Maisuak ikasleaz

Jose Luis Mendilibarrek, Eibarreko entrenatzaileak, beti esan izan du berak erabiltzen duen jokatzeko eredua Sestaon ikasi zuela, jokalari zenean. Hiru denboraldian, Javier Irureta 'Jabo' izan zuen entrenatzaile: «Meritua harena da», dio irundarrak.

Aitor Manterola Garate.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi pertsona edozer gauzagatik elkar daitezke bizitzan. Batzuetan, nahigabe izaten da, biak lanbide berean ari direlako, besterik gabe. Duela 33 urte, futbolak elkartu zituen Jose Luis Mendilibar eta Javier Iruretagoiena Jabo (Irun, Gipuzkoa, 1948). Zaldibartarra, egun Eibarreko entrenatzaile, Sestaok fitxatu zuen 1985eko udan, Espainiako Bigarren Mailara igo berritan. Irureta zen entrenatzaile. Hiru denboraldi egin zituzten elkarrekin, eta bideak bereizi ondoren; Mendilibarrek Sestaon jarraitu zuen 1993ra arte, eta ondorengo hauek ere izan zituen entrenatzaile: Blas Ziarreta, Nico Estefano, Maximo Martin eta Luis Mari Astorga.

Denetatik jaso eta ikasiko zuen zerbait. Edo dena. Izan ere, Mendilibarrek beti kontatzen du gauza bera: «Nire taldeek erabiltzen duten jokatzeko modua Sestaon ikasi nuen». Iruretak ondo gogoan dauka Mendilibar zertarako fitxatu zuten: «Logroñesen ari zen, eta gu Bigarren Mailara igo ginenean, 1984-85eko denboraldian, maila horretan aritzeko jokalari esperientziadunak behar genituen. Mendilibar gaztea zen, baina bazuen eskarmentua».

Zelaiaren erdian aritzen zen, edo hor jartzen zuen, behintzat, Iruretak: «Aurrelariaren atzetik jokatzen ipintzen nuen, eta hegaletan ere bai. Jokalari ona zen». Baina ez omen zen hain indartsua izaeran edo lehiarako grina azaltzean: «Hotz samarra zen, eta hark ere aitortu izan du hala zela. Ez zuen jenio bizirik». Irureta «harrituta» dago entrenatzaile lanetan nola aritzen den bere garaian jokalari izan zuena: «Hori da hori aldaketa. 180 graduko buelta eman du, eta egundoko jenioa erakusten du orain».

Joan dira hamar urte Iruretak aulkiko lana utzi zuenetik, eta, gerora bi denboraldiz Athleticeko harrobiko zuzendari aritu bazen ere, eta baita euskal selekzioko entrenatzaile ere 2011n, harrezkero desagertu egin da futboleko langileen zerrendatik, eta, orain, partidak ikusten dabil: «Pila bat ikusten ditut, telebistaz eta. Eibarrenak ere bai, jakina». Bai gustura ikusi ere: «Asko gustatzen zait nola jokatzen duen. Politak izaten dira ikusteko».

Maisuak ikusten dizkio ikaslearen taldeari maisuarenak bere garaian izan zituen ezaugarri bertsu batzuk: «Sestaon ginela, guri ere asko gustatzen zitzaigun aurkariaren zelaian presioa egitea, eta Mendilibarren Eibarrek ere gauza bera egiten du». Oso garbi dauka zer duen gustukoen eibartarren jokoan: «Presioa, zalantzarik gabe, eta partidari sartzen dion erritmo bizia». Bizitasun horrek ematen omen dizkio puntu asko: «Oso zaila da aurkarientzat halako abiaduran jokatuz partida osoa irautea, eta horretan maisu da Eibar». Nabarmentzeko moduko beste bereizgarri bat ere ekarri du gogora: «Ausarta da Mendilibar, eta taldeak ere horrela jokatzen du. Modu berean aritzen da Ipuruan zein kanpoan. Partida guztietan ateratzen da irabaztera Mendilibar».

Aurreko mendeko 80ko hamarkadako Sestao eta egungo Eibar alderatu dituen arren, «ezberdintasun handi bat» badela esan du: «Ez da ahaztu behar Sestaon Bigarren Mailan jokatzen genuela, eta Eibar egiten ari dena Lehen Mailan dela. Hor dago aldea, eta horregatik dauka sekulako meritua taldeak. Eta Mendilibarrek, jakina, nik bere garaian egindako lana baino zailagoa delako maila bat gorago jardun eta horrela jokatzea, hain emaitza onekin».

Iruretaren eskola oparoa

Liga hasiera honetan, boladaka dabil Eibar, eta azken bi partidak galdu egin ditu, Espanyolen zelaian eta Sevillaren aurka, Ipuruan. Ez dago kezkatua, baina, Irureta: «Sevillaren aurka, lehen zati oso ona egin zuen, presioa goian eginez eta baloia askotan lapurtuz. Aukera gutxi sortu zituen, hala ere. Baina ez da kezkatzekoa, gertatzen dira horrelakoak. Bide onean da taldea».

Hori bera esango dio Mendilibarri. Maisuak ikasleari. «Egiten dugu bat futbol zelai batzuetan, eta, jakina, futbolaz aritzen gara; zertaz bestela?». Badu zeinekin jardun irundarrak, Mendilibar bezala makina bat direlako entrenatzaile hainbat taldetan bere jokalari izandakoen artean: «Valverde, Aspiazu, Manix Mandiola, Albistegi, Ribera, Javi Gracia, Josu Anuzita, Ziganda... Asko dira».Kontatu du txantxak ere izaten direla bere jokalari ohiekin elkartzean: «Gracia beti aritzen zait esaten beste leku batean jarri behar izango nuela, Realean ni entrenatzaile eta hura jokalari izan ginenean».

Harrotasuna baino gehiago poza ematen diola esan du, hainbeste jokalari, bereak izandakoak, aulkietan ikusten dituenean: «Polita da norbere jokalariak izandako hainbat orain entrenatzaile direla ikustea, baina meritua haiena da, ez nirea». Eskola oparoa osatu zuen Iruretak, eta hark irakatsitako ikasgai asko hor zehar dabiltza zabalduta oraindik ere, talde batean edo bestean. Maisua dago orain ikasleei begira, lasai ederrean: «Futbolak asko erretzen du entrenatzailea. Oso gogorra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.