Marea gora, marea behera

Negua laster iritsiko da Euskal Herrira. Atseden garaia txirrindularientzat. Atzera begirakoa egin eta bildutako uzta aztertzeko une aproposa. Batzuk pozik daude, bestetzuk triste, denean bezala.

Andoni Urbistondo.
2006ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Nekazarien pare, urte hasieran ereindakoaren uzta jasotzen dute txirrindulariek udazken gorrian. Pozik daudenak ez dira gutxi, baina haiek baino gehiago dira espero baino emaitza apalagoak lortu dituztenak, buruari buelta gehiago emango dizkiotenak. 28 laguneko 20 talde daude Pro-Tour Ligan, 560 txirrindulari denera, baina 24 txirrindularik soilik iritsi edo gainditu dute bost garaipeneko langa, %5ek baino gutxiagok, orotara. Besoak garaile jaso dituztenak %5 baino askoz gehiago dira, baina nagusi, ezbairik gabe, besoak jasotzeko aukera izan ez dutenak dira. Bi gurpilen kirola igogailuak bezalakoa da, olatuak edo marea bezalakoa: gora eta behera, etengabe.

Zenbakiak gogoan, askok negu lasaia pasatuko dute. Horien artean tropeleko izar distiratsuenak daude. Tom Boonen flandestarraren izarra da distira handiena egin duena. Quick Step taldekoak 21 garaipen lortu ditu, beste inork baino gehiago. Boonenek, dena den, ezer gutxi egin du ekainetik urrira. Etapa bat Suitzako Itzulian, hiru Beneluxeko Tourrean abuztuan, eta irailaren 3an azkena Bretainiako Itzulian. Garaipen horiek baino oihartzun handiagoa izan dute Tourrean garaipenik ez lortu izanak, edo Salzburgoko Munduko Txapelketan kale egin izanak nabarmen; errepidekoan urrezko domina leporatzeko prestakuntza egin baitzuen abuztuan eta irailean, itsu-itsu. Kontuak kontu, Boonen urteko txirrindulari onena izan da, 21 garaipenetatik zortzi Pro-Tour Ligako probetan lortu dituelako. Horien artean garrantzitsuenak Paris-Nizako hiru etapa, eta Flandesko Tourra.

Esprinter hutsa baino askoz gehiago da Boonen, eta horregatik irabazten ditu iparraldeko klasikoak. Alessandro Petacchik eta Robbie McEwenek ez dute gaitasun hori, baina Boonenekin muturrekoka aritzen dira urtea joan, urtea etorri. Txirrindulari azkarrenen arteko konpetentzia handia izan arren, zakua ondo beteta dute italiarrek eta australiarrek. Petacchirena marka da, hilabete asko min hartuta igaro arren 13 garaipen lortu dituelako. Kopuru bera lortu du McEwenek, baina Davitamon taldekoarentzat da podiumeko bigarren eskailera maila: Pro-Tour Ligan zazpi garaipen lortu ditu, eta Petacchik bakarra. McEwenek hiru etapa irabazi zituen Giroan, eta beste hainbeste Tourrean. Ez da gutxi.

Podiumean egon gabe, denboraldi ikusgarria egin duten txirrindularien sorta handia da. Lau lagun hamar garaipeneko kopuru biribilaren atarian geratu dira: bederatzi. Paolo Bettini, Stefan Schumacher, Daniele Bennati eta Jose Serpa. Bettinik aho bete hortz utzi ditu zaleak, beste behingoz, bere erakustaldiekin. Munduko Txapelketak itsututa zeukan erabat italiarra, baina lortu zuen, eta atsedena hartu. Zorionetik zorigaiztora, ordea, tarte txikia izaten da batzuetan, eta bere poza Sauro anaiaren heriotzak belztu zuen. Samina eta tristura Lombardiako Giroan azaleratu zituen maisu Bettinik, ostadar maillotaren jabeak, pasa den larunbatean.

Bennatik garaipen kopuru berbera lortu du, baina zirkinik txikiena ere ez dio egin Bettiniri. Lamprekoak esprinter azkarrenek kale egindako probetan loditu du bere garaipen zerrenda. Poloniako Itzulian, esaterako. Stefan Schumacherrek Poloniako Itzulia eta bi etapa irabazi zituen, baina Giroko bi etapa garaipen dotorerekin lortu du izena tropelean.

CSC, TROPELEKO TALDE ONENA. 10 onenen artean daude CSC taldeko hiru txirrindulari: Fabian Cancellara eta Jens Voigt zortzi garaipenekin, eta Ivan Basso zazpirekin. Hirukote horren jardunari esker 2006. urteko talde onena izatea lortu du Danimarkako blokeak, baina CSC hirukote hori baino askoz gehiago da. Bjarne Riisen taldeak 51 garaipen lortu ditu, baina 16 txirrindularik lortu dituzte garaipenak.

Quick Step taldearen emaitzak argigarriak dira CSC taldeko blokearen garrantzia ulertzeko. Tropeleko txirrindulari onenetako bi ditu Quick Stepek: Boonen eta Bettini. Bien artean 30 garaipen lortu dituzte, eta taldeak 45. Garaipenen %66, hain zuzen ere.

Beste bi talderen jarduna nabarmentzea ere derrigorrezkoa da. Gerolsteinerrek 41 garaipen lortu ditu, 14 txirrindularirekin, eta beste hainbeste Pro-Tour Ligan. Alemaniako talde indartsuena bilakatu da edateko ura iragartzen duen taldea, T-Mobile ahaltsuaren kaltetan. Lamprek ere 27 garaipen lortu ditu, baina horietatik lau bakarrik Pro-Tour Ligan.

Euskaltel-Euskadiren balantzea ere bitxia da. Bukaera aparta eman dio denboraldiari talde laranjak, baina garaipen kopuruari begiratu eta Pro-Tour Ligako kaskarrena izan dela jabetu, biak bat. 11 garaipen. Horietatik bost, ordea, Pro-Tour Ligakoak dira. Zazpi talderen balantzea gainditzen du arlo horretan.

BerezITasuna

Izena. Jose Serpa (1979, Kolonbia).

Taldea. Kolonbia-Selle Italia.

2006 urtea. 9 garaipen, Pro-Tour Ligatik kanpokoak: Tachirako Itzuliko 3 etapa (Venezuela), Langkawiko itzuliko 2 etapa (Malaysya), Txileko Itzuliko etapa bat, Kolonbiako Itzuliko etapa bat eta Venezuelako Itzuliko bi.

