Urre bila joandakoak, ganaduen negozioan aberastutakoak, lapurrak, indioak, sheriff-ak... halakoen berri badute Almeria inguruko lurretan. Western batzuk bertan grabatu zituzten bere garaian. Leku idorra baita. Lehorra. Far West delakoaren parekoa, Mendebalde Urruna. Kaktusak ugari paraje hartan. Galdetu Osasunari. Ziztada han, ziztada hemen. Bi ziztada eman zizkioten Hugo Sanchez mexikar jauntxoaren mertzenarioek. Western-a beharrean, Zorro edo Pancho Villaren filma izan bazen, ez zukeen galduko Osasunak. Edo bai. Izan ere, herriaren bi heroi horien parekorik izan al zuten nafarrek igandean? Herria atzetik bai, baina buruzagia falta. Agintaria. Argia. Armada orok behar du burua. Basamortu horietan begietako mina egiten dute eguzkiaren printzek, eta antzeko distira falta izan zitzaion Osasunari. Ez zuen Almeria itsutu. Ez zuen erre. Kalitatea esaten diote futbolaren hiztegian egoera horiei. Azken metroetan pase bikaina emango duen jokalaria. Jokaldia bukatzen primeran asmatuko duen jokalaria. Almeriako filman, behintzat, ez zen azaldu. Edo ez ziren bistaratu.
Apatxeak
Almeriatik Santanderra. Lehorretik bustira. Ez da lurralde atsegina Athleticentzat. Mendebalde urrunean ere euria egiten zuen tarteka. Filmetan, behintzat, noizbehinka bustitzen ziren protagonistak. Haiek euri jasak haiek. Santander etxaldean ez da giro. Inguru guztia mendean dauka bertako jauntxoak. Indioei lurrak lapurtzen dizkie. Borroka bizia da bi aldeen artean. Indioak ez daude amore emateko. Borroka txikiekin nazkatuta, kolpe bortitza ematea erabaki dute. Bukatu dira txikikeriak eta etxaldekoen isekak. Gurpegi apatxea buru dutela, Santander bere lekuan jartzera joan dira. Latza izatea espero dute guda. Ondo prestatu dira hargatik. Borrokarako teknika guztiak landu dituzte. Eta, batez ere, burua. Azkartasuna lepoaren gainean. Baina etxaldera gerturatu eta borrokan hasi orduko, konturatu dira mingainean daukatela indarra Santanderkoek. Ez dira taxuzko etsaiak. Apal aritzen dira. Txarrak. Erraz irabazi dute Athleticeko apatxeek. Estrategia bikain landuz. Falta batean eta penaltiz sartu dizkiete bi gezi etxaldeko buruzagiei. Urtebetez, behintzat, isilik egongo dira bertako mingain zitalak. Edo denbora gehiagoz, Bigarren Mailara jaisten badira.
Tiratzailea
Ez du Billy izena. Baina Billyrena bezalako zorroztasuna dauka. Begia non, jaurtiketa han. Mendebalde urrun orok behar du tiratzaile aparta. Pistola hartu eta entrenatzen orduak ematen dituzten horietakoa. Latak ilaran jarri, elkarren alboan, eta danba-danba, zehastazun erabatekoaz. Gero, etsaiari tiro are zehatzagoa jotzeko. Larunbatean, Anoeta Mendebalde Urruneko herrixka bilakatu zen. Tabernan berotu balira bezala, elkar joka eta borrokan, duelua egitea erabaki zuten Realak eta Recreativok. Kalean. Herritarren aurrean. Aurretik, tabernan, epelak hartu zituen Realak. Baina Recreativok ez zuen hil. Bizirik utzi zuen. Gero, dueluan, tentsioa zen nagusi. Jarri ziren bakoitza bere lekuan. Bien artean hutsunea, hasieran. Gerora, bi bala gurutzatzeko topalekua. Edo bakarra, akaso. Jarri ziren elkarri begira biak. Eskua pistola alboan. Eutsi zioten tentsioari nolabait. Ez zen tirorik. Baina, oharkabean, Realeko tiratzaileak pistola eskuan hartu, klak, danba, eta Recreativo zerraldo. Antonie du izena. Antonie the kid.
Armada txarraren pare
Mendebalde Urruneko istorio orok behar du armada. Filmetan zintzo plantan azaltzen den hori. Gizaseme lirainak eta ederrak denak. Perfekzioa zaldi gainean. Real Union izenak gogorarazten du, nolabait, armadako zerbait. Ez litzateke izen ezegokia soldadu multzoarentzat. Izen egokiak baina, ez du izana egoki egiten.Irungo armadak lan txarra egin zuen beste behin bere gotorlekutik kanpo. Etxea ondo zaintzen badaki, baina besteen lekuetan sartzen denean, ez du asmatzen. Lehen erasoaldia ondo egiten du, botatzen du aurkarien lehenengo defentsa lerroa. Baina, gero, berea zaintzen kale egiten du. Elxen ikusia Cadizen ikusi zen duela bi asteburu. Gerrako estrategietan aditu direnek esango luketen bezala, ausartegiak dira Real Unioneko soldaduak. Ez dute arriskurik ikusten. Aurkaria berehala izutzen dutenez, pentsatzen dute borroka di-da batean irabaziko dutela. Eta lasaitu-edo egiten dira. Hortik aurrerakoa jakina da: soldadu hilak barra-barra. Bere gotorlekutik kanpo baja gehiegi izaten ari da.
Ez da 'The End'
Bukatu da filma. Azaldu dira izenak bata-bestearen atzetik. Musika lagun. Denetarik ikusi dute zaleek. Onetik eta txarretik. Hil egin dute Osasuna Almerian. Athleticeko apatxeek txiki utzi dute Santander. Antonie Griezmannek akabatu du Recreativo. Real Unioneko armada galtzaile izan da Elxen. Baina bigarren zatia izango du filmak. Eta hirugarrena, eta laugarrena, eta bosgarrena, eta seigarrena... denboraldia amaitu arte ez da amaituko erabat. Ziklo luzea da Mendebalde Urruneko filmena. Astebururo ematen dituzte, eta askok osatzen dute multzoa. Udaberrian azalduko da The End. Azkenekoan. Ordura bitartean, izango dira tiroak, hildakoak, garaipenak, mozkorraldiak eta beste hainbat kontu. Izango dira kaktusak, apatxeak, tiratzaileak eta armadak. Gozamena eta pena. Film onak, erdipurdikoak eta txarrak. Horixe baita futbola: poza eta tristura. To be continued.
Mendebalde urrunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu