Main Roadetik Old Traffordera

Orain 55 urte aritu ziren elkarren aurka Athletic eta Manchester United, Europako Kopako final-laurdenetan. Carmelo Cedrun jokalari ohiak dio klubaren mugarrietako bat izan zela zuri-gorriak bidean geratu arren.

Carmelo Cedrun, Piru Gainzaren atzetik, 1957an Athleticek eta Manchester Unitedek San Mames elurtuan jokatutako Europako Kopako final-laurdenetako joaneko partidan. BERRIA.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Badirudi Athleticen 114 urteko ibilbidea hilaren 15ean amaituko dela, Manchester Unitedek San Mamesen jokatuko duen egunean. Edo beharbada lehenago, etzi, talde zuri-gorriak Old Traffordi egingo dion bisitarekin. Hori ondoriozta daiteke, behintzat, Athleticeko zaleek Manchesterren jokatuko den partida ikusteko erakutsi duten irrika aztertuz gero. 8.500 lagun inguru elkartuko dira Ametsen antzokian Athletic animatzeko asmoz. A zer berotasuna! A zer ilusioa! Ulertzekoa ere bada, Athletic ez baitago urtero Europako Ligako final-zortzirenetan. Gainera, ez da ohikoa Europako bigarren lehiaketan munduko talde indartsuenetako baten aurka lehiatzea egokitzea. Alex Fergusonek zuzentzen duen taldea izango da gaur egun Bartzelonaren eta Real Madrilen ostean dagoen onena. Hori nahikoa ez, eta Ingalaterrako zelai batean jokatzeak daukan xarmak eta bi talde hauek aurrez aurre egon diren aldi bakarrean gertatutakoak berezia egin dute.

55 urte egin behar da atzera lehoiak eta deabru gorriak bidean gurutzatu ziren aldi bakarra aurkitzeko. Europako Kopako final-laurdenetan izan zen —oraingo Txapeldunen Liga—. Orduan San Mamesen jokatu zen joaneko partida. Norgehiagoka ahaztezina izan zen. Athleticek talde indartsua zuen oso. Askorentzat, talde zuri-gorriak inoiz izan duen osoena. Alfredo di Stefanoren Real Madril garaiezinari Santiago Bernabeun Espainiako Kopako finala irabazteko gai izan zen baserritar kuadrilla bat zen. Bada, Real Madril mendean hartzeko gai izan zen talde hark ia mendean izan zuen Manchester United urtebete lehenago Katedralean. «San Mamesen sekulako neurketa jokatu genuen. Athleticek mende pasatxoko historian jokatu duen onena. 5-3 irabazi genuen. Neurketa epikoa izan zen. Elurpean jokatu genuen. Zelaia zuri zegoen. Beraz, zelaiko marrak gorriz margotu zituzten, eta gorri koloreko baloi batekin jokatu genuen. Egurra eman genion Manchesterri», esan dio Carmelo Cedrunek BERRIAri (Zornotza, Bizkaia, 1930).

Athleticeko atezain ohi bikainak ondo gogoratzen du ingelesen kontrako lehia. Mende erditik gora pasatu arren, ezin du burutik kendu. «Europan zerbait handia egiteko aukera» galdu zutela iritzi dio. Zuzen esanda, «aurrera egiteko aukera kendu» egin zietela uste du. Carmelo handiak egun hauetan Realeko jarraitzaileek duten antzeko sentipenak ditu. Baina orduan ez zen epailea protagonista izan. Orduan aurkariak egin zuen tranpa. «Itzuliko norgehiagoka lapurreta izan zen. Euren eskuetan zegoen dena egin zuten neurketari buelta emateko. Besteak beste, futbol zelaia aldatu zuten. Manchester Cityren etxean jokatu genuen. Oso egoera txarrean zegoen zelai hura. Lokatzez gainezka. Ezinezkoa zen futbolean aritzea». Gaur egun pentsaezina litzateke Cityk bere aurkari nagusiari zelaia lagatzea, baina orduan bestelakoak ziren gauzak. Maine Roaden 3-0 galdu zuen Athleticek. Deabru gorrien amarruak ez ezik, Athleticen barruko egoerak ere ez zuen asko lagundu lehiakor izateko ahaleginean. «Denboraldia aurrera zihoan eta guk jokalari asko genituen min hartuta Manchesterren jokatu genuenean; Arieta eta Maguregi, esaterako. Sumatu egin genuen haien falta». Carmelok berak ere min hartu zuen. «Belaunean hartu nuen min itzulikoan. Orduan ez zegoen aldaketak egiteko aukerarik, eta min hartuta jokatu behar izan nuen. Horregatik sartu zizkidaten gol bi norgehiagokaren azken txanpan».

Itxaropentsu kanporaketarako

Bistan da gaur egun pentsaezinak diren gauzak gertatzen zirela Athletic eta Manchester United elkarren aurka aritu zirenean. Behin kanporaketa amaituta talde bakoitzak bere bideari jarraitu zion. 55 urte igaro behar izan dira zelaian elkartzeko. Baina tarte horretan jokalariek izan zuten elkarren berri. Esate baterako, Carmelok eta Johnny Berryk talde berean jokatu zuten urte batzuk geroago. Nor zen Berry? Itzulikoan hirugarren gola sartu zuen futbolaria. Carmeloren esanetan, Athletic «errematatu» zuen jokalaria. «Estatu Batuetako Baltimore taldean jokatu genuen elkarrekin. Berak esaten zidan aurrean izan zuen aurkaririk gogorrena izan zela Athletic».

Manchester Unitedek behin jokatu du San Mamesen. Beraz, ez du Rafael Moreno Pichichi-ren omenez jarritako bustuaren aurrean lore sortarik jarri behar izango. Baina Athleticentzat lehen bisita izango da Old Trafford-era. Ez dirudi oraingo Manchester Unitedek amarru beharrik duenik Athletic kanporatzeko, baina apustuek dioten baino parekatuagoa ikusten du lehia Carmelok. «Kanporaketa zabalik dagoela uste dut. Orain Athletic oso ondo ari da. Atzetik aurrera jokatzen du. Nik uste dut izan dezakegun entrenatzailerik onena daukagula. Manchester United, ordea, ez dut indartsu ikusten» Baina final-laurdenetara pasatzeko aukera izateko etzi itxura ona eman beharko dela iritzi dio. «Zerbait egin daiteke. Horretarako, ezinbestekoa izango da Old Traffordetik berdinketa bat edo, txarren-txarrenean jarrita, gol baten desabantailarekin bueltatzea. Hala bada, San Mamesen bultzadarekin aurrera egiteko aukera izango dugu».

Bistan da baikorra dela Carmelo. Talde gaztea eta kalitatezkoa da oraingo Athletic, baina jokalari ohiak uste du euren Athleticen mailara ailegatzeko asko falta zaiela bai oraingo lehoiei eta bai oraingo deabru gorriei ere. «Orduko taldeak oraingoak baino askoz hobeak ziren. Orduan askoz zailagoa zen Manchester Unitedi irabaztea. Eta ez da ahaztea komeni Real Madrili Bernabeun Kopako finala irabazteko gai izan zen taldea zela gurea». Ez gara ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.