Goizeko lan saioa hasteko ordubete falta dela azaldu da Bidebietako kiroldegira Elba Alvarez, Bera Berako jokalaria (Vigo, Galizia, 2001). Irribarretsu dago, eta berehala eman du arrazoia: «Aurreneko denboraldia dut hemen, eta zoriontsu naiz. Hiria ederra da, eta kirol ikuspegitik aurreikuspen guztiak betetzen ari naiz...». Baina gehiago nahi du.
Astebeteko etenaren ostean, bihar ekingo diezue ligako finalerdiei, Malagaren kontra. Nola zaudete?
Luzea egin da itxaronaldia. Kanporaketak hasten direnean, eta behin erritmoa hartzen duzunean, nik nahiago dut dena segidan jokatu. Nekagarria da, baina ohitu egiten zara. Dena den, etena ondo etorri zaigu, azken txanpa horri heltzeko behar genuen bultzada hori hartu eta Malagaren aurkako kanporaketa bete-betean eta zehatz prestatzeko. Gogotsu gaude, eta sasoiko garairik gozoenetako batean. Gainera, denboraldi honetan ere, taldea ondo lehiatu da une erabakigarrietan. Alde horretatik baikor naiz.
Kanporaketa zehatz-mehatz prestatzearen garrantzia aipatu duzu, baina elkar oso ondo ezagutzen duzue bi taldeek. Zer egin behar duzue finalerako sailkatzeko?
Teknikoki eta taktikoki ez dut uste aldaketa handirik izango denik. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta ezustea ematea zaila da. Xehetasun horiek ez dute kanporaketa erabakiko. Beraz, nik uste dut gakoetako bat asteazkenean, [bihar] Gaskan, partida oso on bat egitea izango dela, eta ahal dela alde txikiren bat lortzea. Bestea zera izango da, halako kanporaketa bat jokatzeak eragiten duen urduritasuna ondo kudeatzea. Lasai aritu behar dugu, eta gozatu, batez ere lehen norgehiagokan. Oso presente izan behar dugu kanporaketak bi partida dituela. Abantaila handiago bat lortzeagatik ezin gara presaka aritu eta huts egin.
«Oso presente izan dugu kanporaketak bi partida dituela. Alde handiagoa lortzeagatik ezin gara presaka aritu eta huts egin»
Malaga nola ari zara ikusten?
Oso ondo. Eskubaloia bizitzeko eta sentitzeko duten modua nabarmenduko nuke. Kalitate handiko jokalariak dituzte, baina batez ere haien talde izaera nabarmenduko nuke. Oso multzo lehiakorra dira. Jokalari bakoitza bakarka aztertuta, uste dut hiru jokalari erabakigarri daudela: Castellanos atezaina, Espe Lopez eta Resende.
Askorentzat ligako bi talderik indartsuenak zarete, eta zuen artekoa beharko luke finalak. Hala uste duzu zuk ere?
Urte askotan egokitu zait Bera Beraren eta Malagaren arteko partidak kanpotik ikustea eta bizitzea, eta baietz uste dut. Baina beste finalerdian nor baino nor gehiago arituko diren taldeak ere aintzat hartu behar ditugu. Guardes lehen postuan geratu zen liga erregularrean, eta denboraldi paregabea egiten ari da; Elx, berriz, kostata hasi zen, baina azken txanpa honetan bikain ari da.
Zer duzue hobetzeko Granollersen aurkako kanporaketaren aldean?
Malagari irabazteko, hobeto aritu beharko dugu defentsan, oldarkorrago. Granollersen aurkako bi partidetan gol gehiegi sartu zizkiguten. Guk ere asko sartu genituen, eta horrek esan nahi du erasoan ondo ari garela. Baina Malagari ezin diogu utzi eroso jokatzen eta baloia bizi mugitzen. Gainontzean, oso erraz aurkituko dituzte zuloak hegaletatik, eta min handia egingo digute buruz buruko jokaldietan. Ez zaizkigu komeni gol askoko partidak.
Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi dituzue jada. Liga irabazteko presioa duzue?
