Mamuak kale egin zain

Bihar hasiko da Granadan hurrengo bi urteetarako Europako talderik onena erabakiko duen txapelketa. Grezia da tituluaren jabea, eta Espainia munduko txapeldunarekin batera, saria irabazteko faborito nagusia. Aurrez aurre izango dituzte Frantzia, Lituania eta Balkanetako selekzioak eta izarrak.

2007ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Dena prest dago Madrilgo Europako Txapelketa abian jartzeko. Bihartik aurrera, eta irailaren 16a bitartean, nor baino nor ariko dira Europako saskibaloi jokalaririk onenak. Txapelketa hasi aurreko prestaketari erreparatzen badiogu, Espainia da faborito nagusia. Etxeko taldea koska bat gorago dago, ez baitu azken bi urte hauetan partida bakar bat ere galdu. Aurrean izango duen areriorik gogorrena Grezia da. Helenoak dira tituluaren jarduneko jabeak, eta Theo Papaloukas bikainaren zuzendaritzapean, lanak eman behar lizkioke Gasolen taldeari.

Grezia eta Espainia dira, hain zuzen ere, talde jokorik osoena duten selekzioak. Pepu Hernandez eta Panagiotis Yannakis entrenatzaileek beste edozein hautatzaileek egin dutenaz bestera lortu dute beren izarrak taldearen onurarako lanean jartzea. Izan ere, biek bloke berdinarekin dihardute lanean azken bi urteetan. Iazko Munduko txapelketak erakutsi bezala, derrigorrezkoa izango da irabazle izan nahi duen taldearentzat talde jokoan pitzadurarik ez erakustea.

Dagoeneko ez da nahikoa buruzburuko jokoan maisua izatea. Horren adibide dira Kroazia eta Serbia. Izar asko etxean utziko dituzten arren, Madrilera daramatzaten hainbat jokalarik talentua borborka erakusten dute. Bakarkako talentu hori taldekoarekin uztartzeko ezina azaldu dute azken urteetan, ordea.



TALDEAK ETA LEHIAKETA. Lehen faserako lau taldetan banatu dituzte 16 selekzioak. Alacant, Granada, Mallorca eta Sevilla hirietan jokatuko da lehen fasea. Talde bakoitzeko lehenengo hirurek lortuko dute bigarren faserako txartela. Bigarren fasera pasatako 12 taldeak bi multzotan banatuko dira final-laurdenetarako bidean: A eta B taldeetako hiru onenak batetik, eta C eta D taldeetako hiru onenak bestetik.

Gauzak horrela, Espainiak eta Greziak elkarri aurre egin beharko diote bigarren faseko final aurreratu batean. Lehiaketaren bigarren fase horretan baliagarriak izango dira lehen ligaxkan lorturiko emaitzak. Final-laurdenetara multzo bakoitzeko lau talde onenak pasatuko dira, eta talde bateko onena beste taldeko txarrenarekin, eta bigarrena hirugarrenarekingurutzatuko dira. Final-laurdenak eta ondorengo norgehiagoka guztiak partida bakar batera jokatuko dira.



A multzoa

Grezia, Serbia, Errusia, Israel.

A taldea da multzorik zailena, eta Greziak adi egon beharko du. Ez luke aurrera egiteko arazorik eduki behar, nahiz eta txapelketak gaizki hasteko ohitura txarra duen. Greziarekin, Errusiak etaSerbiak egin beharko lukete aurrera, saskibaloian logikak zentzua izango balu. Serbiak hutsune garrantzitsu asko izango ditu (Stojakovic, Racocevic...), baina kalitatea soberan du. NBAko Milicicek edo eta Marco Jaricek buruz buruko jokaldietan oinarritutako joko alai bezain anarkikoaren zuzendaritza lanak hartuko dituzte.

Lehen partidan Errusiaren kontra egin beharko dute, saskibaloia ulertzeko estiloen talkan: serbiarren joko lotsagabea, David Platt entrenatzaileak inposatutako defentsa eta fisiko gogorraren eta erritmo astunaren aurka. Adi Errusiak egin dezakeenarekin.



B multzoa

Espainia, Kroazia, Letonia, Portugal.

Espainiak partidarik galdu gabe lortu beharko luke hurrengo faserako txartela. Portugal taldeko azkena izatea da litekeena. Kroaziak talde ona du, aurrera begira, baina dominak lortzeko borrokan sartzea ia ezinezkoa izango du. Letoniarrek Andris Biedrins Golden State Warriorseko jokalaria izango dute armarik onena, eta talderik ahulenen partetik ezustekorako paradarik egonez gero, eurak izan daitezke protagonista.



C multzoa

Lituania, Alemania, Turkia, Txekia.

A multzoaren ostean zailena da C multzoa. Lituania da lehen postuan sailkatzeko faborito nagusia. Jasikeviciusen bueltarekin talde sendoagoa da, baina partida bakarrean ez da Alemania edo Turkia baino askoz hobea. Alemaniarrek oso maila ona erakutsi ohi dute txapelketa ofizialetan (Alemania baino, beharbada Nowitzki esatea egokiagoa litzateke).

Turkia, Hedo Turkoglurekin, kontuan hartzeko moduko taldea da. Gauzak behar bezala egiten badituzte, brontzezko domina lortzeko aukera izan dezakete, Erdoganen azken orduko hutsunea oso garrantzitsua bada ere.



D multzoa

Frantzia, Eslovenia, Italia, Polonia

Frantziarrak txapelketako hirugarren posturako faborito nagusiak dira. Tony Parker NBAko finaleko jokalari onenak eta Boris Diawk talde sendo eta indartsua bilakatu dute Frantzia. Aurrean Belinelli eta Bargnani gazteekin berritu den Italia izango du Frantziak. Eskarmentu gutxi du Esloveniak, eta ezustekoren bat eman nahiko du. Bere izar gehienek txapelketan parte hartzeari uko egin diote. Poloniako selekzioak, azkenik, nahikoa izango du partida guztiak galtzen ez baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.