Eskiatzailea

Ander Mintegi: «Lortutako emaitza ez da kasualitate hutsa izan»

Eskiko Juniorren Munduko Txapelketako izarretako bat izan berri da Mintegi, Les Portes du Soleileko (Frantzia) eski estazioan jokatutako proban. Super erraldoiko modalitatean hartu zuen parte, eta bigarren postuan amaitu zuen jaitsiera.

(ID_17077557754965) (/EZEZAGUNA) Ander Mintegi eskiatzailea
ANDER MIINTEGI
Unai Ugartemendia.
2024ko otsailaren 14a
05:15
Entzun

Munduko Txapelketan lortutako emaitza ezin sinetsita dabil Ander Mintegi eskiatzailea (Bilbo, 2003). Elkarrizketaz elkarrizketa dabil txapelketa amaitu zuenetik, eta, oraindik ere Italian dagoen arren, datozen egunetan itzuliko da tarte batez Euskal Herrira. Emaitza ospatu nahi du, gertukoez inguratuta, baina oinak lurrean ditu. Pasioz bizi du eskia.

Aste pare bat igaro dira jada Juniorren Munduko Txapelketan bigarren geratu zinenetik, super erraldoi modalitatean. Nola barneratu duzu orduan lortutako emaitza?

Oraindik ere harrituta nago. Askotan ikusi dut jaitsieraren bideoa, eta oraindik ere sinetsi ezinda nago lortutakoarekin. Oso pozik nago emaitzarekin, eta aurrera jarraitzeko indar gehiago ematen dit. Emaitza honek erakutsi dit saiatuz gero gauzak lortu daitezkeela, eta motibazioa emango dit hurrengo lasterketetarako.

Nola ospatu zenuen?

Oraindik ez dut oso ondo ospatu! Gertatu zenean, gurasoekin nengoen, eta pentsatutako lehenengo gauzetako bat zera izan zen, norabait joan behar nuela haiekin afaltzera lortutakoa ospatzeko. Eta horixe egin genuen. Txuleta on batekin ospatu genuen.

Nola gogoratzen duzu jaitsiera?

Jaitsieraren hasieran akats batzuk egin nituen, eta unean bertan konturatu nintzen zehatzagoa izan behar nuela handik aurrera. Ondorengo eremuan azkarrago nindoala sentitu nuen, eta konfiantza hartuz joan nintzen. Erabaki eta irmotasun handiagoarekin joan nintzen hurrengo metroetan. Amaieran berriro ere beste akats txiki batzuk egin nituen, eta orduan uste izan nuen denbora gehiegi joan zitzaidala. Orokorrean oso jaitsiera ona egin nuela iruditu zitzaidan. Atzera begiratu eta denbora ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi. Ama eta neska laguna besarkatzen ikusi nituenean konturatu nintzen zerbait handia lortu nuela.

Ez zenuen irabazi, 21 ehunenengatik. Arantza gelditu zaizu?

Oso lehia estua izan zen, eta hirugarrena ere ehuneneko bategatik aurreratu nuen. Egindako akatsengatik gelditu zait arantza, eta ez lasterketa ez irabazteagatik bakarrik. Juniorretan irabazten duenak Munduko Kopako finalean kategoria absolutuan lehiatzeko aukera du. Halere, ez nuen emaitza hau espero. Podiumeko edozein postutan amaitzea izugarria da. Oso pozik nago.

Finalaren aurreko proban jada erakutsi zenuen oso indartsu zeundela.

Bai. Bezperan, hemezortzigarren amaitu nuen jaitsieran, eta, han, bai, arantza gelditu zitzaidan. Hutsegite asko egin nituen, eta esperientzia falta nabaria izan zen. Emaitza hobeago bat ez lortu izanak sortutako amorruarekin amaitu nuen. Hurrengo egunean nire onena atera nuen.

Hiru urte daramatzazu jada Espainiako selekzioan. Urte hauetan guztietan egindako lanaren fruituak jasotzen ari al zara orain?

Nik baietz esango nuke. Iaz, sorbaldako luxazio bat izan nuen, eta, ondoren, hezurreko edema bat belaunean. Ezin izan nuen denboraldiaurre on bat egin, eta Juniorren Munduko Txapelketara joan nintzenean Saint Antonera [Austria], hilabete eta erdi besterik ez neraman eskiatzen. Ezin izan nuen nire onena atera, eta ibilbide guztietan pistatik atera nintzen. Baina lanean jarraitu nuen. Nigan konfiantza jarri zuen jendeak, eta nik motibazioa lortu nuen lehian jarraitzeko. Oso gogorra izan zen, eta horrelakoetan jende askok uzten du eskia. Oso kirol gogorra da.