Anbizio handia dugu, eta Bera Berara iristen zarenean hasieratik adierazten eta erakusten dizute irabazteko beharra. Liga ez irabazteak aho zapore gazi-gozoa utziko liguke. Baina denboraldia oso ona izaten ari dela uste dut. Bi titulu irabazi ditugu, eta Europan lau finalera sailkatzear egon ginen. Aurreikuspenak gainditu ditugu, Europan helburua multzoen fasera iristea baitzen.
Alba Menendezi eta Esther Arrojeriari merezitako agurra egingo zaie partida aurretik. Haiengatik ere irabazi nahiko duzue liga, ezta? Nola ikusten dituzu bi kapitainak?
Dudarik gabe. Azkenera arte gozatu nahi dugu haiekin eta haietaz. Ederra litzateke liga irabazita agurtzea, eta dena emango dugu hala izan dadin. Nola dauden? Ziurrenik, adierazten diguten baino urduriago [barrez]. Baina pozik daudela eta gozatzen ari direla uste dut, haien ibilbidea ikaragarria izan baita. Luxu bat da haien azken denboraldian hemen egotea.
Jokatzen duzun postuarengatik, minutu asko egin dituzu Esther Arrojeriaren ondoan. Zer ikasi diozu?
Espainiako selekzioan harekin jokatzeko aukera izan nuen aurretik, baina denboraldi osoan haren alboan jokatzeko aukera izatea opari hutsa da. Egunero aztertu dut nola egiten duen lan eta nola jokatzen duen: ikaragarrizko gaitasuna du jokaldiak ikusteko, bizia da barneraketak egiten, erdian zein alboan jokatzeko gaitasuna du... Etortzen dena etortzen dela, ordezkaezina da. Zorte handia izan du. Eskubaloia ikusteko eta bizitzeko modua aldatu dut hari esker. Asko eman dit, eta espero dut nik ere zertxobait eman izana hari. Aulan Tere Alvarezekin jokatzeko aukera izan nuen; hemen, Estherrekin. Erreferenteak dira biak.
«Opari hutsa izan da Estherrekin [Arrojeria] aritzea denboraldi osoan. Eskubaloia ikusteko eta bizitzeko modua aldatu dut hari esker. Ordezkaezina da»
Lehen denboraldia duzu Bera Beran, eta jokalari garrantzitsuenetako bat bihurtu zara. Nolakoa izan da zuretzat sasoia?
Izugarria, pentsaezina: bi titulu irabazi ditugu, Europan bikain aritu gara... Zoriontsu nago hemen. Etxean bezala sentiarazi naute hasieratik, eta horrek asko lagundu dit. Kirol ikuspegitik, uste nuen Bera Beraren jokatzeko erak mesede egingo zidala, eta asmatu dut. Gainera, partidak hobeto kontrolatzen ikasi dut, eta aukera izan dut presio handiko neurketak jokatzeko. Uste dut etorri nintzenean baino jokalari hobea naizela, eta gehiago nahi dut. Mentalki ere urrats bat egin dut. Niretzat ez zen erraza izan Valladolid uztea.
Arrojeria alde batera utzita, zer taldekidek harritu zaitu gehien?
Zaila da bat aukeratzea. Baina Elkeren [Karsten] izaera lehiakorra nabarmenduko nuke. Une oro du lehiatzeko gogoa. Lindyerekin [Tchaptchet] eta Carmenekin [Martin] ere ezuste handia hartu dut. Oso gazteak dira, langileak, eta defentsako lanean puntakoak. Altxor bat dira, eta hemen dauden bitartean aprobetxatu egin behar ditugu.
Beste urtebeterako luzatu duzu kontratua. Bigarren denboraldia izanda, beste aurrerapauso bat eman nahiko duzu, ezta?
Dudarik gabe. Helburu asko bete ditut, baina ziur nago erronka berriak topatuko ditugula, bai nik, bai taldeak. Esther joan egingo denez, gainera, haren postuan jokatzen dugunok aurrerapauso bat eman beharko dugu.