Marmarraren zama

Gorka Iraizozen lanak kritikak jaso ditu azken partidetan. Beti egon da zaleen jomugan, eta, orain, indartu egin da haren kontrako iritzia. Gainera, ez dago egoera samurrean, sasoi honen bukaeran amaitzen baitzaio kontratua taldearekin.

Gorka Iraizoz, gola jaso berritan, San Mamesen, Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da erraza Athleticeko atezaina izatea. Oso goian jarrita dago langa: Raimundo Perez Lezama, Carmelo Cedrun, Jose Angel Iribar eta Andoni Zubizarretaren itzala luzea da oso. Zale askok ez dituzte sekula jokatzen ikusi, baina historiak pisu handia du klub zuri-gorrian. Gainera, postu berezia da atezainarena. Lupaz aztertzen da haren lana. Gainerako jokalariei baino gutxiago barkatzen zaio. San Mamesko harmailan esertzen direnak oso zorrotzak izaten dira atezainekin. Gorka Iraizozek (Iruñea, 1981) ondo daki hori. 36 urte betetzear, eskarmentu faltarik ez du, baina inork ez du gustuko bere lana etengabe ezbaian jartzea. Beste atezain batzuekin gertatu legez, askoz gehiago nabarmendu dizkiote hutsak, ondo egindakoak txalotu baino.

ZALEEN JOMUGAN



Goi mailan ari diren kirolariak presio handiaz lehiatzen dira. Guztietan, futbola izan daiteke arlo horretan gehien eskatzen duena. Pentsa zer izan behar duen inguru guztia norberak egiten duenari begira egotea. Pentsa zein gaitza izan behar duen etxean norbere lanaren gaineko zalantzak egoteak. Bada, zaleak nekatu egin dira Iraizozekin. Bat bera ere ez diote barkatzen. Okerren bat egiten duen bakoitzean, entzutekoa da marmarra San Mamesen. Edozein urduri jartzeko modukoa da. Horretarako bizi guztian prestatu den profesionala ere bai.

Atezain nafarrarentzat ez da kontu berria. Aspalditik dago jarraitzaile eta hedabideen jomugan. Marcelo Bielsak Athletic zuzendu zuen bigarren sasoian, 2012-2013koan, antzeko egoera izan zuen. Gogorragoa izango zen, seguruenik, orduan taldearen ibilbidea ere txarra zelako. Hamaikakoan lekua galdu zuen, baina lanean jarraitu zuen; buelta eman zion egoerari, eta bere kirol ibilbideko urterik onenak eskaini zituen. Coach baten ekarpena ezinbestekoa izan omen zen atezainari aurrera egiten laguntzeko, arazoa ez baitzen izan teknikoa edo fisikoa, burukoa baizik. Bada, marmarra itzuli egin da.

URDURI EGOTEAREN ZERGATIAK



Ez dago arrazoi bakar bat jarraitzaileek Iraizozi kritika egiteko. Gauza askoren pilaketa da. Horietako bat atezainak oinekin duen jokoa da. Futbola asko aldatu da azken urteotan, eta, egun, atezain ona izateko ez da nahikoa aurkariaren jaurtiketak gelditzea. Gehiago eman behar zaio taldeari. Atezainak erasoko lehen jokalariak bihurtu dira. Lehen pasea azkar eta zuzen ematea ezinbestekoa da entrenatzaile gehienentzat. Motz zein luze, pase neurtuak emateko eskatzen zaio atezainari orain. Bada, Iraizoz lege zaharrekoa da. Kosta egiten zaio baloia oinekin behar den moduan mugitzea. Ez da lan samurra.

Bestalde, azkenaldion ohikoa baino oker gehiago egin ditu. Kepa Arrizabalagak min hartu ostean, atearen pisu guztia berreskuratu duenetik ez da aritu Ondarroako atezain gaztea agertu aurretik bezain sendo. Konfiantza galdu duela dirudi. Eta, gainera, ez da ahaztu behar zaleak azkar aspertu ohi direla beti aurpegi berak ikusteaz. Hau da, hasieran atezain guztiei barkatzen zaizkien gauzak hutsegite larriak bihurtzen dira gerora. Iraizozek hamargarren sasoia du talde zuri-gorrian. Aurreko bederatzietan inork ez du zalantzan jarri haren lekua. Hortaz, badirudi beste aurpegi batzuk ikusteko premia dutela zaleek.

AURREKOAK ERE, 'ERRETA'



Iraizozi gertatzen ari zaiona ez da kontu berria. Haren aurretik Athleticen titular izan ziren atezain gehienak ere antzeko atakan egon ziren: Juanjo Valencia, Imanol Etxeberria, Dani Aranzubia eta Iñaki Lafuente antzeko egoeran izan ziren. Pazientzia gutxi dago atezainekin. Erre egiten dituzte. Egoera horrek kalte egiten die atezainei, eta mesederik ez taldeari. Ez da bide egokia.

ETORKIZUNA, KOLOKAN



Iraizozek 36 urte egingo ditu aurki. Sasoi onean dago. Asko zaintzen du bere burua. Halaber, ulertzekoa da Ibaigane etorkizunean pentsatzen hastea. Iaz zuzenean berritu zuen kontratua. Partida kopuru bat jokatuz gero, aukera hori zeukan. Baliatu egin zuen —37 partida jokatu zituen, guztiak Espainiako Ligan—. Denboraldia amaitzen denean erabakiak hartu beharko dituzte. Klubak eskainiko al dio kontratua berritzea? Eta, hala bada, atezainak izango al du gogorik Keparen itzalean lan egiteko? Valverderen etorkizunak izango al du eraginik atezainaren inguruko erabakian? Galdera asko dira, eta erantzunik ez.

POSTUA, ONDO BETETA



Athleticen luzaroan egon dira zalantzak atezainen inguruan. Ez zen ikusten Iraizozen lekukoa hartuko zuen besterik. Egun, bestelakoak dira kontuak. Kepak gorengo mailan lehiatzeko prest dagoela erakutsi du. Iago Herrerin ere gorengo mailan ari da; ordezko ona da. Eta, gainera, Alex Remiro eta Unai Simonere prestatzen ari dira egunen batean aukera izateko. Baten batek lortuko al du marmarra isilaraztea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.