Maisua, bere ikasleaz

Manolo Los Arcos Osasunako harrobiko arduradun izandakoak ondo ezagutzen du Jose Manuel Mateo, teknikaria haren eskutik hasi baitzen entrenatzen Taxoaren.

Jose Manuel Mateo, entrenamendua zuzentzen, Taxoaren, joan zen astean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Entrenatzaile bakoitza mundu bat da. Bere ezaugarriak dauzka. Bere metodoak. Bere bideak lanerako. Bere tresnak. Bere izateko era. Bere gustuko jokatzeko eredua. Entrenatzaile bakoitzak berak landutako liburua eduki ohi duela esaten du gaztelerazko esamolde batek.

Talde batean, entrenatzaile bat kendu eta berria ekartzen dutenean, aldaketa antzeman egiten da. Berehalako emaitzetan batzuetan, eta laneko jardunean, beti. Aurrekoaren ezberdina delako berria. Osasuna dabil prozesu horretan, Jose Manuel Mateok Jan Urban ordezkatu zuenetik duela aste eta erdi pasatxo. Jokalariek egokitu egin behar dute ugazaba berriaren nahietara eta lan egiteko erara. Horretan dabiltza eguna joan eta eguna etorri.

Jokalariek baino lehenago ezagutu zuen Mateo entrenatzaile bezala Taxoareko arduradun ohiak: Manolo Los Arcosek (Milagro, Nafarroa, 1948). Beragana jo zuen BERRIAk aurreko astean, Osasunako entrenatzaile berriaren soslaia osatzeko: nolako ezaugarriak dituen, zertara jokatzea gustatzen zaion, nola egiten duen lan eta abar.

Los Arcosek sartu zuen Mateo Taxoareko lanean, entrenatzailearen beharrean: «Kadeteak entrenatzeko izan zen, eta gero, jubeniletan ere aritu zen». Baina entrenatzeko harra, baliteke lehenago sartu izana Mateo jokalariari. Izan ere, oraindik lehen taldeko jokalari zela hasi zen klubeko harrobiarekin lanean. Los Arcosek kontatzea onena nola izan zen: «Juanjo Lorenzo zen orduan kirol zuzendaria, eta erabaki zuen lehen taldeko jokalariek harrobikoekin harremana izan behar zutela. Hori jorratzeko otu zitzaion jokalariek harrobiko taldeen entrenamenduetan egon behar zutela arratsaldetan, talde horietako entrenatzaileei laguntzen. Orduan hasi zen Mateo aurreneko harremana izaten entrenatzeko jardunarekin».

Osasunan jokatzeari 2004an utzi zion Mateok, eta gero Valladoliden, Huelvako Recreativon eta Alavesen aritu zen, 2009an erretreta hartu zuen arte. Garai hartan sartu zuen Los Arcosek Mateo Taxoareko entrenatzaile bezala, baina urte gutxira beste talde batean zen: Alaveseko bigarren taldea entrenatzen hasi zen aurreko denboraldian, Hirugarren Mailan. Baina zuzendaritzak kargutik kendu zuen, eta ez emaitzak onak ez zirelako, kirol egitasmoan desadostasunak zituztelako baizik. Denboraldi honetan berreskuratu zuen Osasunak, bigarren taldea entrenatzeko, eta orain, lehen taldean da.

«Oso ordenatua da lanean. Gauza guztiak ondo lotuta edukitzea gustatzen zaio», hasi da definitzen Mateo entrenatzailea Los Arcos. «Profesional peto-petoa da, eta lana ere halakoxea egingo du». Ezaugarriak xehetzeko eskatuta, hau nabarmendu du Taxoareko arduradun ohiak: «Dena lotuta eduki behar horretan, konturik txikiena ere menderatuta izatea gustatzen zaio. Ñanardura txikiena ere zaindu egiten du».

«Ona da azalpenak ematen»

Azalpen orokorraren atzetik, jokoaren alorretan zer eta nola egitea gustatzen zaio hasi da azaltzen Los Arcos: «Defentsako lana osatzeko, zonako zaintza erabiltzen gustatzen zaio, oso berea du hori». Erasoan zer egingo duen, taldeak erasoa nola landuko duen azaltzerakoan, hauxe esan du: «Taldeko jokalarien ezaugarriak hartu beharko ditu kontuan. Ezin dizut esan joko zuzena edo askoz landuagoa erabiliko duen».

Mateo entrenatzen ikusi duten beste batzuk hasi dira bere jarduna sailkatzen eta erkatzen aurreko entrenatzaileekin: Javi Gracia bezain didaktikoa ez dela, Jan Urban baino gogorragoa dela, Jose Luis Mendilibar bezain zorrotza dela... Los Arcosek ondo ezagutzen du besteak Mateo sailkatzenari diren arlo horretan, eta hauxe nabarmendu du: «Oso ona da gauzak azaltzen jokalariei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.