Kirola eta generoa

Lotsaren zulotik ateratzeko

Euskal Kirol Federazioen Batasunak gida bat osatu du, kirol federazioen eta elkarteen egitura eta proiektuetan berdintasuna sustatzeko. EAEko Berdintasunaren Legearen ostean, parekidetasunaren bidean tresna bat da.

unai zubeldia
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Emakumezkoei zergatik egokitzen zaizkie, sistematikoki, lehiaketarako ordurik eta instalaziorik txarrenak? Emakumezkoen eta gizonezkoen maila bereko lehiaketetako epaileek zergatik ez dute izaten ordainsari berdina? Zergatik osatzen dira egutegiak askotan gizonezkoen beharren arabera? Galderak, galderak eta galderak. «Gure egituretan berdintasuna bermatzea zer den azaltzeko, federazioei ideia edo nozio batzuk eman nahi genizkien; federazioentzat lagungarri izango zen gida bat osatu nahi genuen». Avento kirol aholkularitzako enpresako kidea da Ainhoa Azurmendi, eta Euskal kirol federazioetan genero ikuspuntua integratzeko gida-ren arduraduna ere bai. Izenburu horren atzean dago gordeta norbere egitura eta kirol proiektuetan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko bidea.

EKFB Euskal Kirol Federazioen Batasunaren gida izaki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazio eta elkarteetarako tresna bat da. «Baina, hiru herrialde horietara mugatu gabe, edozein federaziotan eta kirol elkartetan gauzatzeko modukoa da, oinarria berbera baita leku guztietan». Hori bai, hitzak berak dioen moduan, gida bat da, tresna bat. Berdintasunean oinarritutako kudeaketa egiteko eman beharreko pausoak ematen laguntzea da helburua; federazioek esku artean tresna bat edukitzea. Kadete mailatik aurrera aplikatzeko da EKFBk osatu duen gida, 14 urtetik aurrera aplikatzeko, eskola kirolak berez bai baitauka bere eskuduntza aldundi bakoitzean, eta hortik bideratzen baitira lurralde bakoitzeko berdintasun irizpideak.

«Gida hau gauzatzeko, egitura bakoitzak zenbateko borondatea daukan aztertu beharko da gero, legez bai baitauzkate betebehar batzuk. Gizartean ardura jakin bat daukate, baina borondatea behar da hori gauzatzeko». Borondate hitzaren ondoan jarri du Azurmendik ondorengo esaldia: «Erakunde publikoek diruz laguntzen dituzten neurrian, elkarte horiek ezin dute inor diskriminatu, eta berdintasuna bermatu behar dute». Federazioen artean promozio bat egin zuten, gidaren berri emanez. «Baina, egia esan, oso gutxik parte hartu zuten». Avento kirol aholkularitzako kidearen hitzetan, «administrazioak» eman behar du lehen pausoa. «Bere borondatez ez bada, legeak eskatzen duena, behintzat, betearazi egin behar du». Zein da arazoa, ordea? «EAEko Berdintasun Legeak kirol arloan artikulu bakarra daukala eta oraindik garatu gabe dagoela». Hutsune handia dago oraindik egin nahi denetik egiten denera.

Esatetik egitera pauso handia dagoela, alegia. Gidan ageri den taula bat da horren erakusgarri —eskuinean dago taula—. Kirol pertsonalean, adibidez, gizonezko bakoitzeko 587,5 euro daude aurreikusita, eta emakumezko bakoitzeko, 75 euro. Eta selekzioen bidaietan ere, gizonezko bakoitzarentzat 300 eurokoa da aurrekontua, eta emakumezko bakoitzarentzat, 100 eurokoa. «Diruz laguntzen dion erakundeari dagokio elkarte horren diskriminazioa detektatu eta zigortzea. Legez dago araututa hori, eta betetzen ez duenak ezingo du jaso erakunde publikoen diru laguntzarik».

Azurmendiren hitzetan, federazioek, berez, nahi dute emakumezkoek ere kirol munduan parte hartzea. «Baina ez dira jabetzen egiten dituzten edo egin gabe uzten dituzten hainbat gauzak eragin izugarria daukatela gero». Aldaketa eta erabaki «estrukturalak» behar direla gogorarazi du. «Kirol ibilbide guztirako kalitatezko eskaintza egin behar da, bai emakumezkoentzat eta bai gizonezkoentzat. Baina, sexuaren arabera, bigarren mailako kirol gisa hartzen da emakumezkoena».

2005eko EAEko Berdintasun Legea eta 2006ko federazioen dekretu bat daude guztiaren oinarrian. «Bertan zehazten da federazioek hasi beharko luketela berdintasun planak egiten eta euren egituran berdintasuna sustatzen». 2005eko EAEko Berdintasun Legeak dio erakunde publikoek ezin diotela diru laguntzarik eman diskriminazioan oinarritzen den inongo elkarteri. Eta, hain zuzen ere, hori sustatzeko beste tresna bat da gida. Tartean, 2008an, Eusko Jaurlaritzak beste proiektu bat egin zuen, komunikazio arlokoa, eta beste lau berdintasun plan ere egin zituzten gero: «Hiru federazioetan bana, eta Federazioen Batasunean beste bat». Horri jarraipena emateko laguntza behar zela erabaki zuten, eta bide horri segika gauzatu zuten gida hau.

