RIO16. URREZKO DOLUMINAK

Maite minez

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2016ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ashton Eaton. Londresko urrezko domina Rion berretsi duen dekatloi txapelduna. Pertikako, gorako eta luzerako jauziak; pisu, disko eta xabalina jaurtiketak; eta 100, 110, 400 eta 1.500 metroko lasterketak ziztuan egiteko gauza den miragarria. Munduko Usain Bolt guztiek itzalpean utzi ohi dituzten benetako superatleten kastakoa. Gaur zortzi kritikak jaso zituen, AEBetako selekzioko kide izan arren Kanadakoaren bisera jantzita agertu zelako estadioko harmailetan. Heptatloia jokatzen ari zen Brianne Theisen bikotekidea animatzen ari zen Eaton, baina aberriarekikoa emaztearekiko maitasun erromantiko indibiduala baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu zioten iritzigileek, non eta indibidualismoa nagusi omen den gizartean. Jokoak bukatu bitartean, maitasun erromantiko kolektiboen munduko hiriburua delako Rio. Podiuma da grina horren gailurra, militar, bandera eta ereserki festarekin.

Maitemin indibidualek ere hartu dute beren tokia olinpiar plazan, hala ere. Hedabideek gehien haizatu dutena, errugbiko finalaren ostekoa: australiarrak garaipen ospakizun betean zeudenean, Marjorie Enya boluntarioak Deodoro estadioko mikroa hartu eta berarekin ezkontzeko eskatu zion Isadora Cerullo Brasilgo selekzioko jokalariari. Baietz erantzun zion Cerullok. Haien atzetik, Tom Bosworth atleta britainiarrak Copacabanako hondartzan eskatu zion ezkontzea Harry Dineley mutil-lagunari; Will Claye jauzilariak zilarrezko domina irabazi bezain pronto egin zuen jauzi harmailetara Queen Harrison neska-lagunari gauza bera galdegiteko; Charlotte Dujardin amazona eta He Zi tranpolin jauzilaria ere ezkongaiarekin bueltatuko dira Riotik. Ezkontzak maitasun erromantikoa zigilatzen duelako mitoa ere Rion bizi da, uztai olinpiar mediatikoek bedeinkatuta...

Maitasuna sentimendu bat da; ezkontza, berriz, maitasuna ezertarako behar ez duen kontratu bat.

Doluminak. Mindu maiteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.