Hogeita bost urte ez dira berehalakoan pasatzen. Makina bat gauza gerta dakioke norbaiti. Angel Martin Gonzalez (Madril, 1964) ez da salbuespena. Fermin Ezkurra Osasunako presidente ohiak fitxatu zuen Martin Gonzalez Real Madrilen harrobitik 21 urte zituela. Iruñeko taldean ibilbide luzea egin zuen jokalari gisa: hamar urtez aritu zen defentsan eta zelai erdian jokatzen. Rayo Vallecanon bi urtez aritu ostean berriz Osasunara itzuli zen Enrique Martin Monrealen laguntzaile izateko. Miguel Angel Lotinaren laguntzaile ere izan zen, idazkaritza teknikoko ardura hartu aurretik. Egun, kirol zuzendari lanetan ari da. Gauza on eta txar ugari ikusi ditu mende laurdenean, baina damurik ez du. Gorritxoa da, eta pozik ari da bere bihotzeko klubean.
Zilarrezko ezteiak beteko dituzu Osasunarekin bihar. Nola pasatzen den denbora.
Urte asko pasatu dira Osasunara iritsi nintzenetik, 25, baina atzera begira jarriz gero, denbora azkar pasatu dela iruditzen zait. Iritsi nintzen egunetik gustura egon naiz, erabat egin nuen bat taldearen filosofiarekin, eta, Madrilen jaio arren, han baino urte gehiago egin ditut jada Iruñean.
Noiz jakin zenuen Iruñean geratuko zinela betirako?
Inoiz ez dut argi ikusi, futbolean ez baitago jakiterik hurrengo urtean edo hurrengo hilabetean non egongo zaren. Egunekoari begiratzea komeni da futbolean, bestela tronpatu egin zaitezke. Etorri diren bezala hartu ditut gauzak. Nire lehen sasoian Ligako azken sei partidak jokatu nituen, eta bigarren sasoian gutxi jokatu nuen belauneko arazo baten erruz. Hirugarrengoan kontratua amaitzen nuen, eta sasoi horretan berriz 36 partida jokatu nituela uste dut. Sasoi horren ostean kontratua luzatu zidaten, eta, aurrerantzean, dena errazagoa izan zen niretzat. Taldez aldatzeko aukera izan nuela egia da, baina, Iruñean hain gustura egonik, ez nuen zalantzarik izan, familia ere bikain egokitu baitzen.
1986ko martxoaren 12an iritsi zinen Osasunara, sasoia amaitzeko sei jardunaldiren faltan. Ohikoa al zen hori zure garaian?
Ez dakit ohikoa zen edo ez, ez naiz gogoratzen, baina orduan ez zegoen fitxaketak egiteko eperik, eta sasoiko edozein unetan egin zitezkeen fitxaketak. Osasuna larri zebilen, zortzi negatiborekin, eta Real Madrilek ia-ia derrigortu egin ninduen eskaintza onartzera. Hargatik, ez dut damurik, dena zoragarri irten zait Iruñean.
Valentziaren eskaintza ere jaso zenuen. Zaila izan zen horri uko egitea?
Tentagarria zen, 1985-1986 denboraldiaren hasieran Valentziaren eskaintza jaso nuen, baina Real Madrilek ez zuen onartu, eta orduan orain baino zailagoa zen jokalariek euren etorkizuna erabakitzea. Klubek atxikipen eskubidea zuten, eta klubak erabakitzen zuen, kontratua ez zen amaitzen klubak nahi ez bazuen. Soldata zertxobait hobetuta, jokalariei eusteko aukera zuten klubek.
Real Madrilen, lehen taldearekin entrenatzen zinen, baina Lehen Mailan aritzeko aukerarik ez zeneukan.
Urtebete egin nuen lehen taldearekin entrenatzen, eta Kopako partida batzuk eta Ligaren Kopako beste batzuk jokatu nituen, baina Ligan batere ez —Jose Antonio Camacho zen titularra—.
Hasiberri bat zinen Osasunara iritsi zinenean.