Aldagai kualitatiboei begira

Datu hotzetatik haratago joan nahi izan du Azurmendiren taldeak gida osatzeko garaian. Egia da 2009an, adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioetako lizentzien %20 besterik ez zirela emakumezkoenak; bostetik bat, alegia. «Baina emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak izaera kuantitatiboaz gain izaera kualitatiboa duten beste aldagai batzuen eraginez gertatzen dira». Adibide praktikoen bidez eman du Azurmendik izaera kualitatiboa duten aldagai horien berri. «Diru kontuei begiratuta, ez da ikusten emakumezkoek gehienetan ordutegirik kaskarrenak izaten dituztela —igande goizak, adibidez—; aldagelak txikiagoak eta okerragoak izaten direla; argiztapenarekin arazoak izaten dituztela...». Hausnarketa interesgarri batekin itxi du gaia. «Gizonezkoak eta emakumezkoak ezberdinak izateak inoiz ezin du justifikatu desberdintasunak egotea».

Nazioarteko egoerari begira ere jarri da Azurmendi. «Orain gutxi egin du Europako Kontseiluak kirol alorrean berdintasuna sustatzeko batzarra, eta antzeko eztabaidetan sartuta dabiltza herrialde gehienetan, baita mundu mailan ere». Iaz egin zuten munduko kongresua. «Eta emakumeek kirol arloko erabakiak hartzeko prozesuan daukaten hitza izan zuten ardatz». Suedian, Norvegian, Finlandian... inguru hartan berdintasun arloan aurrerago daudela? «Baietz pentsa liteke, parte hartzea askoz handiagoa delako herrialde horietan. Baina egiturazko arazoak berdin-berdinak dira: baliabideak, diru banaketak, zuzendaritza batzordeak...».

Azalpen praktikoa eman du Azurmendik emakumezkoek adin tarte jakin batean kirola zergatik uzten duten argitzeko. «Emakumezkoek barneratuta daukate kirola momentu jakin batean egingo duten zerbait dela. Gauza garrantzitsuagoak egin behar dituzte gero, izan ikasketak, izan etxeko lanak edo dena delakoa. Kirola eta profesionalismoa gizonezkoekin lotuta dago». Estetika kontuekin emakumezkoak kirola egiten gehiago ikusten direla onartu du Avento kirol aholkularitzako enpresako kideak. «Baina euren buruarekin gustura egoteko egiten dute kirol jardueraren bat, federazioetatik kanpo». Jaiotzen garenerako jartzen dira mugak, eta sortzen dira ezberdintasunak. «Neskei 'ez zikindu' esaten digute berehala. Rolak oso markatuta daude aspalditik, eta, gizartean bezala, kirol arloan ere pentsamendu horiek aldatuz joan behar dugu pixkanaka».

EKFBren gidaren arabera, emakumezkoen eta gizonezkoen behar jakinetara egokitu behar da kirol eskaintza. «Eta gaur egun hutsune handia dago arlo horretan». Adibideekin ulertzen da ondoen, berriz ere, hori. «Instalazio eta ordu okerrenak, prestakuntza gutxien daukaten entrenatzaileak... horiek beti emakumezkoei lotzen zaizkie, eta horrek eragin nabarmena dauka gero kirol esperientzian eta haren iraupenean». Desoreka horretan eragin nabarmena omen dauka ondorengo ezaugarriak: «Emakumezko kirolarien ereduak falta zaizkie gazteenei».

Bilera presentzialen arazoa

Teoria ondo azalduta dago gidan, eta proposamen interesgarriak ere egiten dira. Baina horiek guztiak nola gauzatu gero? «Politika eta kudeaketa lan guztia berdintasunaren ikuspegitik eginda». Federazio eta elkarte askotan bilerak, adibidez, egun eta ordu jakin batzuetan egiten jarraitzen dute. «Zazpietatik aurrera egiten dira kasu askotan bilera horiek, baina emakumezkoek arazoak izaten dituzte bertaratzeko, gizarte honetan oraindik emakumezkoon gain egoten delako etxeko zamarik handiena».

Hortik sortzen da gero desoreka, gizarte guztiaren arazoa baita berdintasunarena. Avento aholkularitza enpresako kidearen hitzetan, ordea, irtenbide erraza dauka arazo horrek. «Bilera presentzial gutxiago egitea, adibidez. Hori bai, zuzendaritza batzordean ez daudenetan ere, erabaki garrantzitsuetan eta eurei eragiten dien kasuetan, emakumezkoek erabakiak hartzeko lekuetan egon behar dute».

16 eta 22 urte arteko emakumezkoek zergatik uzten dute kirola? Gizonezkoek zergatik edukitzen dituzte bidaiak lehiaketa garrantzitsuetan aritzeko eta emakumezkoek ez? Epaile batek zergatik kobratzen du gehiago gizonezkoen partida bat zuzentzen duenean? Galderak, galderak eta galderak. Euskal kirol federazioetan genero ikuspuntua integratzeko gida erantzunik gabe geratzen diren galderei erantzuna aurkitzeko tresna izatea nahi dute; berdintasunaren bidean laguntza txiki bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.