Arrauna. Kontxako Bandera

Marea gorria berpiztu dute

Zumaiak Kontxako Bandera irabazteko aukerak sekulako ilusioa eragin du herrian, eta zumaiar asko izango da gaur Donostian, klubaren garai loriatsuetan gertatzen zen bezala.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Duela astebete, igande goizean, zumaiarrek jakin bazekiten emakumezkoen trainerua Kontxako Banderan lehiatuko zela. Baina ez zekiten, eta imajinatu ere ez zuten egiten, azkarrenak izango zirela handik gutxira. Orain, zazpi egun geroago, ez da beste konturik zumaiarren artean, eta bandera irabazteko ilusioak gainezka egin du.

Donostia gorriz jantziko da gaur. Hainbat ekimen jarri da abian Zumaian, eta denen helburua bera da: arraunlariak animatzera joatea. Udalak antolatu ditu zenbait, sare sozialen bitartez ere mugitu da jendea, eta herriko aldizkariaren webgunean ere sortu dira planak gaurko (www.baleike.com). Zumaiko erakundeak autobusak jarri ditu Donostiara joateko, eta txaranga ere bidaliko du estropada giroa animatzera. Arratsalde-iluntzerako, berriz, ongietorria egingo zaie arraunlariei, bandera irabazi edo ez: 18:30ean, Arraun Elkartearen egoitzan hasiko da festa, Itsas kiroldegian, eta ordu laurden geroago, 18:45ean, Kofradian egingo da ekitaldi nagusia. Hango balkoira igoko dira protagonista nagusiak, eta, Inaxio Tolosa aktorea gidari lanetan dutela, batu egingo dira zumaiarrak eta arraunlariak, elkarri esker ona adierazteko.

Sare sozialen bitartez, Marea gorria izeneko ekimena sortu du Maitane Urbieta kirol kazetariak. Facebooken dabil gonbita, eta hainbat zumaiarrek egin du bat. Asmoa da Donostiako arranpan herritar mordoa batzea, arraunlariak ureratzen diren momentutik bertatik. Babesa eskaini nahi zaie estropada jokatu aurreko momentutik. Baleike.com atarian, herritar batek joan zen igandeko giroaz idatziriko testuaren harira ere sortu da ekimenik. Herritar bat kexu zen gaur zortzi zumaiar gutxi izan zelako Donostiako arranpan arraunlariei animatzen. Txarangaren hutsunea ere nabarmendu zuen, eta deialdia egin zien herrikideei gaur beste giro bat sortzeko. Erantzunak berehalakoak izan zituen, eta onak, gainera. Trenean batera joateko asmoaz ere jardun dute aste osoan, eta denak 09:00etakoan joateko intentziotan dabiltza, arraunlariak ureratzen direnerako arranpan egon ahal izateko.

Astean, Baleike.com atarian, bideo bat ere egin dute aldizkariko kazetariek. Kamerak kalera atera, eta herritarrei arraunlariak animatzeko mezuak helarazteko eskatu zaie. Haur, gazte eta heldu, jende asko azaltzen da bideoan, eta Luxia Olasagasti entrenatzaile handia ere animatu da mezua zabaltzen; baita Alberto Gorritiberea zinema zuzendaria ere. Gorritik hauxe esan die arraunlariei: «Etorkizuna zuena da».

Gaurkoaren inguruan sortu den giro bereziak denboraren joana eta etorria lotzen ditu. Izan ere, marea gorria ez da gaurko kontua. Zumaia 1980tik aurrera bizi izan zuen garai loriatsuan egin zen ezagun. Garai hartan, bitan irabazi zuen Kontxako Bandera: 1984an eta 1987an. Sekulako festa izaten zen zumaiarrentzat Donostiara joatea, eta ehunka herritar hurbiltzen zen Telmo Deun animatzera. Ohitura bilakatu zen gero ere Kontxarako joan-etorria, eta zumaiarren artean ohikoa bilakatu da Donostiara joatea, eguna pasatzera, estropadaren aitzakian. Zumaia sailkatu edo ez.

Gaur, herriko ontzia han dela gozatu ahal izango dute. Irabazi edo ez, sekulako giroa zabalduko dute arranpan, eta bazter guztietan hedatuko da emakumezkoek sortu duten ilusioa eta gogoa. Marea gorria berpiztea lortu dute arraunlariek, eta asko da hori. Bandera irabazten badute, ez ahazteko modukoa izango da giroa. Eta bestela, baita ere.

Irabaziko duten edo ez ezin da asmatu, jakina. Bost segundoren barruan daude zumaiarrak, galiziarrak eta Getaria-Tolosakoak. Herrian garbi daukate besteak direla faboritoak, baina irabazteko aukerak sortu duen ilusioa ez die inork kenduko. Erakutsiko dute zer den ilusio hori arranpan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.