Herri Kirolak

Martins Licisek argitaratu du Euskal Herrian grabatutako dokumentalaren lehen atala

Munduko gizonik indartsuena izandakoak argitaratu duen ikus-entzunezkoak 'Harri jasotzaile onenen lurraldea?' izena du. Euskaldunen historiaz hitz egin du, eta, besteak beste, Iñaki Perurenarekin izan da.

Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 21a
16:02
Entzun

Ikusmina sortu zuen Martins Licisek Euskal Herrira egindako bisitak, eta bidaia ikus-entzunezko formatuan bildu du 2019. urtean munduko gizonik indartsuenaren lehia irabazi zuenak. Herenegun argitaratu zuen Euskal Herrian grabatutako Strength Unknown erreportaje saioaren lehen atala, Harri jasotzaile onenen lurraldea? Euskal Herria, lehen atala(Land Of The Best Stone Lifters? Basque Country Ep 1) izenburuarekin. 32 urteko letoniar-estatubatuarrak 200.000 harpidedun baino gehiago ditu Youtuben, eta bideoak ia 35.000 ikustaldi ditu jada. Romark Weiss dokumentalgilearekin batera osatu du.

Ikusi gehiago: Munduko gizonik indartsuenak euskaldun asko harritu ditu, beste batzuk ez

Licis, Euskal Herrira egin zuen bisitan, harri jasotzen ibili zen nagusiki. Urtarrilaren hasieran Joseba Ostolazaren Harri Eskolan egon zen, Aian (Gipuzkoa), eta bost asteko trebakuntzaren ostean, Abadiñon (Bizkaia) egin zuen lehenengo jendaurreko erakustaldia. Urdax Magunazelaiarekin kartelburu zen Licis, eta ezin izan zuen poza ezkutatu, plaza betearen aurrean 252 kiloko harria altxatzea lortu zuenean.

Dokumentalaren lehen atalean, ordea, herri kirol guztiak izendatuz hasi da, eta Euskal Herriaren historia labur azaldu du: «Espainian eta Frantzia hegoaldean kokatzen den lurraldea da, baina bere identitate eta kultura propioa ditu. Ez erromatarrek, ezta beste inperio indartsuek ere ez zuten dominatu hango jendea, eta euren tradizioek erro indartsuak dituzte. Han hitz egiten den hizkuntza munduan hitz egiten den zaharrenetakoa da; ez du lotura jakinik hizkuntza indoeuroparrekin. Mendeetan zehar, euren eguneroko lanak lehiaketa bihurtu dituzte apustuak egiteko».

Jarraian, Licisek azaldu du nola piztu zitzaion harri jasotzearen inguruko interesa: Rogue Fitness enpresak 2015. urtean egindako Levantadores dokumentalaren bidez. Ikus-entzunezko hark 1,4 milioi ikustaldi baino gehiago ditu Youtuben.

Jada Euskal Herrian, Alex izeneko lagun bat izan dute gidari. Bilbon elkartu ziren harekin, eta handik Leitzara (Nafarroa) joan ziren, 301K dendara eta Peru-harri museora. Maite eta Iñaki Perurenarekin elkartu ziren han Licis eta Weiss. Iñakik bere ibilbidearen eta harri jasotzearen inguruko azalpenak eman zizkion.

Leitzatik, Getxoko (Bizkaia) probalekura. Han giza proba eta orga jokoa probatu zituen Licisek, bertako kirolarien laguntzarekin. Hurrengo atalen aurrerapenean, berriz, munduko gizonik indartsuena izandakoa ikus daiteke aizkoran, edota Karmele Gisasola Zelai III.a eta Urdax Magunazelaia harri jasotzaileekin lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.