laburrak, esanak, datuak

Maradona: "Schweinsteiger, urduri al hago?"

2010eko uztailaren 1a
09:39
Entzun
LABURRAK

- Dungaren arazoak zelai erdia osatzeko. Carlos Dunga Brasileko hautatzaileak arazoak ditu nahi bezalako zelai erdia osatzeko. Izan ere, Elano, Julio Baptista eta Felipe Melo erdilariak min hartuta daude, eta Ramires zigortuta txartelengatik. Dani Alves, Gilberto Silva, Kaka eta Robinhok ziur jokatuko dute. Beste bat falta da erdialderako; Josue edo Kleberson atera dezake Dungak. Bihar jokatuko du Brasilek final-laurdena, Herbehereen aurka (16:00).

- Fernando Llorentek ordezko segituko du. Asteartean Fernando Llorente Espainiako selekzioko -eta Athleticeko- jokalaria bikain aritu zen arren Portugalen aurka, larunbatean ordezko segituko du Paraguairen aurkako final-laurdenean (20:30). Hala jakinarazi du Vicente del Bosque hautatzaileak. “Fernando Torres da gure aurrelaria, eta titular jarraituko du”, esan du Del Bosquek.

- Bere ama jipoitzen saiatu zirela salatu du Osoriok. Argentinaren kontra jokatutako partidan, bigarren golean, huts nabarmena egin zuen Osorio mexikarrak. Berak salatu duenez, Johannesburgoko Soccer City estadioan bertan zale mexikarrak bere ama eta senitartekoak jipoitzen saiatu ziren. "Haiek ez dute errurik. Guk ez dugu inor hil".

ESANAK

- Bastian Schweinsteiger (Alemaniako jokalaria). “Argentinarrak probokatzaileak dira”.

- Diego Armando Maradona (Argentinako hautatzailea). "Hi, Schweinsteiger, zer pasatzen da? Urduri al hago?".

- Carlos Bilardo (Argentinako hautatzaile ohia). “Argentina honek 1986an mundiala irabazi genuen haren antza du arlo askotan. Talde hark ez zuen hasieran sinisten, eta gero zoramena izan zen”.

- Luis Figo (Portugaleko jokalari ohia). [Cristiano Ronaldori kritika eginez] “Kapitainak beti taldea defenditu behar du. Une zailetan berak eman behar du aurpegia”.

- Johan Cruyff (entrenatzaile ohia). “Inoiz ez nuke ordainduko Dungaren Brasil ikusteagatik”.

- Luis Fabiano (Brasileko jokalaria). "Ni ez nago baloiari txipa jartzearen alde. Polemika ona da futbolean. Baina ingelesen gol hura... Nire amonak ere ikusi zuen, eta betaurreko potoloak daramatza".

DATUAK

- Estadioetako ikusle errekorra lortzear. Orain arteko mundialetan Ameriketa Estatu Batuetakoan izan da ikusle gehien estadioetan, 1994an: 3,59 milioi. Ondoren 2006an, Alemaniakoan; 3,36. Gaur FIFAk iragarri du Hegoafrikakoan lor daitekeela errekorra. Oraingoz, 2,69 milioi lagun izan dira estadioetan futbol partidak ikusten, eta final-laurdenak hasi gabe daude.

- Positiborik ez. FIFAko medikuen buru Jiri Dvorakek jakinarazi duenez, Munduko Kopan jokatutako 52 partidatan dopinaren kontrako 208 kontrol egin dira, eta ez da positiborik egon. Azken positiboa 1994an eman zuen Maradonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.