«Paper batean idatzi nuen lortu nahi nuen guztia, eta dena bete da», esan du Aitana Rodrigo atletak (Galdakao, Bizkaia, 2000). Zur eta lur utzi zituen guztiak Espainiako Atletismo Txapelketan, eta urrezko domina irabazi zuen 100 metroko lasterketan. Hori aski ez, eta Euskal Herriko bi marka ere ondu zituen: 100 metrokoan eta 200 metrokoan inork ez du hark bezain azkar korri egin.
Rodrigoren iritziz, Espainiakoa inoiz egin duen txapelketarik onena izan da: «Lehenengo aldia da txapelketa bat irabazteko entrenatzen aritu naizela. Xehetasun guztiak zaindu ditut». Aurrez ere irabaziak zituen lasterketak, baina bizkaitarrak azaldu du ez zela horretarako hain mentalizatuta egoten, eta entrenamenduak ez zituela hain planifikatuak izaten.
100 metroko proba osatzeko 11.3 segundo behar izan zituen Rodrigok, eta Cristina Castro bilbotarrak 1992an egin zuen marka ondu zuen. Momentuan ez zekien Euskal Herriko marka hautsi zuenik, geroago esan baitzioten. Poztu egin zen horregatik ere, ilusio handia egiten baitzion marka hori hobetzeak. 200 metroko lasterketa, berriz, 21.17 segundoan egin zuen, eta aurretik zeukan marka hobetu zuen.
Helburutzat txapelketa irabaztea zeukan Rodrigok, baina 100 metroko proban egin zuen marka hori lor zezakeela uste zuen: «Egin nuen marka hori paper batean idatzi nuen txapelketaren aurreko astean», onartu du. Nahiz eta berak ezin dituen faktore guztiak kontrolatu, Galdakaokoak bazekien azken asteetako entrenamenduetan oso ondo ari zela. Espainiako Txapelketa sasoi hoberenean dagoenean izaten dela esan du Rodrigok, eta, beraz, bete-betean lehiatzen dela.
«Tentsio momentuetan askoz hobeto lehiatzen naiz; niri ederki datorkit»
AITANA RODRIGO Atleta
100 metroko txapeldunak ongi kudeatzen du tentsioa; are, abila da horretan: «Tentsio momentuetan askoz hobeto lehiatzen naiz; niri ederki datorkit». 100 metroko modalitatean oso kontzentratuta egon behar izaten duela azaldu du, beste kontuetan pentsatu gabe eta zalantzarik egin gabe. «Erlaxatuta zaudenean, hobeto eta azkarrago egiten da korri, eta oso ondo sentitu nintzen lasterketan», adierazi du.
200 metroko lasterketa, ordea, gogorragoa egin zitzaion: «Oso nekatuta nengoen; bi lasterketak egitea ez da ohikoa». Bukaerarako «indarrik gabe» zegoela azaldu du. Hala ere, uste du egindako marka hobetzeko aukera duela, aurten gehienbat 100 metroko lasterketa prestatu baitu.
Espainiako Txapelketan hain ondo ibili ondoren, irailean Munduko Atletismo Txapelketan hartuko du parte Rodrigok, Tokion (Japonia). Erreleboetan ariko da, 4x100eko proban. Jakinarazi duenez, erreleboetarako oraindik ez dauka helburu finkorik.
Hiru modalitate horietan aritu arren, entrenatzaile batzuek esan izan diote 400 metroko modalitatean parte hartu beharko lukeela, «modu erritmikoan» korri egiten duelako. Hala ere, atleta bizkaitarrak azaldu du 200 metroko lasterketetan lasaiago egoten dela, 100 metrokoaren aldean tentsio gutxiago egoten delako. «Mundu guztiari ondoen aritzen den modalitatea gustatzen zaio gehien».
Osatuta
Azken bi urteetan, Rodrigo ezin izan da lehiatu, min hartuta egon delako. Hasieran, hernia diskal bat izan zuen. Hernia horrek nerbio ziatikoa ukitzen zion, eta, ondorioz, iskiotibialean izaten zuen mina. Hori dela eta, entrenamenduetan abiadura lantzen zuenean, iskiotibiala hausten zitzaion: «Luzaketa bat edo gimnasio pixka bat egiten nuenean, bizkarra blokeatu eta gorputz osoa paralizatzen zitzaidan».
AEBetan zegoenean izan zuen lehen lesioa. Hasieran ez zekien zer gertatzen zitzaion, eta ia urte erdia egon zen entrenatu gabe. Euskal Herrira itzuli zenean, kirola uztea pentsatu zuen, baina «zerbait falta zitzaiola» konturatu zen: «Egunero entrenatzea da gehien gustatzen zaidana».
Urte oso bat egon zen zer lesio zuen jakin gabe. «Frustrazioa sentitzen nuen, ez nekielako lesioari nola bilatu konponbidea». 2024. urte hasieran egon zen okerren, lesioak min handia egiten ziolako eta oraindik ez zekielako nondik zetorkion. Behin lesioa zein zen jakinda, osatze prozesua hasi zuen.
Orain, galdu duen denbora «errekuperatzen» ari den sentsazioa dauka: «Lehenago lor nezakeen zerbait lortu dut, baina lesioek ez didate utzi». Nahiz eta normalean baino denboraldi luzeagoa izan, entrenatzeko gogoz dagoela onartu du Rodrigok, baina osasunari kalte egin gabe.