Futbola. Europako Ligako final-laurdenak

Markagailuari begiratu barik

Athleticek gertu dauka Europako Kopako finalerdietarako txartela, baina ezin du inolaz ere gutxietsi SchalkeAlemaniako taldeak jo handia dauka, beraz, defentsako lana erabakigarria izango da

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek nekez izango du Europako Ligako lau onenen artean sartzeko aukera hoberik. Hori jakinekoa da. Joan zen ostegunean Gelsenkirchengo (Alemania) Veltins Arenan lortutako garaipen handiak (2-4) erraztu egin dio bidea. Etxean bi golen errentarekin jokatzea abantaila handia da. Ezohikoa. Baina Alemanian jokatutako joaneko partidan egindako lan onak eta une erabakigarrienetan izandako zorteak alde jarri du kanporaketa. Baina aukerak aprobetxatu egin behar dira. Hau da, errematea falta da. Kanporaketa itxi egin behar da. Eta, horretarako, zuri-gorriek lan ona egin beharko dute gaur. Aurrean izango duten taldea ez baita nolanahikoa. Schalke 04 talde ona da. Jo handikoa. Lehiakorra. Sekula amore ematen ez duena. Beraz, serio jokatu beharko du Athleticek.

Okerrik ezean. Athletic finalerdietan sartuko da. Baina futbolean gaur Schalkek behar duen baino gauza gaitzagoak ikusi dira. Neurketa amaieran Vujadin Boskovek famatu zuen «futbola futbola da» esan beharra ez izatea da gaurko helburua. Athleticek istripurik ez izatea, alegia. Raulek, Huntelaarrek eta enparauek San Mamesen bi edo hiru goleko abantailarekin irabaztea ez da ezinezkoa. Baina gaitza da. Alemaniako taldeak neurketa osoa jokatu beharko luke, eta txarra oso talde zuri-gorriak. Beraz, Athleticen eskuetan dago kanporaketako giltza. Bizkaitarrek eurena ematen badute, beste pauso bat emango dute Bukaresten (Errumania) jokatuko den finalerako bidean. Eta handik gabarrara arte egin beharrekoa ere ez da luzea.

Bada, urrats hori egiteko lehen baldintzak itzulikoa joanekoaren jarrera berarekin jokatzea izan behar du. Marcelo Bielsak entrenatutako jokalariak ezin dira markagailuari begira egon. Lehen partidan eskuratutako emaitzarekin nahikoa izango dela pentsatzeak nahastu egin dezake taldea. Gaurko neurketa hutsean hasiko da, eta ez bi golen abantailarekin. Horrela, askoz errazagoa izango da Schalke kontrolpean izatea. Beraz, ez dago jokatzeko era aldatu beharrik. Baina, era berean, ez da itsu-itsuan aritu behar. Arriskuak behar direnean baino ez dira hartu behar. Une batzuetan aurrera egin beharko da, eta beste batzuetan lekuari eutsi beharko zaio. Ez dago erotu beharrik. Esperientzia garrantzitsua izaten da egoera bakoitzean zer egin behar den jakiteko. Baina ez da hori Athleticek daukan dohain nagusietakoa. Ilusioa eta indarra, besteak beste, askoz gehiago nabarmentzen dira talde zuri-gorrian.

Javi Martinez, euskarrian

Aste honetako albistea da Athletic munduko talderik onenen artean hamabigarrena dela. Sekula izan duen posturik onena da. Espainiako Ligan eta Europako Ligan lortutako emaitzen arabera egindako zerrenda da. Beraz, emaitzak hartzen dira aintzat. Jokoak ez dauka garrantzirik. Horregatik ez du islatzen sailkapen horrek Athleticek egun duen egoera. Zuri-gorriak ez baitaude une gozoan. Alemanian eskuratutako emaitza oasi bat da basamortuan. Schalkeren aurka jokatu aurretik eta ondoren lortutako emaitzak eta, batez ere, emandako itxurak kezka apur bat sortu du Athleticen inguruan. Ligan, jokoan egon diren azken hamabost puntuetatik bakarra irabazi du Bielsaren taldeak. Eta ez du uzta hobea lortzeko merezimendu handirik egin. Sportingen kontrako partidan irabazteko nahiko lan egin zuen, baina gainerako lau norgehiagoketan ereindakoa jaso du. Buruko eta oinetako nekea, jokalari garrantzitsuek dituzten arazo fisikoak, eta aurkariaren presioaren aurrean erakutsitako ezina dira Athleticen beherakada arrazoitzeko gehien erabili diren argudioak. Kontua da zuri-gorriak ez dabiltzala fin. Eta, zoritxarrez, denboraldiko unerik erabakigarriena hasi da beherakada. Txakalaldia bolada txar bat baino ez izatea izango litzateke albisterik onena Athleticentzat.

Bielsak aldaketa bakarra egingo du astero-astero zelairatzen duen hasierako hamaikakoan. Txartel pilaketa tarteko, harmailetatik ikusi beharko du partida Ander Iturraspek. Haren lekua betetzeko, Javi Martinez zelai erdira aurreratuko du entrenatzaile argentinarrak. Aiegikoren lekua, berriz, Borja Ekizak beteko du. Harrobiko jokalariaren ardura izango da Huntelaar eta Raul gertutik zaintzea. Horretarako, jokalari aproposa da. Azkarra eta une oro partidan sartuta egoten den futbolaria. Dohain horiei esker hartu dio aurrea Mikel San Joseri. Jarraitutasunik ez duten futbolarientzat egon daitekeen gauzarik txarrenetakoa omen da Camp Noun jokatzea. Bada, Ekizari han egindako lanak zabaldu dizkio hamaikakoaren ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.