Matthew Goss HTC-High Road taldeko txirrindulari australiarra nagusitu zen atzo Tour Down Under probako lehen etapan. Gossek esprintean hartu zien aurre Andre Greipel alemaniarrari (Omega Pharma-Lotto) eta Robbie McEwen herrikideari (RadioShack). Goss sasoiko dago, atzokoa baitu denboraldiko laugarren garaipena: joan zen igandean Cancer Council Classic kriteriuma irabazi zuen, eta hilabete hasieran Jayco Bay Cycling Classic probako bi etapa.
Euskal txirrindulariei dagokienez, Ion Izagirre eta Miguel Minguez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek eginiko lana nabarmendu beharra dago. Eguneko ihesaldian sartu ziren, baina tropelak harrapatu egin zituen helmugara iristeko bederatzi kilometro falta zirela. Iñaki Isasi ere txukun aritu zen, eta zortzigarren postuan amaitu zuen etapa.
Gaur bigarren etapa jokatuko da: Tailem Bend-Mannum (146 kilometro).
Matthew Gossek irabazi du Tour Down Under probako lehen etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu