Markel Alberdi

Luzeak laburtzen

Igeriketako 100 metroko Espainiako marka ondu du, zeina duela hamar urtetik indarrean zegoen. Oinak lurrean ditu, baina ezin du ezkutatu amets bat: Rio de Janeiron lehiatzea.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Atseden hartzen pasatu du azken astea Markel Alberdik: opor txiki batzuk Ziraukin (Nafarroa), bazkari bat Deban (Gipuzkoa), afari eta parranda bat jaioterrian, Eibarren (Gipuzkoa)... Igerilekurik ukitu gabe? Ez. Ezin egon egun bat uretan sartu gabe. «Noski, bainatu naiz, baina lasai-lasai, igeri egin gabe». Aitzakia du horretarako. Agindu zehatza eman dio haren entrenatzaileak, Bart Kizierowski poloniarrak: ahatz dadila igerilekuaz egun batzuetan, eta goza dadila lortutakoaz. Handia baita lortu duena. Espainiako marka ondu du 100 metrokoan (49,25), Berlinen jokatu berri den Europako Txapelketan. Gizonezkoen mailan indarrean zegoen Espainiako markarik zaharrena zen. Eduard Lorente kataluniarraren esku zegoen duela hamar urtetik (49,34). Gorputz osoko bainujantziek ere ezin izan zuten harekin. Alberdik bai, eta bular bistan.

Abuztuaren 18a. Kostako zaio eguna ahaztea. Egin duena bereganatzen ere lanak ditu. «Zaila da. 49,70 zen nire marka onena, eta hori hobetzea zen helburua. Ametsa ere ez zen marka ontzea. Eta begira, orain... azkarrena naiz proba nagusian. Hitz potoloak dira, baina oso pozik nago. Hori bai, oinak lurrean ditut. Badakit lanean gogor jarraitu behar dudala».

Une bat du bereziki gogoan: 4x100 metroko lehen txandakakoa amaituta kronometroari begiratu zionekoa. «Pareta jo bezain laster begiratu nuen alde batera, eta hor ikusi nuen nire marka: 49,25. 'Egin duzu, Markel, egin duzu!', esan nion neure buruari». Ospakizunerako, ordea, itxaron beharra zegoen. Proba ez zen amaitu. Taldekideak ere lasaitu behar, zoriontzen hasiak baitziren. Amaitutakoan, ordea, bi ziren ospatu beharrekoak, txandakakoaren marka ere hobetu baitzuten (3.17,47). «Orduan bai, ospatu genuen behar bezala. Finalean ginen, eta kolpe berean bi marka lortuta. Helburua beteta zegoen, ondo beteta ere».

Alberdik egindakoak berehala izan zuen oihartzuna. Azkar hasi zen zorion mezuen festa, tartean bat, oso berezia. «Eduard Lorentek berak zoriondu ninduen Twiterren». «Zorionak, Markel Alberdi. Marka zaharrena hobetu duzu. Plazera da lekukoa pasatzea. Orain, segi hobetzen». Horra markaren jabe izandakoaren mezua. Hitza hartu dio Alberdik.

«Oraingoan bai gozatu dut, igerilekuan zein igerilekutik kanpo». Barrutik atera zaio aitormena. Gogoan du iaz Bartzelonan jokatutako munduko txapelketan bizi izandakoa. «Sekulako esperientzia izan zen, lehen aldiz lehiatu bainintzen onenekin. Baina gozatu, igerilekutik kanpo bakarrik gozatu nuen, onenak gertu ikusita. Igerilekuan ez, igerilekuan apenas gozatu nuen. Oso urduri egon nintzen, eta oso gaizki egin nuen igeri».

Egon da aldaketa bat ordutik, eta «erabakigarria» izan da. Madrilen bizi da orain, Joaquin Blume Goi Errendimenduko Gunean. Akabo Donostian lagunekin pisu batean bizi izandako garaia. Aldaketa «handia» izan da, «gogorra» ere bai, baina «egin beharrekoa». «Aurrerapauso bat eman nahi banuen, hara joan beharra neukan. Gogorra da, baina merezi du. Hau da toki aproposena: entrenatzaileak, instalazioak... denak dira puntakoak».

Aldaketak aldaketak dakartza; adibidez, eguneroko bizimoduan. «Egunero bizimodua oso zehaztuta daukat. Goizeko zazpietan jaikitzen naiz, gosaldu, eta zortzietan igerilekuan nago jada. Hiru orduz entrenatzen naiz, eta gero libre dut bazkaldu eta atseden hartzeko. Hiruretan lanean nago jada, lehenbizi gimnasioan, eta gero berriz igerilekuan. Sei orduzlan egiten dut egunero. Lehen, ezinezkoa zen eguneroko bizimodua horren antolatua izatea. Hemen zentratuagoa nago».

Ikasketek dute lehentasuna

Eguneroko bizimoduan ikasketek ere badute tokirik, eta horretan ere fin dabil. Bi ikasgai besterik ez du falta Ingeniaritza Mekanikoa amaitzeko. «Betidanik izan dut argi ikasi behar dudala. Orain, laguntzei esker bizi naiz, baina datorren urtean auskalo, eta zer esanik ez erretiroa hartutakoan. Horregatik inoiz ez ditut utzi ikasketak. Oso garbi daukat hau ez dela bizitza osorako».

Entrenatu, ikasi... Bizimodu gogorra dirudi. Alberdik, hala ere, ateratzen dio zukua aisialdiari. Hori ere argi baitauka, dena ez dela lana. «Bizi ere egin behar da. Ni ez naiz 21:00etan ohean egotearen aldekoa. Nik nahiago dut afaldu ondoren telebista pixka bat ikusi, zerbaitetan jolastu edo tertulia bat izan. Hori gabe, zer bizitza klase izango nuke?».

Bizitzaren filosofia horri leial izanda iritsi da honaino, eta horri leial izanda jarraitu nahi du. Noraino? Kazanera begira dago orain, Errusiako hiri horretan jokatuko baita munduko txapelketa datorren udan. Han egoteko sasoiko egon beharko du apirilean, Espainiako Irekian, han jokatuko baita sailkapena. Eta gero? Ezin du ezkutatu ametsa: 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatzea. «Sekulakoa litzateke». Ezin emozioari eutsi. «Horretarako gogor ari naiz lanean. Hobetzeko tartea dudala uste dut, irtetean eta bira ematean denbora dezente galtzen baitut. Gainera, azkarrago egin dezaket igeri, azkarrago oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.