Bai, bai, 21 urte nituen, dena dela Bigarren Mailan lau urte jokatu nituen Castillarekin, Real Madrilen bigarren taldearekin. Partida guztiak jokatzen nituen, eta eskarmentu apur bat baneukan.
Iritsi zineneko zein oroitzapen dituzu?
Oroitzapen bikaina daukat, nire urterik onenetakoa izan zen lehendabiziko hura. Esperientzia berria zen niretzat, hain gazte izanik Madriletik irtetea zailagoa izango zela uste nuen, baina zoragarria izan zen. Ostegun batean aurkeztu ninduten, eta igandean partida osoa jokatu nuen. Sei partida horietatik bakar bat ere ez genuen galdu, eta Lehen Mailan debuta egiteaz gain, mailari eustea bizipen ederra izan zen. Taldekideekin afari ugari, ospakizunak… horiek dira nire lehen oroitzapenak Osasunan.
25 urte hauetako unerik gozoena eta garratzena zein izan dira zure ustez?
Garratzena jaitsiera, zalantzarik gabe; 1993-1994 denboraldia amesgaiztoa izan zen. Hargatik, une gozoak gehiago izan dira zorionez: UEFA kopa jokatzea, igoera, Kopako finala, Txapeldunen Ligako atarikoa…
Osasunaren urte gozoenetakoak bizi ostean, taldeak maila galdu zuen, eta Rayon amaitu zenuen zure ibilbidea. Nola izan zen irteera hura?
Hamar denboraldi jarraian Osasunan egin eta gero ez zen erraza izan kluba uztea, drama txiki bat izan zen, baina futbola horrelakoxea da. Rayo Lehen Mailan zegoen, hasierako hamaikakoan jokatzen nuen beti, eta gozatu egin nuen han ere. Kirol ibilbidearen amaiera gerturatzen ikusten duzunean gero eta gehiago gozatzen duzu entrenamenduez eta partidez. Iruñera itzultzeko aukeran pentsatu ere ez nuen egiten, azken finean nire jaioterrira itzuli bainintzen. Familia gertu neukan, eta han geldituko nintzela uste nuen. Halere, Enrique Martinek deitu ninduen, bere ondoan lanean hasteko, eta ez nuen zalantzarik izan. Dirua ez zen arazoa izan, nire eskaera bakarra kontratu luze bat izatea izan zen, ez nuen urtetik urtera tokiz aldatzen hasteko gogorik, eta Iruñean gustura egongo nintzela banekien. Bost urteko kontratua eskaini zidaten, eta hurrengo egunean Iruñean nintzen.
Familiak nola hartu zuen albistea?
Pozez zoratzen, azken finean hemen jaio eta hazitakoak baitziren nire seme-alabak. Orain helduak dira, zaharrenak 23 urte ditu, bigarrenak 20 eta neskak 14 urte ditu. Iruindar peto-petoak dira, eta egunen batean Osasuna utzi eta beste nonbaitera joan behar badut, badakit familiak hemen jarraituko duela.
Zu, gainera, ez zaitu emazteak lotu Iruñera.
Ez, ez, madrildarra da nire emaztea, ni bezalaxe. Baina Madril hiri handiegia da, eta, gu bezain pertsona lasaiak izanez gero, asko eskertzen da Iruñea, hiri txiki baten patxada ematen dizu eta. Bikain egokitu zen hemengo girora nire emaztea ere. Iruñea zoragarria da. Nire ama eta arreba bisitatzera joaten naiz oraindik Madrilera, baina erotu egiten naiz han; hemen hobeto bizi gara.
Jokalaria izan ostean, bigarren entrenatzaile lanak, idazkari teknikoarenak eta kirol zuzendariarenak egin dituzu. Zein izan da gehien bete zaituen lana?
Jokalaria izatea bezalakorik ez dago, hori baino gauza ederragorik ez dago. Entrenatzailea ez naiz inoiz izan, eta hori ere oso gauza ederra izango dela uste dut, jokalariek zuk nahi bezala jokatzen dutela ikusteak harro sentiarazi behar zaituelako. Futbolean jokatzea bezalakorik ez dago, hala ere.
