Saskibaloia. Espainiako Kopa. Esteban Batista. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Lortzekotan, taldeak lortuko ditu tituluak, ez nik; ez naiz Jordan»

Badaki bere etorrerak ilusio handia sortu duela, baina zuhurtzia eskatu du. «Ezin da miraririk egin egun batetik bestera». Gero eta hobeto ari dela dio, eta Baskonia ez dagoela hain gaizki.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Animoak bero samar daude Buesa Arenako kantxaren sarreran. Ordubeteko atzerapenarekin hasi da Espainiako Koparen atariko elkarrizketa saioa, eta haserretu egin dira taldearen jarraipena egin duten argazkilari eta kazetariak. Esteban Batista (Montevideo, 1983) haserre ez, harrituta dago kazetari eta argazkilari festa ikusi duenean. Hamar bat aldiz erantzun ditu antzeko galderak, baina pazientziaz eutsi dio galdera zaparradari.

Hilabete pasa da dagoeneko Fuenlabrada utzi eta Baskoniara etorri zinenetik. Zer moduz doa aldaketa?

Bueno, nahiko ondo, egunak aurrera doazen heinean hobeto. Niretzat berria da egoera, denboraldi erdian taldez aldatzea ez da erraza, eta hor ari naiz, borrokan. Taldekideak laguntza handia ematen didate, eta ni ere ahalegintzen ari naiz, egokitze prozesu hori ahalik eta laburrena izan dadin.

Ezberdintasun handia al dago Fuenlabradan jokatu, edo Gasteizen jokatu?

Bai, jakina. Norbaitek etxez, bikotez edo lantokiz aldatzen duenean bezala. Jendea ezagutu behar duzu, eta prozesu horrek bere denbora darama. Azkartu ezin duzun denbora, gainera.

Eta kirol arloan? Exijentzia handiagoa dela nabaritu al duzu?

Bueno, ez hainbeste. Lehenago ere Tel Aviveko Maccabin jokatu dut, eta han kirol exijentzia eta komunikabideen presioa handia da. Exijentzia horrek mesede egiten dit niri, ez kalte, izaera garailekoa naizelako.

Sistema, lan saio maila... oso ezberdinak al dira bi taldeak?

Bai, entrenatzaile bakoitzak bere sistemak dituelako. Horiek barneratzea da orain nire lehentasuna.

Zure fitxaketak ilusio olatua eragin zuen Gasteizen. Jakina zen taldeak zulo handia zuela saskipean, eta zure etorrerak arazo asko estaliko zituela esan zen. Zein iritzi duzu zure etorrerak sortutako poztasunaz?

Polita da, baina burua hotz eduki behar da, badaezpada. Lortzekotan, taldeak lortuko ditu tituluak, ez nik. Ni ez naiz Michael Jordan, ezin dut miraririk egin, eta egun batetik bestera ez dut dena aldatuko. Erregulartasuna da lortu nahi nukeen lehen gauza, eta intentsitate handiarekin jokatzea, batez ere etxean.

Zaleek asko eskatzen dute, baita Dusko Ivanovicek ere. Zer moduz berarekin?

Ondo. Entrenatzaile mitikoa da, Europako toki guztietan ezagutzen dute, eta hori zerbaitegatik da. Badaki zer nahi duen eta nahi duen hori lortzeko zer egin behar den: lana, lana eta lana. Hori ulertzen duenak ez dauka zertan arazorik eduki behar Ivanovicekin.

Kanaria Handiaren aurka irabaztea egokia izango zen zuen konfiantza handitzeko, baina galdu egin zenuten. Kolpe handia izan al da taldearentzat?

Ez. Agian, gertatu zen moduak eman digu mina, porrotak berak baino gehiago. Kontrolpean genuen aurkaria, baina gaina hartu ziguten, gure erruz.

Azken hiru partidetan 70 puntu inguru hartu dituzue. Defentsan hobetzen ari zaretela esan nahi al du horrek?

Beno, zerekin konparatzen duzun. Alacanten eman ziguten astinduarekin konparatuz gero, defentsa ona da, gero eta hutsune gutxiago eta laburragoak ditugula esan nahi du. Dena den, aurkariak kopuru horretatik behera uzten saiatu behar dugu beti.

