Iazko apirilean, Iruñeko Instrukzio Auzitegiko bigarren aretoko epaileak erabaki zuen bazegoela nahikoa zantzu Indar Gorriko 21 kide auzipetzeko. Guztiei egozten zieten Osasunaren bidaiak baliatzea "indarkeriazko delituak" egiteko. Ordea, fiskaltzak horietako 11ren aurkako salaketa aurkeztu zuen, eta, ondorioz, artxibatu egin zuten beste hamarren aurkako prozedura.
Hala, datorren maiatzaren 7an hasiko da 11 pertsona horien aurkako auzia, eta lau egun iraungo du, hilaren 11ra arte. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du haietako bakoitzarentzat, "talde kriminal bateko kide" izatea leporatuta. Auzipetutako horietatik hamarrek helegiteak aurkeztu zituzten, baina epaileak atzera bota ditu.
Duela bi urteko otsailean egin zuten polizia operazioan, Indar Gorriko hemezortzi kide atxilotu zituzten, "indarkeria erabiltzea" egotzita —hurrengo egunetan zabaldu egin zuten auzipetuen zerrenda, 21era heldu arte—. Osasunaren zale taldeak salatu zuen "mugimendu festazale, abertzale, iraultzaile, borrokalari eta ezerosoaren aurka" egiteko erabilitako "azpijokoa" izan zela operazioa.