak harri eta zur utzi zuen mundu guztia harbideetan; aurrenekoz izan zen iparraldeko infernuan, eta gutxi falta izan zitzaion podiumean harri kozkorra altxatzeko.

Itzalpean distiratsu
Lidl, oso lehiakor
Ardenetako hiru klasiko nagusiak irabazteko zorian ere izan da Pogacar. Soilik Amstel Gold Racen egin zuen huts. Bestalde, Strade Bianche hirugarrenez irabazi zuen sasoi hasieran. Oro har, oso udaberri emankorra izan da UAE taldearentzat. Alpecinen, berriz, Jasper Philipsenek ez du Van der Poelen adinako distirarik izan, eta Kuurne-Brusela-Kuurnen gailendu da bakarrik. Mads Pedersenek (Lidl) ere garaipen bakarra lortu du klasikoetan, baina ez edonon, ezta edonola ere: helmugarako 57 kilometro falta zirenean ihes eginda irabazi zuen Gante-Wevelgem. Flandriako Tourrean bigarren izan zen, eta Paris-Roubaixen, berriz, hirugarren. Itzalpean utzi dute bi handiek, baina distira egin du halere. Pozik egon daitezke Lidl taldean, areago Mattias Skjelmosek Amstel ezustean irabazi ondotik.
Evenepoelen itzulera
Eta Vismaren gainbehera
Urrun gelditu da Soudal taldeak harbideetan izandako nagusitasuna. Gaur egun, Evenepoelen jiran dago eraikia taldea, eta hain justu, flandriarrak eman dio orain arte irabazitako klasiko bakarra. Evenepoelek Fleche Brabançonne klasikoan hasi zuen sasoia, baita ondo hasi ere, Wout van Aert (Visma) azpiratu baitzuen esprintean. Amstel Gold Racen ere maila aparta eman zuen, baina apalago aritu zen Ardenetako beste bi klasikoetan. Normala da oraindik indar betean ez egotea, erori eta lehiatik kanpo gelditu baitzen sasoiko lehen hilabeteetan.
Van Aertek ere ez du gorputzaldirik onena izan. Ezbeharrik ez du izan oraingoan, baina ez ezin izan du indartsuenen pare jardun. Eta are okerragoa dena: agerian gelditu da esprintean txinparta galdu duela. Horren erakusgarri izan dira Evenepoelen eta batez ere Neilson Powlessen (Education) kontra Flandrian Zehar klasikoan galdutako esprintak. Egun hartan Vismako hiru txirrindulariri gailendu zitzaien Powless. Deskalabru handia izan zuen Herbehereetako taldeak. Gizonen klasikoetan garaipen ugari lortu izan ditu ez aspaldi, baina esku hutsik gelditu da udaberri honetan.
Betikoak nagusi
Baina ez erabat
Demi Volleringen irteerak ez dio kalte handirik eragin SD Worx taldeari, klasikoetan bederen. Herbehereetako taldeak zortzi garaipen lortu ditu sasoi hasieran jokatutako hemezortzi klasikoetan, eta horietatik hamahirutan egin du tokia podiumean. Lorena Wiebes izan da nagusi, lau garaipen bilduta. Garrantzitsuena, Milan-Sanremon lortu du —hogei urteren ostean jokatu dute emakumeek—. Flandriako Tourra ere zakuan sartu du SD Worx taldeak, Lotte Kopeckyri esker. Munduko txapeldunak garaipen bakarra lortu du, Volleringek bezala —Strade Bianchen nagusitu zen hura—. Paris-Roubaixen ezin izan zuen iazko garaipena berritu, Pauline Ferrand-Provot (Visma) gailendu baitzen. Frantziarra munduko txapelduna izan zen 2014an, eta, mendiko bizikletan lorpen handiak erdietsi ostean, indartsu itzuli da errepidera.
Elisa Balsamok (Lidl) eta Elisa Longo Borghinik (UAE) bina garaipen lortu dituzte: lehena Alfredo Binda sarian eta Scheldeprijsen nagusitu zen, eta bigarrena, berriz, Flandrian Zehar klasikoan eta Fleche Brabançonnen. Puck Pieterse (Fenix), bestalde, ikusgarri aritu da Ardenetako proba nagusietan, podiumean finitu baititu hirurak. Huyko horman hura izan zen indartsuena, eta Lieja-Bastogne-Liejan soilik Kimberley Le Court (AG Insurance) izan zuen aurretik. Maurizioko txirrindularia Bizkaia-Durangon aritu zen bere ibilbidearen hastapenean, eta haren ezusteko garaipenarekin amaitu da udaberriko klasikoen sasoia.