Zer esaten dizu Kopak, bat-batean?

Lehiaketa polita da. Laburra, azkarra, bizia. Irabazi, edo etxera; erdibideko aukerarik ematen ez duena. Hiru partida irabazi eta titulu bat daukazu poltsikoan, baina bakarra galtzen baduzu, sekulako muturrekoa hartzen duzu. Asko erakartzen nau Kopak.

Presioa ondo iristen diren taldeek dutela diote, baina Baskoniak ere badauka berea. Norabidea zuzentzen hasteko aproposa izan liteke Kopa.

Nik presioa motibazio bihurtzen dut.

Taldea ez dago dinamika on-onean.

Nondik begiratzen zaion. Beti ezin da ondo egon, edo emaitza onak lortu, baina ez dut uste hain gaizki gaudenik. Gorabeherak, edukitzekotan, orain eduki behar dira, ez denboraldi bukaeran.

2.500 lagunen babesa izango duzue harmailetan. Zer esaten dizu horrek?

Ba zale hauek handiak direla[Uruguaiko gaztelerako recopado hitza erabili du]. Bospasei partida jokatu ditut jada etxean, eta asko bultzatzen dute. Madrilen antzera jokatzen badute, pozen bat eman beharko diegu, bestela…

Kopa jasotzeko talde on bat, Bizkaia Bilbo Basket, eta bi talde handi garaitu behar dira: Bartzelona eta Real Madril ziurrenik. Baskoniak hori lortzea posible ikusten al duzu?

Ikusiko ez dut ba! Talde honen gertuko historiari erreparatu baino lan errazagorik ez dago, horretaz jabetzeko. Panathinaikosi irabazi genion orain gutxi. Panathinaikos zer da, Bartzelona eta Real Madril baino gutxiago? Ez diet beldurrik, ni konbentzituta nago haiek garaitu ditzakegula.

Zer esaten dizu Bilbo Basketek?

Ba gauza gutxi. Normalean nire lehen ardura nire taldea izaten da, gu ondo bagaude besteak nola dauden bigarren mailakoa dela iruditzen baitzait.

Zer moduz epaileekin? Orain zorrotzago zaintzen zaituztela diote mingain gaiztoek?

Bai? Ez pentsa, Fuenlabradan ere ez zidaten opari askorik egiten. Ez dut arazorik beraiekin. Denekin dut harreman.

Azken asteetan adierazi dizkizuten kirolaren aurkako faltengatik diot. Batzuk merezita adierazi zizkizuten. Zer diozu falta horien inguruan?

Egia esan, Gasteizkoan ez nuen indarra ondo neurtu, eta kolpe handi samarra eman nion Fitchi. Beste biak, bai Malagakoa, baita Panathinaikosen aurkakoa ere, ez ziren nahita eginiko faltak izan.

Bistan da jokalari beroa zarela.

Bai, bai, kantxan txantxetarako gogo gutxi izaten dut normalean.

11 puntu eta bost errebote lortzen ari zara batez beste Gasteizera etorri zinenetik. Fuenlabradan askoz zenbaki hobeak zenituen, baina jakina zen Baskonian jokalari on asko daudela.

Bai hemen, bai Fuenlabradan, ez diot erantzukizunari ihes egiten. Saskiratzeko ardura hartu behar bada, hartu egiten dut, baina nik saskibaloiaren inguruan dudan ikuspuntua bestelakoa da. Arrakastak ezin du jokalari bakarrarena izan, taldearena baizik. Taldeak Kopa irabazten badu, ez da nigatik edo beste jokalari batengatik izango.

Asko harritu egin dira eskuzabal jokatzen duzulako.

Lehengo erantzunaren haritik, hemen kolektiboak balio du. Buruz buruko jokaldia egiteko aukera baldin badut, aurrera, baina beti libre gera daitekeen taldekidea hor dagoela aintzat hartuz. Fuenlabradan egiten nuen, eta hemen ere egingo dut, Baskoniak jaurtitzaile bikainak dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.