Faktore askok dute eragina saskibaloi partida bateko emaitzan, baina herenegun Miribillan jokatutakoan erabakigarria izan zen Gescrap Bizkaia taldeko Aaron Jacksonen ekarpena. Zenbakiek erakusten dute hori, batez ere, baina baita gidaritzak ere. Gidaritza ez da zenbakietan neurtzen, baina Jacksonek erabaki zuen erritmoan jokatu zuen Bizkaiak. Estatubatuarrak hartu zuen agintea, eta garaipenera eraman taldea. Fisikoki daukan indarra baliatuz, parean zeukan maisua gainditu zuen, haren adimena kamustu, eta, egun batez, Jackson ikasleak Teodosic maisuaren tokia hartu zuen, serbiarra bera hasi berriaren pare utziz, gainera.
Zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Teodosicek 45 puntuko balorazioa lortu zuen Moskun jokatutako bi partidetan. Hemezortzi lehenengoan, eta 27 bigarrenean, hemezortzi puntu eta bederatzi asistentzia lortuta. Jacksonek ez zuen gaizki jokatu (23 puntuko balorazioa Moskun jokatutako bi partidetan), baina iritsi nahi eta ezin ibili zen Teodosicekin ia beti. Bilboko lehen partidan Hartfordkoak hartu zuen ardura. Hemeretzi puntuko balorazioarekin bukatu zuen partida joko antolatzaileak, hamahiru puntu sartu eta zortzi asistentzia eman ondoren.
Estatistika horiek baino erabakigarriagoa izan zen Teodosici egin zion zaintza lan zorrotza. Nekatu egin zuen serbiarra eraso jokoan, kantxan alderik alde ibili, baloia gobernatzeko duen erraztasuna lagun, eta erritmo aldaketa etengabeekin. Teodosic jokalari bikaina da, talentu ikaragarrikoa, baina defentsa lanean alfer samarra da, kosta egiten zaio alboko mugimenduak egitea. Jackson tximista baino azkarragoa da segundo pare bateko mugimenduan, eta Gescrap Bizkaia azkartasun horri esker hasi zen partida irabazten.
Jacksonek asko hobetu duelako jokaldiak bukatzen. Aurreko sasoian itsutu egiten zen apur bat, eta jokalari garaienekin tupust egiten zuen sarri. Gaur, saskiratzea ziurra dela ikusten duenean bakarrik egiten du barneraketa osoa. Nabarmen hobetu du jaurtiketan, batez ere pauso bat atzera eman ondoren egiten duen fade away ezaguna, eta hirukoetan ere mehatxu eraginkor bilakatu da. Jackson hara eta hona korrika etengabe aritzen zen jokalari azkarra zen Bilbora etorri zenean, baina gaur azkartasun horri etekina ateratzen dion jokalari ona da.
Jacksonen erritmora
Miribillara doan edonork esaten du. Jacksonek ondo jokatuz gero, Bizkaia garaipenetik gertu egongo da. Batzuentzat bote gehiegi ematen dizkio baloiari, taldekideak ernegatu jokaldia 14-16 segundoren ondoren hasten duelako, baina denborak gehien estutzen duenean ateratzen du etekin handiena Jacksonek. Horren jakitun dira Marko Banic, D'Or Fischer eta Kostas Vasileiadis, besteak beste, azken unean asistentzia bat egiteko gertu, Jacksonek barneraketa hasi ondoren.
Eta Teodosic zer? Galduta, ezinean, Jacksonen azkartasunari aurre eginda. Serbiarrak, gainera, asko nabaritzen du aurkariari eusteko komeriak izatea. Ernegatu egiten da, eta ulertzen zailak diren erabakiak hartzen. Herenegun, batere zentzurik ez zeukan hiruko bat jaurti zuen, Jacksonek bere hamaikagarren jokaldia burutu ostean. Minutu pare bat geroago, Banicekin muturtu zen Teodosic, eta epaileek teknika adierazi zioten. Garaile petoa da, eta garaipenak lortzen ohitua dagoen neurrian, burua galtzen du garaipena lortzen ez badu.
Iluntzean Teodosic ernegatu antzean ikustea izango litzateke arrasto onena. Bizkaia kanporaketa berdintzear dagoela esan nahiko luke horrek.
Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak
Maisuz mozorrotu zen ikaslea
Aaron Jacksonek desorekatu zuen balantza hirugarren partidan. Teodosic nekatu zuen aurrena, haren ahuldadea zigortu defentsan, eta, partida irabazita, serbiarra bere onetik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu