Futbola

Luis Zubeldia, Alaveseko entrenatzaile berria

Sasoi baterako kontratua sinatu du Zubeldiak, eta Europako Futbol Elkarteen Batasunak haren tituluak begiratu ostean aurkeztuko dute.

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 17a
17:49
Entzun

Zurrumurruak baieztatu egin dira: Luis Zubeldia izango da Alavaseko entrenatzaile berria (Santa Rosa, Argentina, 1981). Zubeldiak urtebeterako kontratua sinatu du. Orain arte, Kolonbiako Independiente de Medellin taldea entrenatu du. Entrenatzaile gaztea da Zubeldia, eta Kolonbian ez ezik, Argentinan, Ekuadorren eta Mexikon entrenatu du. 200 neurketatik gora zuzendu ditu.

23 urte zituela utzi behar izan zuen futbola, belauneko lesio larri baten ondorioz. Lau urte eman zituen entrenatzaile izateko prestatzen, eta 27 urterekin Lanusek fitxatu zuen. Zubeldia izan zen Argentinako Lehen Mailan debuta egiten zuen entrenatzaile gazteena. Ondoren, Ekuadorreko Barcelona Sporting Club taldea zuzendu zuen. 2011n izan zen. Lan txukuna egin zuen han, eta horrek sorterrira itzultzeko aukera eman zion. Racing Avellanedak fitxatu zuen. Liga de Quito, Santos Laguna eta Independiente de Medellin izan dira haren azken taldeak.

Independienten zazpi hilabete egin ditu. Baina ekainaren 6ean uko egin zion karguan jarraitzeari, "proiektu berriei ekiteko". Alaves zuzentzea izango da erronka hori. Kirol arloari dagokionez, joko erasokorra maite du. Zuzen eta azkar jokatzea gustatzen zaio, eta baloia oinetan ahalik eta gehien edukitzea. Bere ohiko sistema 4-4-2 da, euskarrian bi jokalari ipinita. Halere, entrenatzaileak berak aitortu izan du ez dela itsutu zalea joko sistema batekin, eta badakiela taldearen ezaugarrietara egokitzen. Langilea eta detaileak zaindu zalea da, eta eguneroko lanean sinesten du. Oso metodikoa da, detaile guztiak koaderno batean gordetzen baititu, ondoren bere laguntzaileekin aztertzeko. Horrez gain, nortasun handia dauka. Maiz sortu izan dizkio arazoak gehiegizko nortasunak, eta partida askotan kaleratu izan du epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.