Frantziako Tourreko antolatzaileentzat mezua: ez behartu inor maillot horia janztera. Jarri sailkapen nagusia txukun-txukun, eta jakinarazi txirrindulari bakoitzari bere postua. Baina ez banatu maillot horirik. Ez du merezi. Joan den igandean, Zeelandara bidean, haize babesetan trabatu zen Rohan Dennis (BMC); astelehenean, Huy gogorra buruan zuela, erori eta hainbat orno hautsi zituen Fabian Cancellarak (Trek); eta, atzo, Le Havreko helmuga begi bistan zuela, azken kilometroan sartu berritan, hankaz gora joan eta ezker lepauztaia hautsi zuen Tony Martinek (Etixx).
13,8 kilometroko bakarkako lanarekin hasten zela eta, Tourreko lehen maillot horia jantzi arteko onik ez zeukaten Tom Dumoulinek (Giant), Cancellarak eta Tony Martinek. Rohan Dennisen mesedetan, hiruretako inork ez zuen eman lehen kolpea. Baina, lehen eguneko ezina ahaztuta, maillot horia soinean zutela hartu behar izan dute etxerako bidea Trekeko suitzarrak eta Etixxeko alemaniarrak; Gianteko alemaniarra, berriz, liderraren maillota sei segundora zeukala erretiratu zen, Cancelarrarekin batera erori eta kolpe handia hartuta. Haize-babesean maillot horia galdu izana ospatzen ariko da, oraindik, Rohan Dennis, hura baita erlojupekoko lau artista handien artean Tourrean irauten duen bakarra. Hori bai, hura ere hankaz gora joan zen atzo. Maillot horiaren kontuak izango dira.
Tentsio handiko azken kilometroan, Chris Froomeri (Sky) begira amaitu zuten etapa faboritoetako askok, erorikoa britainiarrak eragin zuela pentsatuz. Baina Tony Martinek berak argitu zuen dena: «Europcarreko txirrindulariaren atzeko gurpila ukitu dut». Esprinta prestatzen ari zen Bryan Coquard, eta ukitu txiki bat izan zen. Nahikoa triskantza eragiteko. Bizikletaren kontrola galduta, ezkerretik eskuinera egin zuen alemaniarrak, eta domino fitxen gisan erori ziren Warren Barguil (Giant), Vincenzo Nibali (Astana), Dennis bera eta Nairo Quintana (Movistar). Azkar altxatu ziren gehienak, baina lepauztaiari helduta geratu zen alemaniarra. Seinale txarra. Taldekideen laguntzarekin helmugaratu zen, lur jota.
Momenturik gogorrenei aurre egiteko berezko zer edo zer izaten dute txirrindulariek, eta, lepauztaia hautsita ere, Zdenek Stybar taldekidea zoriontzera joan zen Tony Martin, aurpegian irribarrea zuela. Igo zen podiumera ere. Baina minutu gutxi geroago baieztatu zuen albistea. Erorikoarekin zatitu egin zen tropelaren aurrealdea, eta tarteari eusteko gai izan zen txekiarra, Peter Sagan (Tinkoff) gain-gainean zuela. Epaileek denbora berbera eman zieten erorikoaren eraginez denbora galdu zuten guztiei, baina ikusi egin beharko da den-denak zauriak sendatzeko gai diren.
Amaierako triskantzaren aurretik, etapa hastearekin batera tropela estu hartzeko helburu argiarekin joan ziren ihesean Perrig Quemeneur (Europcar), Kenneth Van Bilsen (Cofidis) eta Daniel Teklehaimanot (MTN). Ia ohartzerako, hamabi minutu baino gehiagoren aldea lortu zuen hirukoak, baina Giant eta Lotto lanean hastea nahikoa izan zen ihesaldiaren aldea ia ezerezera murrizteko. Helburu xumeagoei helduta, mendiko maillota jantzita amaitu zuen eguna Daniel Teklehaimanot eritrearrak (MTN), eguneko hiru kosketan ihesaldiaren buruan igaro ondoren. Hiru puntu dauzka Teklehaimanotek eta bi Joaquim Rodriguezek (Katuxa).
Esprinterren eguna gaur
Tropela minutu erdira gerturatuta zegoela, Van Bilsen saiatu zen hiruk lortu ez zutena bere kasa egiten. Baina bospasei kilometroko saialdia besterik ez zen izan. Livarot eta Felger (Fougeres) artean, zazpigarren etapa jokatuko da gaur, 190,5 kilometrokoa. Etapa hastearekin batera igo beharreko laugarren mailako koska bat salbu, ibilbideak ez dauka batere zailtasunik. Atzoko amaiera zailaren ondoren, esprinterrek aukera ona izango dute gaur.
Maillot horia ez janztea onena
Azken kilometroan sartu berritan, hankaz gora joan da Tony Martin, Tourreko liderra, eta gaur ez da abiatuko, hautsita baitauka ezker lepauztaia.Zdenek Stybar taldekideak irabazi du etapa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu