Mehatxua erronka bihurtu dute

Jokalariek kolpe asko jaso dituzten arren, elkarri ondo laguntzen segitzen dutela uste du Joshe Abando Real Unioneko kirol psikologoak. «Egoera zailak bizi izan dituzte, baina haien konfiantza egonkor mantendu da».

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kolpe dezente jaso dituzte Real Unioneko jokalariek sasoia hasi zenetik. «Hasieratik geneukan argi helburua mailari eustea zela. Bai jokalariek, bai teknikariek, eta baita zuzendaritzako kideek ere», esan du Joshe AbandoReal Unioneko kirol psikologoak (Bilbo, 1957). Baina sasoiko uneren batean, ez oso aspaldi, zazpi puntura eduki du salbazioa. «Den-denok, ordea, ondo laguntzen diogu elkarri». Eta horregatik bizirik iritsi da taldea azkeneko jardunaldietara. Sei partida falta dira liga amaitzeko, eta hiru puntu eskasera dauka jaitsiera postuetatik kanpo dagoen lehen taldea. «Egoera zailak bizi izan ditugun arren, jokalarien konfiantzak apenas egin duen beherentz. Egonkor mantendu da». Garrantzitsua izan da haiek erakutsitako «konpromisoa» eta «elkartasuna». Eta beste gako bat eman du Abandok: «Mailaz jaistea, mehatxu argi hori, erronka bihurtu dute». Hortaz, inor ez da gehiegi larritu. «Nortasuna, gainera, egoerak zailak direnean azaleratzen da».

Nortasun hori behar bezala zizelkatzen saiatzen da Abando, «batzuek berezkoa duten arren».Haren lana da jokalariak entrenatzea, «baina psikologikoki». Egoerak kontrolatzeko jokabide eredu batzuk ematen dizkie, eta gauzen kontzientzia hartzen laguntzen die. «Batetik, nor diren ondo jakin beharra daukate. Zeintzuk diren bakoitzaren dohainak, zeintzuk ahuluneak... Eta egoera bakoitzaren aurrean baliabideak izan ditzatela horri erantzunak emateko, horri aurre egiteko». Barne ezagutza deitzen dio horri Abandok. «Eta bestetik, abilezia psikologikoak entrenatzen ditugu. Noiz erlaxatu, noiz den beharrezkoa norberaren konfiantza handitzea...». Eta horretarako «irudiak, pentsamenduak, egoerak...»eta beste baliatzen ditu.

Jokalariekin bana-banako harremana dauka Abandok. «Talde dinamikak ere sortzen ditugu, baina hori daukagun denboraren araberakoa izaten da». Astean bitan jokalariekin batera zelairatzen da entrenamendua osatzeko. «Teknikari bat gehiago balitz bezala. Zer pasatzen den ikustea interesatzen zait. Ea gauzak betetzen diren, ea zein zailtasun dauzkaten, ea zerk eragiten dien modu ezkorrean, zerk modu baikorrean...». Izan ere, «futbolari bat ez da baloratu behar zelaian egiten duen jokoagatik soilik, transmititzen duenagatik ere bai». Haiekin biltzen denean futbolaz eta taldeaz hitz egiten du «neurri handi batean», baina beste gauza batzuek ere eragina izaten dute futbolarien errendimenduan. Momentuz inor ez zaio joan «lur jota», baina lesio larriak izan dituztenek eta gutxiago jokatzen dutenek harengana jotzeko «joera handiagoa» daukate.

Kontu berri samarra da kirol psikologoarena futbolean. Halere, Real Unioneko inork ez du Abandoren lana «gutxietsi». Haien lana «geroz eta onartuagoa» dagoela uste du. «Baina talde handi batean era guztietako jendea dago. Kontziente naiz batzuen konpromisoa, agian, ez dela hain handia, baina normala ere bada». Jokalarien «konfiantza» bereganatzea da Abandoren zereginetako bat. «Izan ere, hala baldin bada, sineste sendo batekin egingo du nik proposatzen diodana». Haren ustez, gauzak ez dira «egiteagatik egin behar». Jokalari batek konpromisoa duela erakusten baldin badu, «etekin hobea aterako dio egiten duen horri, eta, gainera, besteek baino lehenago».

Baina puntuak, garaipenak behar ditu Real Unionek. Hortaz, konpromisoa handia izanda ere, gainontzekoekiko eragin baikorra duten jokalariak izanagatik, zeri heldu? «Bada, taldea lehen egunean bezain indartsu dago fisikoki, eta jokoz ere itxuran ibili da denboraldi osoan zehar. Inor ez da gu baino askoz ere gehiago izan. Horri hel diezaiokegu». Ez dago «estresik», edo «estutasunik». Eta badakite «gai» direla. Izan ere mehatxua erronka bihurtu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.