Aulkitik begira

Lotina eta Krauss

Aitor Manterola Garate.
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Golaren ondoren. Larunbateko partidaz gauza asko idatz daitezke. Nik uste nuenaren kontra, bizia izan zen. Ikusteko polita, batez ere lehen zatia. Gauza asko gertatu ziren. Horietako batzuk aipatuko ditut, eta hasi, ia beti oharkabean igarotzen den zerbaitekin hasiko naiz. Nahiz eta gertatzen den batzuetan. Lotinaren teoria da. Behin irakurri nion hau: «Talde batek gola sartzen duenean, hurrengo minutuak baliatu behar ditu beste golen bat sartzeko, aurkaria galduta edo ahulago egoteko aukera dagoelako. Aldiz, gola jasotzen duenak, inoiz baino adiago egon behar du hurrengo minutuetan, besteren bat ez jasotzeko». Athleticek bete egin zuen Lotinaren esana. Gola sartu ondorengo minutuetan, jan egin zuen Reala, eta bigarrena sartu. Hamar minutuko tartea egon zen bi golen artean. Lehen golak indarra eman zion etxekoari, ahuldu kanpokoa. Emaitza kontuan hartuta, emaitza bakarrik, hortxe erabaki zen partida.



Minutu onak, minutu txarrak. Bietatik izan zuten bi taldeek. Baina momentu txar-txarra Realak pasatu zuen, lehen gola jaso eta bigarrena heldu artean. Bigarren zati osoa izan zen txarra Athleticentzat, baina ez txar-txarra. Realak minutu onak jokatu zituen bigarren zati osoan, baina ez Athleticek lehen zatian bezain eraginkorrak. Ez zuen gauzatu itxura ona emaitzan, eta hortik egin zion ihes partidak. Athleticek bikain baliatu zituen minutu onak, eta Realak ez zien etekinik atera.



Badu beste atezain bat. Larunbatean bertan, derbiaren arrastoan jarrita, lehia hasi aurretik, Futbolsofatzen blogean idatzi nuen galdera hau: «Emango al du maila Raul Fernandez atezainak?». Inoiz ez nuen ikusi jokatzen. Argitu dizkit denak. Athleticek bi atezain dauzka. Beti Iraizozek jokatzen duenez, Athleticen zale ez direnek entzun gabe zeukaten bigarren atezain horren izena. Larunbatetik aurrera, zale guztiek dakite nor den. Gustatu zitzaidan. Ezaugarri teknikoez eta taktikoez haratago, beste bereizgarri batek eman zidan atentzioa: lasaitasunak. Lehen partida Ligakoa izateko, lasai asko jokatu zuen. Ez zen jarri urduri, eta ez zituen urduritu gainerakoak. Oso ezaugarri garrantzitsua da hori atezainetan, eta Raul Fernandezek badauka. Gero, gelditzeko moduko jaurtiketak gelditu edo urrundu zituen. Atezainen betebehar nagusia, hortaz, ederki bete zuen.

Artistak berriz. Realean ere izan zen albiste onik. Galdu eta gero gauza onei erreparatu behar zaie, eta azken partida batzuekin alderaketa egiten bada, nabarmendu egin behar da hiru artisten lana: Xabi Prieto, Zurutuza eta Griezmann. Gorabeherekin eta tarteka izan bazen ere, hiruren arteko lotura ez dela desagertu erakutsi zuten. Hiruren behar gorria du taldeak, eta Liga amaierako jardunean bide horretatik segitzen badute, hori aldeko Realarentzat.

Etekinik ez. Artistak azaltzea, baina, ez da nahikoa. Ondo dago zelai erdian baloia txukun mugitzea, ondo dago baloia daukan jokalariari ematen zaizkion laguntzak aurkariaren lerroaren hutsuneetan ematea, ondo dago besteetan baino azkarrago erabiltzea baloia... baina ez dago ondo etekinik ez ateratzea ondo egindako gauza horiei denei. Azken metroetan egin zuen kale Realak erasoan. Erdiraketa on-onak ez baziren, aurrelarien mugimendu txarrak edo mugimendu eskasia ziren hutsune, edota taldekidea atezainaren parez pare baloiarekin jartzeko pasea ez ematea. Joseba Llorente garaiz osatzen bada, Liga bukatu aurretik, askoz hobe. Realeko beste entrenatzaile batek esan zuen behin hau: «Aurrelari onik gabe, entrenatzailea kalera». Bernd Kraussek bota zuen, Darko Kovacevic Juventusi saldu berritan, 1999ko udan. Handik hilabete gutxira, haizea hartzera bidali zuen Realak alemaniarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.