Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa

Lotsa kutuna

'Tiffossi'-ek topatu dute beste helduleku bat selekzioan sinesteko: ustelkeriak zipriztindu ondoren irabazi zituen Italiak azken bi tituluak, 1982ko eta 2006ko Munduko Kopak.

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Joan zen maiatzaren 28an, lurrikara batek Italiako iparraldea astindu eta astebetera, beste lurrikara batek dar-darka jarri zuen berriro herrialde hori. Orduan ez ziren mugitu eraikinetako oinarriak. Italiako futbolaren oinarriek egin zuten balantza. Poliziak hemeretzi lagun atxilotu zituen, tartean sei futbol jokalari. Stefano Mauri Lazioko kapitaina nabarmentzen zen horien artean. Zenbait partidaren emaitzak adostea eta legez kanpoko apustuak egitea; horiexek Italiako Poliziak atxilotuei leporatutako delituak. Ez ziren ustelkeriak zipriztindutako bakarrak. 150 lagun inguru ere susmopean zeuden, eta hala daude oraindik, ikerketa hasi besterik ez baita egin. Horien artean ere bada izen ospetsurik: Christian Vieri jokalari ohia, Gianluiggi Buffon Juventuseko atezaina, Antonio Conte Juventuseko entrenatzailea —Liga irabazi du denboraldi honetan Turingo taldeak— eta Domenico Criscito Zenit San Petersburgoko jokalaria, besteak beste.

Criscitok oso garesti ordaindu du zerrenda beltz horretan bere izena azaltzea. Cesare Prandelli Italiako hautatzaileak Eurokoparako egindako lehen zerrendan zegoen. Aukera asko zituen Poloniara eta Ukrainara joateko. Baina ez dago Polonian, ezta Ukrainan ere. Italian geratu da, federazioko eta selekzioko arduradunekin hala adostuta. Selekzio azzurri bera ere etxean geratzear izan da. Hautatzaileak berak, adibidez, joan zen astean aitortu zuen ez litzatekeela arazo bat izango Eurokopa ez jokatzea, horrek Italiako futbolari mesede egingo balio.

Hitzak, baina, haizeak eraman ohi ditu sarri, eta, azkenean, Italia Polonian dago. Ez du egin nahi bezalako prestaketa, baina, hala ere, Eurokopa irabazteko hautagaien artean dago. Italia Italia delako, bere berezko irabazle senarekin. Eta, gainera, Prandelliren aginduetara oso maila ona eman baitu Eurokopako sailkapen ligaxkan: lehena izan zen bere multzoan, ez zuen partida bakar bat ere galdu, eta bi gol bakarrik sartu zizkioten.

Hori gutxi balitz bezala, tiffossi-ek topatu dute beste helduleku bat euren selekzioan sinesteko. Sineskeriarekin du lotura, eta historiarekin. Izan ere, Italiak irabazi dituen azken bi tituluak —1982an Espainian jokatutako Munduko Kopa eta 2006an Alemanian jokatutakoa—ustelkeriak herrialde horretako futbola zipriztindu ondoren iritsi ziren.

'Totonero' eta 'Moggigate'

1979-1980ko sasoia beltza izan zen Italiako futbolarentzat. Poliziak legez kanpoko apustu sare bat desegin zuen —Totonero izena eman zion auziari Poliziak, kiniela beltza—. Lehen eta Bigarren Mailako makina bat jokalari, entrenatzaile eta agintari zeuden nahastuta sarearekin. Federazioak ez zuen kupidarik izan, eta zigor gogorrak ezarri zituen: batetik, Milan eta Lazio mailaz jaitsi zituen; eta, bestetik, hainbat jokalari inhabilitatu zituen. Horien artean zegoen Paolo Rossi aurrelaria. Rossi bi urtez egon zen partidarik jokatu gabe. Hala ere, Enzo Bearzot orduko Italiako hautatzaileak Munduko Kopako deialdian sartu zuen. Erabakiak zalaparta eragin zuen. Askoren ustez, Rossi ez zegoen sasoiko horren txapelketa luze eta gogorrari aurre egiteko. Ezaguna da ondoren zer gertatu zen: Rossi golegile nagusia izan zen, eta Italiak hirugarren aldiz irabazi zuen Munduko Kopa.

Totoneroauziak eztanda egin eta 26 urtera, Calcio-ak harri berarekin egin zuen estropezu: ustelkeriarekin, Moggigate auzia delakoarekin. Juventus, Milan, Fiorentina eta Lazioko zenbait agintari zenbait partidaren salerosketan nahastuta egon zirela utzi zuen agerian Poliziak egindako ikerketa batek. Lau talde horiek zigorrak jaso zituzten. Juventusek jaso zuen gogorrena: Bigarren Mailara jaitsi zuten, eta bi Scudetto kendu zizkioten, hau da, Ligako bi titulu. Luciano Moggi jo zuten arduradun nagusitzat, orduko Juventuseko zuzendari nagusia. Horregatik jaso zuen Turingo taldeak hain zigor gogorra.

Alemaniako Munduko Kopa ate-joka ari zenean lehertu zen eskandalua. Jokalari askoren kirol etorkizuna kolokan egon zen denbora batean. Hala ere, batuta azaldu ziren, eta batasun horrek indarra eman zien zelaian. Nola gainera. Laugarrenez izan ziren txapeldun. Sei urte geroago, berriz ere historia errepikatzearekin amets egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.