Espero zenituen emaitza on horiek?

Asko harritu nau, baina banekien lortzeko gaitasuna nuela. Lehen hamarretan sartzeko gaitasuna nuela banekien, baina kirol honetan oso zaila da zein postutan amaituko duzun jakitea. Atzera begiratzen dudanean eta zenbat lan egin dudan ikusten dudanean, ez nau hainbeste harritzen. Lanean indartsu jarraitzea izan da gakoa. Lortutako emaitza ez da kasualitate hutsa izan. Atzean lan handia dago.

Horrelako emaitzek etorkizunean lanean jarraitzeko motibazioa areagotzen dute?

Azken urtea izango dut gazteen mailan, eta datorren urtean maila absolutuko mundialetara iristea izugarria izango zen. Onenen aurka lehiatzea ametsa izango zen. Motibatzeko asko lagundu dit emaitzak, baina babesleentzako ere gauza handia da. Etorkizunean nire kirol ibilbidea luzatzeko balioko dit. Oso kirol garestia da, eta materiala lortzea oso zaila da. Kirol honetan urtero erakutsi behar da bakoitzaren balioa.

Gaur egun Basque Team taldearen laguntza duzun arren, eskiaren munduan urtero erakutsi behar izaten du kirolariak bere balioa babesleek laguntza ematen jarraitzeko. Nola daramazu presio hori?

Orain arte, behintzat FIS modalitatean daramatzadan urteetan, beti bete izan ditut helburuak, eta alde horretatik ez dut presio berezirik izan, ez Espainiako selekzioko hautatzaileengandik, ezta babesleengatik ere. Hori zorte handia da! Presiorik handiena neure buruari jartzen diodana da. Beti egin nahi izaten dut aurreko lasterketa baino hobea.

Angel Calero Espainiako eski selekzioko zuzendari teknikoaren hitzetan, zuen belaunaldiko eskiatzaileena da inoizko selekziorik onena. Hainbesterako da?

Azkenaldian lore asko jasotzen ari gara [barrezka]. Halere, egia da gaur egun jauzi handiak egiten ari garela eskiaren munduan. Nire emaitza, esaterako, historiara ere pasatu omen da. Horrek ere zerbait esan nahi du. Aleix Aubert  kataluniarra ere bikain ari da. Ni baino bi urte gazteagoa da, baina nire mailakoekin lehiatzen ari da, eta lehen hamarretan sartzeko ahalegin betean dihardu. Beste domina bat lortzeko gaitasun handiak dituen eskiatzailea da.

Gustura al zaude orain arte egin duzun denboraldiarekin?

Bai. Aurten hasi naiz jaitsierako eta super erraldoiko modalitateetan. Aurreko urteetan erakutsi nuen azkarra izan nintekeela eta aurrean ibiltzeko moduan nengoela, baina inoiz ez nuen hori erakusteko aukerarik izan. Oso ondo ari naiz lehiatzen, eta oso gustura nago oraingoz.

Oraindik ere oso gaztea zara, baina, daramazun ibilbidearekin, eskiarekiko zure apustua serioa da?

Nik eskian jarraitzeko asmoa daukat. Gaur-gaurkoz oso ondo nago, baina lesioek ere zeresan handia dute kirol honetan, eta fisikoarekin kontuz ibili beharra dago. Gaztea naiz, eta lasterketetako ahaleginetatik berreskuratzeko ere ez dut ahalegin handirik egin behar. Nire helburu nagusia da Munduko Kopan lehiatzea, eta horretan lehiakorra izatea. Hori lortu arte ez dut ahaleginean etsiko.

«Nire helburu nagusia da Munduko Kopan lehiatzea, eta horretan lehiakorra izatea. Hori lortu arte ez dut ahaleginean etsiko»

Zein dira zure indarguneak eskiatzaile modura?

Ez naiz oso pertsona garaia, 1,75 inguru, baina 90 kilo pisatzen dut. Oso gantz portzentajea baxua daukat, eta gihar askoko eskiatzailea naiz. Bi gauza horiek kontuan hartuta, azkarra izan naiteke. Indar handia daukat hanketan, eta abiadurako diziplinatan errendimendua areagotu egiten da. Azkenean, azkar jaistea da helburua, eta gaitasun horiekin dena errazagoa da. Askotan, 140 kilometro orduko abiaduran jaisten gara, eta ez da erraza gorputzak horri eustea.

