PILOTA. Jon Mariezkurrenak lau urteko kontratu berria sinatu du Baikorekin. Hortaz, 2026ko abenduaren 31ra arte luzatuko du orain arte Baikorekin zeukan kontratua. Berriozarko atzelariak azaldu duenez, bi aldeak «oso azkar» jarri dira ados, eta bera «oso ilusionatuta» dago etapa berriarekin.
Pilotari nafarrak nabarmendu du sasoi «oso onean» dagoela, eta horren adierazgarri dira erdietsi dituen azken lorpenak:Caixabank Mastersa, eta Iruñeko, Donostiako eta Bilboko feriak irabazi ditu.
Pandemia garaian Baikok izandako lan gatazkan kaltetuetako bat izan zen Mariezkurrena. 2020an enpresatik kanpo geratu zen, eta, 2021ean Asperekin binakakoa jokatu ondoren, Baikora itzuli zen. Binakakoan Peña II.arekin ari da, eta gaur-gaurkoz lider dira. Binakako bigarren jardunaldia gaur bukatuko da, eta Peio Etxeberria-Rezusta eta Elezkano II.a-Tolosa arituko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.
Bestalde, erabaki da zein bi pilotarik jokatuko duten Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala: Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga bizkaitarrak arituko dira nor baino nor gehiago igandean, Zornotzako pilotalekuan (11:30, ETB1). Aldai da egungo txapelduna.
Mariezkurrenak 2026ra arte berritu du Baikorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu