Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea

Magikotik badu zerbait

Kontrol teknikoa, errealizazio mahaia, soinuaren kontrola… Azpiegitura zabal bati eta lan handi bati esker iristen da egunero Euskal Herriko Itzuliaren irudia etxe guztietako telebistetara.

Fernando Lopetegi ETBko errealizadore nagusia, unitate mugikorrean, lanean, atzo, Zumarragan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Zumarraga
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Erosoa da telebistari begira jarri eta Euskal Herriko Itzuliko irudiak ikusiz gozatzea. Baina irudi horien atzean magia pixka bat dagoela esan daiteke. Etxeko telebistaren botoia zapaldu eta irudia begien bistan izateko, ekilibrista lana egin behar izaten dute kasik ETBren kamioi barruan egoten diren langileek. Fernando Lopetegi da magoa, Euskal Herriko Itzulian bera baita ETBko errealizadore nagusia. Atea jo, eta alderik alde ireki dizkio kamioiko ateak BERRIAri. Motoak, helikopteroak, irteerako eta helmugako kamerak… Etapa hasi aurretik soinu eta irudi probak egiten ari dira, eta badaukate arazo txikiren bat edo beste helikopteroaren irudia jasotzeko. «15:00etarako konponduko dela hitzeman digute». Tentsio horrekin zegoen Lopetegi atzo goizean. «Bestela, motoen irudiak soilik edukiko ditugu». Nabari da 1987tik, errealizadore lanetan hasi zenetik, zailduta dagoela.

«Kontrol teknikoan jasotzen dira seinale guztiak», hasi du azalpena. «Hor seinaleak ondo sinkronizatu behar dira, errealizazio mahaian komeni den irudia behar bezala aukeratzeko». Gela txiki banatan dago kontrol teknikoaren gunea eta errealizazio mahaia. «Irudi horiek behar bezala sinkronizatuko ez balira, saltoka ibiliko lirateke». Hamabost bat pantaila dauzkate errealizazio mahaian. «Urrutiko kamera, helmugakoa, 1 eta 2 motoenak, helikopteroarena, errepikapenena, errotuluena —G93 Eibarko enpresak kudeatzen ditu, eta ihesaldien segundo aldea eta gainerakoak irudikatzen ditu—, etxean ikusten den irudiarena…». Eurek aukeratzen dute unean-unean zein irudi eman. Errealizazio mahaiaren ezkerraldean, berriz, bideo magnetoskopioak daude. «Etxeko bideoen gisakoak, baina profesionalak».

Erasoa dagoenean, mendateko pankartatik igarotzen direnean, helmugara iristen direnean… telebistan sarritan ematen dituzte errepikapenak. Eta errepikapen horiek guztiak errealizazio mahaiaren atzean dagoen beste mahai txiki batetik egiten dituzte. «Aurretik, egunean zeharreko emanaldietan behar ditugun irudien txostena prestatzen dugu. Kate bakoitzean emanaldia noiz izango den, mendate bakoitzetik noiz igaroko diren, moto eta helikoptero bakoitzean nor joango den…». Lopetegiren hitzetan, lanean hasterako bakoitzak argi izaten du zer egin behar duen.

60 laguneko lantaldea

Soinuaren kontrola egiteko gelatxo bat da kamioi barruko azken zatia. «Han jasotzen dira audio seinale guztiak. Nahastu, eta guk hemen entzuten ditugu gero, errealizazio mahaian». Eta behin etapa hasita, kaskoak jantzi, eta hartu-emanean egoten dira denak. «Helikopterokoei, adibidez, beti esan behar izaten diet 1 motoaren edo 2 motoaren gainean egoteko, altuago edo baxuago ibiltzeko…». Eguraldiaren arabera, audio seinalea etxeetara egoki iristeko, helikopteroaren eta motoaren artean hamar bat kilometroren aldea egon daiteke gehienez. Behe lainoa izaten omen da helikopteroentzat egoerarik okerrena. «Eta atzo [herenegun] itxi-itxia zegoen». Bezperan probak egin ezinik, atzo goizean egin behar izan zituzten denak.

Gaur egun, 60 bat laguneko lan-taldea eskatzen du gisa honetako zuzeneko emanaldi batek. Hori bai, urteen joanean, nabarmen aldatu da lan egiteko modua. «Lehen lotura analogikoak izaten ziren, baina orain, jada, lotura digitalak erabiltzen ditugu». Oso garestia da sistema hori. «Baina bikaina da emaitza. Seinalea ia perfektua da».

Bi helikoptero ibiltzen dira beti hegan emanaldietan. «Bat oso goian egoten da, eta seinaleak berbidaltzen ditu horrek, loturak egiten ditu». Motoen irudiak, motoko esatarienak eta beheko helikopteroarenak jasotzen ditu, eta lau seinale horiek mendiko hedagailura bidaltzen ditu. «Han beste lankide batzuk daude, haiek hona behera bidaltzen dute irudia —plazan dago seinalea jasotzeko gailua—, eta kable bidez iristen da kamioira —beste hedagailu batek nazioartera bidaltzen du seinalea—». Irudia etxeetara bidaltzea da azken lana. Lan magikoa. Etapa bakoitzean 10:00 alderako joaten dira helmugara «kamioiak gauez iristen dira hurrengo etapa amaitzen den lekura», eta eguneroko magia jokoa hasten da han. «Zuzeneko presioak sortzen duen estresarekin eta gozamenarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.