Zer daukazu hobetzeko?

Esperientzia pilatzea falta zait. Abiadurako probetan zeresan handia dauka esperientziak. Pistak beti berdinak dira, nahiz eta batzuetan aldaketa txikiren bat egiten duten. Horrelakoetan pistaren berezitasunak ondo ezagutzeak asko balio du. Gaur egun, horretan alde handia ateratzen didate. Fisikoan ere oraindik hobeak dira nirekin alderatuta. Fisikoa nire kontura hobetu dezaket, baina esperientzia lehiatuz pilatzen da.

Gaur egun, hainbat euskal herritar zabiltzate lehian eskiaren munduan; esaterako, Aingeru Garai, Adur Etxezarreta eta Juan del Campo. Nola da posible hori?

Jendeak uste duena baino eskiatzaile gehiago dago Euskal Herrian. Denekin erlazio handia daukat, eta asko ikasten dut haiengandik. Asko lagundu didate nire ibilbidean, eta haiek ondo lehiatzen dutela ikusteak asko motibatzen nau. Jende askok ditu gaitasunak eskiatzeko, baina askok ez dute eskiaren aldeko hautua egiten. Horiek, ordea, bai.

Bakoitzaren ezaugarri bat izateko aukerarik bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Uf, hainbeste dituzte! Zerbait esatearren, Juan del Camporen jarrera, zalantzarik gabe. Adur Etxezarretak abiadurako diziplinetarako dituen ezaugarriak ere nabarmenduko nituzke, eta Aingeru Garairen ausardia.

«Juan del Camporen jarrera, Aingeru Garairen ausardia eta Adur Etxezarretak abiadurako diziplinetarako dituen ezaugarriak nabarmenduko nituzke»

Horiek selekzioko kide eta lagunak dituzun arren, zure erreferenterik handiena Ibon izan omen da, zure anaia. Zer zor diozu hari?

Orain arte lortutako emaitza guztiak zor dizkiot. Nire ikasketarako ezinbestekoa izan da, eta gehien lagundu diten pertsona izan da. Hark ere asko borrokatu zuen bere garaian bere helburuak lortzeko, nahiz eta ez zituen denak lortu. Ez zuen Espainiako selekzioan egoteko aukerarik izan, baina, borrokan jarraitu zuen, eta Frantzian eta Estatu Batuetan lehiatzen aritu zen, unibertsitatean ikasten zegoen bitartean. Lasterketa batean hari irabazteak eman zidan indarra izan zen gakoa nik eskiatzen jarraitzeko. Lau urteren aldea dago bien artean, eta aurretik ez genuen inoiz elkarren aurka lehiatzeko aukerarik izan.

Lortutako azken emaitzengatik dena dira laudorioak, besarkadak eta zoriona. Baina zu derrigortuta hasi omen zinen eskiatzen.

Gaztetan esan nuen gauza bat da hori [barrezka]. Pitarroy Saria (Cerler, Aragoi, Espainia) irabazi ondoren esan nuen elkarrizketa batean. Laurehun parte hartzaile ginen irteeran, eta hura irabazteko aukera izan nuen. Oso urduri nengoen, eta, eskiatzen zergatik hasi nintzen galdetu zidatenean, Horixe atera zitzaidan. Geroztik, askotan gogorarazi didate esaldi hura. Orain, eta azken emaitza hau lortu ondoren, esaldia aldatu behar izan dut: «Eskerrak bere garaian gurasoek eskiatzera behartu ninduten!», esaten du orain.

Eskian zabiltzaten gehienen antzera, eta zeharka bada ere, pentsatzen dut zu ere 2026an Cortina d´Ampezzon (Italia) jokatuko diren Olinpiar Jokoei begira egongo zarela.

Oso zaila izango da han egotea. Joate hutsa oso zaila izango da. Selekzio bakoitzak parte hartzaile gutxi eraman ditzake, eta, Espainiako eskiatzaileak Munduko Kopan lortzen ari diren emaitzak kontutan hartuta, are eta zailagoa izango da. Nire helburuetako bat da, eta lortu dezakedala iruditzen zait. Hori lortzeko borrokan jarraitu nahi dut. Gaur-gaurkoz nire helburu nagusia Europako Kopan dago. Bertan emaitza onak lortuz gero, Munduko Kopan lehiatzeko aukera izango nuke, eta horrek beste guztia ekarriko luke. Datorren urterako baino, hemendik bi urterako izango da helburu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.