2006ko garaipen zerrendaTXIRRINDULARIAK
Tom Boonen 21

Robbie McEwen 13

Alessandro Petacchi 13

Daniele Bennati 9

Paolo Bettini 9

Stefan Schumacher 9

Jose Serpa 9

Fabian Cancellara 8

Jens Voigt 8

Ivan Basso 7

Nico Eeckhout 7

Oscar Freire 7

Thor Hushovd 7

Floyd Landis 7

Danilo Napolitano 7

Alberto Loddo 6

Damiano Cunego 6

Robert Forster 6

Alejandro Valverde 6

Aleksandr Vinokourov 6

Philippe Gilbert 5

Fabrizio Guidi 5

Henrich Haussler 5

Samuel Sanchez 5

Koldo Gil 4

Iban Mayo 4

TALDEKA
CSC 52

Quick Step 45

Gerolsteiner 41

Lampre 27

Discovery Channel 25

Credit Agricole 24

Milram 24

Davitamon-Lotto 24

Caisse d'Epargne 22

T-Mobile 22

La Française des Jeux 21

Rabobank 19

Astana 18

Ag2r 17

Bouygues Telecom 17

Cofidis 15

Phonak 15

Saunier Duval 14

Liquigas 13

Euskaltel-Euskadi 11

UCI Pro-Tour LigaTXIRRINDULARIAK
1. Alejandro Valverde 285 puntu

2. Samuel Sanchez 213 p.

3. Franck Schleck 165 p.

4. Cadel Evans 162 p.

5. Andrei Kaxetxkin 156 p.

6. Alessandro Ballan 155 p.

7. Tom Boonen 154 p.

8. Paolo Bettini 144 p.

9. Ivan Basso 138 p.

10. Stefan Schumacher 133 p.

38. Patxi Vila 69 p.

52. Koldo Gil 58 p.

TALDEKA
1. CSC 388 puntu

2. Caisse d'Epargne 350 p.

3. Rabobank 346 p.

4. Discovery Channel 327 p.

5. Lampre 327 p.

6. Gerolsteiner 294 p.

7. Phonak 270 p.

8. T-Mobile 269 p.

9. Saunier Duval 268 p.

10. Astana 258 p.

17. Euskaltel-Euskadi 208 p.

20. La Française des Jeux 173 p.

Fedearen indarra

Zaila da urte batetik bestera jauzi handiena eman duen txirrindularia asmatzea, baina Samuel Sanchez espainiarra hautagaien artean dago. 28 urte beteta, kostata heldu da Euskaltel-Euskadi taldekoa, baina behin helduta, etorkizun bikaina du aurretik Sanchezek. Euskal Herriko Itzuliko bi etapa irabazi zituen, alboan munduko txirrindulari onenak zituela. Egun batzuk geroago, Fleche-Wallone klasikoan, garaipen ikusgarria lortzear egon zen. Denboraldia txukuna zen bi garaipen horiekin, baina Sanchezek Espainiako Vuelta prestatu zuen egoskor. Cuencan etapa garaipen dotorea lortu zuen, eta sailkapen nagusian zazpigarren postua lortu, itzuli handietan postu ona lortzeko ahalmena baduela erakutsiz bere buruari.

Vuelta bukatu zen, eta Sanchezek Zuricheko Sari Nagusia irabazi zuen, bakarrik helmugaratuta. Salzburgoko Munduko Txapelketan laugarren sailkatu eta sasoi puntu onean zegoela ziurra zen, baina klasiko handi baten garaipenak aro berri baten hasiera dakar Sanchezentzat eta Euskaltel-Euskadirentzat. Klasiko handiak iritsezinak ez direla jabetu dira, eta liderrari laguntzeko moduko taldea egon, badagoela. Lombardiako Giroan uxatu zituen zalantzak Sanchezek. Garaiezina zen txirrindulariak bakarrik menderatu zuen, Paolo Bettinik.

Gorabehera ulertezinak

Danilo Di Luca berarekin hasi eta edozein zaleturekin bukatu, Italiako txirrindulariari aurten gertatu zaiona aztertzen hasi eta agian inork ez luke asmatuko zer gertatu zaion. Jakitekotan, txirrindulariak berak jakingo du zein den bere ahuldadearen arrazoia. Iaz aho bete hortz utzi zuen mundua Liquigas taldekoak.Euskal Herriko Itzulian hasi zen eman eta eman. Etapa bat irabazi zuen, eta Itzulia ere bai ostiral euritsu batean Arantzazun gora kontrario denak atzean utzita. Amstel Gold Race irabazi zuen ondoren, baita Fleche-Wallone ere, baina Giroko jarduna izan zen denetan harrigarriena. Bi etapa irabazi eta laugarren postuan bukatu zuen nagusian. Aurretik sailkatu ziren oilarrei lan handia eman zien, eta bereziki ikusgarria izan zen Colle delle Finestre tentean eman zuen erakustaldia.

Pro-Tour Ligako sailkapena irabazi zuen iaz, eta aurten, denboraldi hasieran berriro Giroa prestatuko zuela esan zuen. Esan zuen, bai, baina egin ez. Eta ez Giroan soilik, hain txukun moldatzen den udaberriko klasikoetan ere ez. 2005ean sona handiko zazpi garaipen lortu zituen. Aurten, bakarra: Espainiako Vueltan, Covatilla gainean bukatu zen etapan. Urte bakoitietan maila hobea eman du Di Lucak, eta 2007a urte bakoitia da. Batek daki, halere, hurrengo urtean berriro arrakastaren bidera itzuliko den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.