Malen Monasteriok (Zarautz, Gipuzkoa, 2006) bere izena ezagutarazi du halterofilian. Zarautz kirol elkarteko pisu altxatzaileak 11 errekor egin zituen Espainiako Txapelketan, Zaragozan, 53 kilo baino gutxiagokoen mailan. Denera 184 kilo altxatu zituen: 85 kilokoa kolpe bakarreko jasoaldian, eta 99 kilokoa bi aldiz.
Monasteriok hobetutako 11 marka horietatik zortzi gazte mailakoak izan ziren, zarauztarrak 19 urte baino ez baititu. Beste hiru errekorrak, berriz, maila nagusikoak. «Oraindik ezin dut sinetsi zer egin nuen», aitortu du. Txapelketa bukatu arte ez zen konturatu zer-nolako balentria egin zuen: «Ez nekien errekorrak hain gertu neuzkanik; nire entrenatzaileak, aldiz, bai».
Zarauztarrak onartu du ez zuela «batere espero» marka horiek egitea: «Pisu horiek ez nituen inoiz ukitu», azaldu du. Aurreko entrenamenduetan eta txapelketetan pisu horietatik gertu ibili arren, ez zuen «inondik inora» imajinatzen hainbeste marka hobetuko zituenik. «Hilabete hauetan guztietan egindako lan guztia erakutsi ahal izan genuen».
Monasteriok azaldu du inoiz ez duela bere burua «horren ondo» nabaritu txapelketa batean. Onartu duenez, «urduri» zegoen txapelketaren hasieran, baina «sasoiko» ikusi zuen bere burua. «Beroketan jada konturatu nintzen oso ondo nengoela; orduantxe ohartu nintzen banuela modua txapelketan ondo aritzeko».
Espainiako Txapelketan egindako marka bikainei esker, munduko eta Europako txapelketetarako sailkatu da gazte mailan. «Aurtengo helburuetako bat zen Europako Txapelketarako sailkatzea gazte mailan, baina oso urrun ikusten genuen Munduko Txapelketan aritzea».
Barneratua du irabazteko lehian aritzea «askoz ere zailagoa» izango dela punta-puntako bi txapelketa horietan. Hori kontuan hartuta, argi du helburua: «Batetik, esperientzia hartu nahi dut; eta, bestetik, ondo pasatu: gozatu egin nahi dut esperientzia honetaz». Ez da inoiz aritu halako txapelketa garrantzitsuetan, eta nolakoak diren ikusi nahi du. «Ez dakit ondo zer maila egongo den txapelketa horietan».
Irailean arituko da gazte mailako Europako Txapelketan, Albanian. Urrian, berriz, Munduko Txapelketan lehiatuko da, Norvegian. Horiek horrela, uda osoa izango du gogor entrenatzeko: «Udan denbora libre gehiago izango dudanez, hobeto eramango dut presioa; ez da hainbestekoa izango». Bi txapelketa horietan aritzeak «entrenatzeko motibazio handiagoa» emango diola uste du. «Hilabete hauetan ondo entrenatu, eta txapelketa horiek disfrutatu nahi ditut».
«Oraindik ezin dut sinetsi zer egin nuen. Ez nekien errekorrak hain gertu neuzkanik; nire entrenatzaileak, aldiz, bai»
MALEN MONASTERIOPisu altxatzailea
Halere, iruditzen zaio balitekeela Espainiako Txapelketan 11 marka hautsi izanak «presioa» eragitea. «Jendeak esperoko du berriro oso ondo aritzea». Hala ere, zehaztu du ez entrenatzaileak ez ingurukoek ez dutela estu hartzen. «Nik jartzen diot presioa neure buruari, ahalik eta emaitza onenak lortzeko».
Hala ere, ez zaio helburua aldatuko Europako eta munduko txapelketetan: «Nire helburua gogor entrenatzea da, eta egindako lana txapelketetan erakustea. Aurreko helburua horrelako txapelketa baterako sailkatzea zen».
Teknika eta hanketako indarra
Halterofilian bi mugimendu nagusi daude: kolpe bakarreko jasoaldia, eta jasotzea eta altxatzea. Kolpe bakarrekoan, pisua lurretik zuzenean buru gainera altxatzen da. Jasotzean, berriz, bi pauso daude: lehenbizi, pisu barra sorbaldaraino igotzen da kokoriko jarrita, eta, gero, sorbaldatatik buru gainera igotzen da.
Monasterio astean bost aldiz entrenatzen da; bi ordu inguruz aritzen da aldi oro, jo eta ke. «Egunero lantzen ditugu askotariko ariketak bi mugimenduetan». Gainera, azaldu du halterofilian oso garrantzitsua dela hanketako indarra ere. Hori lantzeko, kokorikatze ariketak egiten ditu entrenamendua bukatzen duenean.
Hain zuzen, Monasteriok uste du hanketako indarra dela hobetzeko duen ezaugarririk garrantzitsuena: «Pixka bat falta zait oraindik, baina hobetzen ari naiz». Hilabete hauetan kokorikatze ariketa asko egiten aritu da entrenamenduetan, horiek eginez hobetzen baita gehien. Haren iritziz, hanketako indarra funtsezkoa da.
Monasterioren ustez, bada beste dohain garrantzitsu bat ere: teknika. «Teknika indarra baino garrantzitsuagoa da, eta asko landu behar da. Pisuak altxatzen hasi aurretik, teknika landu beharra dago».
Bere burua aztertuta, azpimarratu du haren indarguneak ez direla ez indarra, ez teknika. «Nire dohain nagusia da lehiaketetan arlo psikologikoa ondo eramatea. Oso garrantzitsua da hori: pentsatzen baduzu ezin duzula, ezin izango duzu, nahiz eta indarra eduki».
Halterofiliak Euskal Herrian duen egoerari dagokionez, «gero eta hobea» dela azaldu du. «Azken urte hauetan, ezagunago egiten ari da, eta jendea gehiago animatzen da». Horren harira, nabarmendu du «neska asko» hasi direla jarduera horretan. Haren ustez, halterofilia «indarra hartzen ari den seinale» da hori. Haren klubaren egoera aipatu du adibide moduan. «Gurean neska gehiago daude mutilak baino».