Erantzukizun gehien une honetan duzun postuan izango duzu ziurrenik. Esker txarrekoa ere bada?
Izan daiteke, baina futbolean, eta batik bat talde apaletan lan guztiak izan ohi dira esker txarrekoak. Zutaz esaten dutena eta idazten dutena kontuan ez hartzea da gakoa. Tentsio ikaragarria izaten da urtero Osasunaren gisako klub batean. Mailari eutsi behar zaio, eta ez da samurra izaten. Era berean, pribilegiatu bat naizela ere ez dut ahazten.
Osasunan presidentea da erabakiak hartzen dituena, dena dela, ez?
Bueno, ez dakit zergatik diozun hori, azkenean bakoitzak bere lan esparrua dauka, eta hori errespetatu egiten da. Presidenteak ez du erabakitzen zein fitxatu behar den, bera da erantzule nagusia, baina guk ere baditugu ardurak eta horregatik ordaintzen digute.
Zure ardurak arintzeko balio du Patxi Izko presidente izateak, dena dela. Ezkutu bat da zuentzat, kritikak berak jasotzen baititu.
Oker zaude, edo gutxienez ez luke hala izan beharko. Ez dut uste fitxaketa aldrebesak presidenteari leporatzen dizkionik inork.
Adibidez, nork erabaki zuen Camacho kargutik kentzea?
Ez dakit zergatik esan den Izkok soilik babesten zuela Camacho. Esamesa horiek ez diote inoiz mesederik egiten klubari. Camachok bere ekarpena egin dio Osasunari, baina egoera zailean zen azken boladan, eta erabakia denon artean hartu genuen; ez zen presidentearen erabakia izan. Gure ahalmen ekonomikoa zein den gogoratzen du presidenteak, baina handik aurrera ez du muturra sartzen kirol arloan. Eta Osasunara iristen den entrenatzaileak jakin egin behar du nora datorren eta zein den gure ahalmena. Bigarren Mailan nabarmentzen diren jokalariekin eta batik bat harrobiko jendearekin egin izan dugu guk beti aurrera.
Harrobia aipatu duzu, baina Osasunaren harrobiko politikak kritika asko jaso du aspaldian.
Mendilibarrek gertutik zaintzen du harrobia, eta ahal duenean bigarren taldearen partidak zuzenean jarraitzen ditu. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Harrobia da gure aktiborik garrantzitsuena. Dena dela, bere aurkezpenean esan zuena ahazterik ez dago: harrobiko jokalariek lehen taldean aritzeko aukera irabazi egin behar dutela, inori ezer oparitzeko modurik ez daukagula. Hori da harrobiko jokalariek barneratu behar dutena. Lehen Mailako futbolaria izatea gauza ederra da, baina bidean sakrifikatzeko eta sufritzeko prest egotea ere ezinbestekoa da. Bigarren taldea etxeko gaztez josita izatea ere nahiko genuke, baina jokalarien esku dago hori, eta ez ahaztu lehiatzea ere eskatzen zaigula, gazteetan Athleticen edo Realaren pare aritzea eta Osasuna B Bigarren B Mailako multzoko sailkapenean erditik gora egotea. Ez da lan erraza, baina, berriro diot, argi daukagu gure indarra hor dagoela.
Gustura zaudete Mendilibarrekin?
Bai, ilusio ikaragarriarekin iritsi da; hurbilekoa da, eta gauzak argi dauzka; badaki nola jokarazi nahi dituen jokalariak. Ondo hasi da, eta ziur da mailari eutsiko diogula. Hori da garrantzitsuena.
Angel Martin Gonzalez. Osasunako kirol zuzendaria
«Madrilen jaio arren, han baino urte gehiago egin ditut jada Iruñean»
Bihar beteko dira 25 urte Osasunara iritsi zenetik. Rayon eginiko bi urte ez beste, beti egon da klubari lotuta: jokalari, entrenatzailearen laguntzaile, idazkari tekniko eta kirol zuzendari izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu