Munduko Kopa

‘Maracanaço’-a txiki gelditu da (1-7)

Alemaniak bost gol sartu ditu ordu erdian eta nagusitasun handiz sailkatu da finalerako. Brasil, aldiz, Brasil tamalgarri aritu da, atzean erraztasun handiak emanez

Brasilgo zale bat, burumakur. BALLESTEROS / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 8a
07:34
Entzun

Gaua inoiz baino ilunagoa izango da Belo Horizonten. Brasil osoa ilunpean gelditu da kolpetik. Futbola erlijioa den lurraldean apokalipsia egon da, etxean gainera. Futbolaren historia liburuetan hizki larriz gogoratua izango den astindua. Maracanaçoa ahaztu ez den bezala, Alemaniak partidako lehen ordu erdian emaniko erakustaldia belaunaldiz belaunaldi kontatua izango da. Makinek, gainera, ez dute errukirik izan, eta gol bat bestearen atzetik sartu dute etxekoen ilusioa zanpatu arte. Talde perfektua izan da eta Brasilen ezinak munstroa are gehiago elikatu du. Bost gol ordu erdian eta Munduko Kopako finalerako txartela. Bide batez, 2002ko finaleko ordaina hartu du. Zortzigarrena jokatuko du igandean, eta gainera nekerik pilatu gabe.


Luiz Felipe Scolarik traizio egin dio Brasilen futbolaren magiari eta bere larruan nabaritu du. Kargua utziko du, ezinbestean. Urte luzez min emango duen erredura eta ezabatuko ez den orbaina. Brasilek giharraren aldeko apustua egin, eta baloiari uko egin dio, eta Alemaniak beso zabalik jaso du oparia. Baloia hartu eta erabili, eta nola gainera. Hori gutxi ez balitz gainera Brasilek erraztasun harrigarriak eman ditu. Atzeko lerroa karikatura izan da. Thiago Silva falta zen, baina arazoa haratago zihoan.


Alemaniaren lehen gola ahulezia horren lagin izan da (13. min). Marceloren huts batek kornerra ekarri du. Kroosek zehatz atera du, eta Muellerrek, bakarrik area txiki ertzean, oinarekin eta botatzen utzi gabe errematatu du. Brasilgo atzeko lerroak bistatik galdu du, David Luizek bereziki. Zantzu txarra... 


Brasilen ezina atzean eta aurrean nabari zitekeen. Erasoan baloi luzeak izandira baliabide bakarra, ezin zuelako Alemaniaren presioa pasa, eta aurkariak kale egin ezean oso zaila da hala gola egitea. Alemaniak behin eta berriz izan du baloia oinetan, bere jokorako behar duen erregaia eta gora egin du. Bigarrena Klosek sartu du jokaldi landu batean (23. min), area barrutik berriz ere. Aurrelari beteranoa —2002ko final hura jokatu zuen— Munduko Kopetan gol gehien sartu dituen jokalaria da orain.  Hamaseigarrena sartu du, Ronaldok baino bat gehiago.

Brasil jota zegoen, eta Alemaniak hatza zaurian sartu du behin eta berriz. Handitu egin du, lau minututan hiru gol sartuz (26. 27. eta 29. min): Kroose, Khedira eta Kroose, hiruak area barruan eta jokaldi landuetan. Zirimola hutsa zen Alemania. Olatua zelai gainean eta olatua harmailetan, zaleen malkoekin eratu dena. Aurretik, Brasilgo futbolaren ordurik luzeena gelditzen zen. 

Golak. 0-1: Muellerrek (11. min.); 0-2: Klosek (23. min.); 0-3: Kroosek (24. min.); 0-4: Kroosek (25. min); 0-5: Khedirak (29. min.); 0-6: Schurrlek (70. min); 0-7: Schurrlek (78. min); 1-7: Oscarrek (90. min).
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.