Arrauna

Marea bizietan, geraezin

Urdaibaik irabazi du Getxon, aurkari zuzenak atzean utzita, eta sailkapeneko lidergoa sendotu du. Atzetik, Hondarribia, Zierbena eta Donostiarra daude

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, Getxoko bandera astintzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Olatu gainean da Bou Bizkaia, olatu erraldoi batean, eta ez dirudi olatu horretatik jaisteko asmorik duenik. Aurreikusten zen arren, atzo bai, atzo, gainditu beharreko aurkaria indartsuena dela ziurtatu zuen Urdaibaik. Iker Zabalaren arraunlariek erakustaldia eman zuten Getxoko uretan, eta denboraldiko bosgarren bandera altxatu zuten. Hondarribia gertutik dute sailkapenean, atzo bigarren izan zen, eta bi puntura dago. Alabaina, uretan tarte hori handiagoa dela dirudi.

Estropada ikusgarria aurreikusten bazen ere, hain handia ez zen espero. Lehen bi txandak ikusgarriak izan ziren, batez ere, bigarrena. Baina ohorezkoa, ohorezkoa da, eta eremu baldintza horietan, argi zegoen maila gaindituko zutela. Bigarren txandako garailea izan zen Orioren denborak birrintzeko gai izan ziren lau traineruak.

Lehen kaletik Urdaibai, bigarrenetik Zierbena, hirugarrenetik Donostiarra, eta laugarrenetik Hondarribia. Horrela eman zioten irteera ligako lau oilarrek. Donostiarra hasi zen bizkorren, Hondarribia makal, eta Urdaibai eta Zierbena Donostiarrari gertutik jarraituz. Lehen balizatik oso gertu irten ziren lau ontziak, baina haietako batek ezustea eman zuen. Ama Guadalupekoa-k, lehen txandan Ondarroak egin zuen jokaldia errepikatzen saiatuz, eta ez zitzaion gaizki atera Joseba Amunarrizi. Ziztu bizian hartu zuten Urdaibairekiko ontzi bateko aldea, eta estropada puskatzeko intentzioa izan bazuten ere, ez zuten Bou Bizkaia askatzea lortu. Minutuko 39 paladako erritmoa hartu zuen Gorka Aranberrik gidatutako traineruak, eta olatu gainean iritsi ziren bigarren balizara. Ordurako, zazpi segundoko aldea zuen Hondarribiarekiko, eta hirugarren luzean handitu egin zuen. Hondarribiak, lehen postuagatik borrokatzetik, bigarrena borrokatzera igaro zen Donostiarrarekin. Dantza horretan murgildu ziren Ama Guadalupekoa eta Torrekuako arraunlariak, nor baino nor gehiago. Pare bat aldiz hartu zuten aurre bakoitzak, baina azkenean Hondarribia nagusitu zen. Zierbena izan zen txandako galtzailea, aurreko hiruen abiadura ezin jarraitu.

Helmugara Urdaibai iritsi zen lehena. Ez zuen ezer oparitu nahi izan, eta arraunlari onenak jarri zituen tostetan. 13 urte igaro dira Bou Bizkaiak Getxon azkenekoz irabazi zuenetik, eta eskifai artatik Alain Colunga besterik ez da geratzen. Txikitu egin zuen estropada, eta gainera, amaiera ongi kudeatu zuen gaurko estropadan pentsatuz. Handia egin zuen, erlojua 20.35 ean geldituz. Bigarren Hondarribia izan zen, 9 segundora. Ondoren Donostiarra, 18 segundora, eta azkenik Zierbena, 22ra.

Lehen bi txanda lehiatuak

Uretara sartzen lehenak Santurtzi, Kaiku, Meira eta Ondarroa izan ziren. Ondarroak aparteko bigarren itzulia burutu zuen 21 minutu eta 40 segundoko denborarekin lehen txanda eskuratzeko. Santurtzi izan zen bigarren, Kaiku hirugarren eta Meira laugarren. Bigarren txandan Getaria, Orio, Isuntza eta Cabo aritu ziren. Garaipena Oriok eskuratu zuen 21 minutu eta 16 segundoko denborarekin. Bigarren Getaria, hirugarren Cabo eta laugarren, minutu erdira, Isuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.