Futbola

Maialen Lujanbioren eta Joanes Illarregiren bertsoak larunbateko derbian

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak omenduko dituzte Realaren eta Osasunaren arteko derbiaren hasieran

Maialen Lujanbio, bertsoak abesten Anoetan, ohorezko sakea egin aurretik, 2018ko otsailaren 14ean, beste finalistak begira dituela. JON URBE / FOKU
2022ko abenduaren 29a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Tradizioa bihurtu da dagoeneko: Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak Anoetako futbol zelaiaren erdiguneaz jabetuko dira, futbolarien eta futbolzaleen omenaldia jasotzeko. Larunbatean, Maialen Lujanbiok eta Joanes Illarregik bertso bana kantatuko dute estadioan. Gainera, Lujanbiok —txapelketaren irabazleak— ohorezko sakea egingo du, Realaren eta Osasunaren arteko derbia hasteko. Illarregi txapelketa nagusiko final batean parte hartu duen lehenengo nafarra da.

Realak gaur zabaldu duenez, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal egongo dira zelaian, Lujanbio eta Illarregirekin batera.

Azken egunotan askok gogora ekarri duten irudi bat ekarri zuen tradizioak 2018an. Orduko txapelketa ere irabazi zuen Lujanbiok, eta ohorezko sakea egin zuen, Realaren eta Bartzelonaren arteko partidan. Lionek Messi futbolariak agurtu zuen han, eta bolo-bolo zabaldu zen irudia sare sozialetan. Duela astebete berriz hedatu zen, Messiren Argentinak Futboleko Munduko Kopa irabazi zuelako abenduaren 18an, Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia bereganatu zuen egun berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.