Frantziako tourra

Martinez izan da indartsuena

Education First taldeko kolonbiarrak irabazi du Tourreko 13. etapa, Lennard Kamnari Puy Mury mendatean gailenduta. Faboritoen artean, Romain Bardet eta Guillaume Martin izan dira galtzaile nagusienak. Primoz Roglicek tartea handitu die aurkariei, Tadej Pogacarri izan ezik. 

Daniel Felipe Martinez garaipena ospatzen, atzean, Lennard Kamna etsita ageri dela. ANRNE-CHRISTINE POUJOULAT / EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 11
18:48
Entzun

Bere legea ezarri du Daniel Felipe Martinezek (Education First). Azken metroetan ez du burua galdu, eta kolonbiarra aise nagusitu zaio iheskidea izan duen Lennard Kamnari (Bora), Puy Muryn, Frantziako Tourreko 13. etapan. Oilarren artean, galerarik handiena jaso duten txirrindulariak Romain Bardet (Ag2r) (aurretik, erorikoa izan du) eta Guillaume Martin (Cofidis) izan dira. Tadej Pogacarrek (UAE) eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma), bestalde, ausardiaz jokatu, eta beste faboritoei tartea zabaldu diete.

Gaurko etapa Chatel-Guyonen hasi eta Puy Muryn mendatean amaitu da, eta guztira, 191 kilometro gehiago pilatu dituzte txirrindulariek euren hanketan. Hain zuen, Tourreko etaparik gogorrena ez bazen gogorrenetariko bat izan da; 4.400 metroko desnibel metatua izan du, eta zazpi mendate zituzten igotzeko. Zuzendaritzako autotik bandera zuria altxa orduko, tropelean egundoko zalaparta sortu da; txirrindulariek tantaka egiten zuten ihes pelotoitik. Azkenean, hamazazpi txirrindularik osatu dute gaurko ihesaldia; horien artean zeuden, besteak beste, Romain Sicard (D.Energie) euskal herritarra, Pierre Rolland (B&B), Warren Barguil (Arkea), Marc Soler (Movistar) eta Julian Alaphilippe (Deceuninck). Education First taldeak, bestalde, hiru txirrindulari sartu ditu lehen taldean: Hugh Carthy, Daniel Felipe Martinez eta Neilson Powless; Borak, berriz, bi ordezkari zituen: Maximilian Schachmann eta Lennard Kamna.

Kilometroak egin ahala, ihesaldikoek tropelarekiko aldea handitu egiten zuten; hamar minutukoa izan dute abantailarik handiena, eta oker handirik ezean, garaipea bertan zegoen. Bitartean, tropelak etapa erdia burutua zuela, Romain Bardetek (AGR2), Nairo Quintanak (Arkea) eta Bauke Mollemak (Trek) eroriko txarra izan dute, eta kaltetuena Mollema atera da; bizikletaren gainean jarraitzeko ez zen gai, eta lasterketa utzi behar izan du. Beste biak, berriz, haien taldekideek babestuta tropelera batu dira. 

Anglards hirugarren mendatea igotzen hasi aurretik, ihesaldiko taldean, Powlessek aurrera egiteko ausardia hartu du, baina, handik gutxira, Schachmann batu zaio estatu batuarrari. Neronne bigarren mailako mendatea igotzeari ekin diotenean, alemaniarrak erritmoa estutu, eta Pawlessek ezin izango dio eutsi. Bitartean, atzean, ez da antolaketa handirik egon; aurpegirik handiena eman duen txirrindularia Martinez izan da, eta Lennard Kamnak, Schachmannen taldekideak bakarrik jarraitu ahal izan dio kolonbiarrari Neronnen gora, kontrol lana egiteko asmoz.

Tropelean, bestalde, Ineosek hartu du ardura; Michal Kwiatkowskik, eta ondoren, Richard Carapazek jarri duen erritmo gogorraren ondorioz, apurka-apurka txirrindulariak erortzen joan dira, hala nola, Martin eta Bardet, sailkapen nagusian hirugarrena eta laugarrena zihoazenak, hurrenez hurren.

Azken unera arte geldirik

Aurreikusi den moduan, Puy Mary azken mendatean erabaki da etapa. Aurrean, Martinezek eta Kamnak Shachmann harrapatu, eta atzean utzi dute. Indarrak parekatuak zituzten biek ala biek, eta gauzak oso estu zeuden. Kamnak jo du lehenago, baina Martinezek ongi eutsi dio alemaniarraren oldarraldiari, eta bi besoak kolonbiarrak altxa ditu helmugan. 

Faboritoen artean, Pogacarrek sortu du zalaparta, eta Roglicek soilik eutsi dio, eta erraz, gainera. Metroak aurrera egin ahala, bi esloveniarrek tartea zabaldu dute beste oilarrekiko; tartean zen Mikel Landa (Bahrain). Gaur ahulezia zantzuak erakutsi dituen txirrindularia, besteak beste, Egan Bernal (Ineos) izan da. Amaieran, Roglicek eta Pogacarrek hamahiru segundo atera dizkiote Landa, Richie Porte (Trek) eta Miguel Angel Lopezi (Astana). Bernalek 38 segundo geroago zeharkatu du helmuga, eta haren atzetik heldu dira Quintana, Rigoberto Uran (Education First) eta Adam Yates (Mitchelton).

Sailkapen nagusian, Roglicek lehen postua are gehiago sendotu du. Pogacar zapigarrenetik bigarrengora igo da; 44 segundo aurretik du herrikidea. Bernalek, aldiz, hirugarren lekura jaitsi da; Landa zortzigarrena da orain. 

Biharko etapa eskalatzaileentzat baino gehiago ehiztarientzat egokiagoa izango da. 194 kilometro egin beharko dituzte, eta ibilbidean zehar bost mendate igo beharko dituzte. Lyonera iritsi baino bost kilometro lehenago, ordea, laugarren mailako mendatetxo batekin egingo dute topo txirrindulariek.

Trek azkarrena

Taldeko erlojupekoak eman dio hasiera gaur 31. Italiako Giroari, Grosseton. Hamasei kilometroko etapa izan dute egiteko txirrindulariek. Talde indartsuenek aldeak ateratzeko ibilbide egokia izan dute, zuzenguneak lagun zituztela. Trek taldeak egin du denborarik azkarrena, eta hala, Elisa Longo italiarrak jantzi du maglia arrosa. Bi segundo atera dizkio Boels Dolmans bigarren sailkatuari, eta lau segundo Annemiek van Vleutenen Mitcheltoni. Ane Santestebanen Ceratizit-WNT taldeak zortzigarren postua eskuratu du, garailearengandik 46 segundora. Errenteriarra 42. lekuan dago kokatuta orain. Euskal Herriko taldeei dagokienez, berriz, Movistar hamabigarrena izan da, minutu bat eta 22 segundora; Bizkaia-Durangok, berriz, hogeigarren postuan amaitu du, bi minutu eta 50 segundora. Bihar 124 kilometroko etapa gorabeheratsua jokatuko dute, Paganico eta Arcidossoren artean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.